www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bertso jarri guztiak
Txirrita
1886-1936, 1971

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Txirrita. Jose Manuel Lujanbio Retegi, Txirrita (Antonio Zavalaren edizioa). Auspoa, 1992

 

aurrekoa hurrengoa

Bertso berriyak
aurtengo estropadari

Txirritak jarriyak

 

              1

Bertso berriyak jartzera nua

estropadaren gañian,

itxas-gizonak alabatuaz

merezi duten añian;

aurtengu ontan enpeñatu da

jendia alegiñian,

bosti atsegiñ eman diyote

ospela zeukan oñian.

 

              2

Biba Manuel Arrillaga ta

zeren dituzun lagunak,

gauz ori ontzat artuko degu

konprenditutzen degunak;

umore onaz pasa ditugu

estroparako egunak,

danak konforme gelditu gera

bistan ikusi degunak.

 

              3

San Pedrotarrak kontentu dira

zuek egindako lanaz,

patroia ere saiatutzen zan

«Tira, mutillak!» esanaz,

indar guztiyak azaldu gabe

nik pentsatutzen dedanaz;

oraiñ deskantsun egon zaitezte

naikua jan da eranaz.

 

              4

Patroiak uju egiten ziyen:

«Fuerte arraunari tira!»,

ori aditu duten garaian

mutillak saiatu dira;

barkua txuxen eraman zuen

desio zuen tokira,

berialaxen eman ziyoten

bere balizari jira.

 

              5

San Pedro'kuak dute bandera,

Oriyo'kuak urrena,

oien ondoren San Juan eta

Donostiya laugarrena;

txit errespetoz sartu ziraden

beren arraian barrena;

au zan sekulan ikusi degun

estroparik ederrena.

 

              6

Lenengo bueltan bi segundoren

bentajan zegon Oriyo,

Manuel etzan asko estutu

gauz ori zala meriyo;

arrauna fuerte dantzatzen dute

bera jetxi ta gora iyo,

aik berdindu ta beste amalauren

bentaja atera diyo.

 

              7

Zer sentidutan itz egin dedan

konprendi zazute arren,

lenengo bueltan lau txalupa oiek

alde ziraden alkarren,

kolka-txituak ziruditela

bata bestiaren urren;

danak arraunak jaso zituzten

amaika segundo barren.

 

              8

Getariarrak ziran bostgarren,

ala enteratu naute,

eztira ola kostunbratuak

orañ dala zenbat urte;

bakoitzak bere aiekatikan

enpeñatu dira fuerte,

zer esanikan ez da oientzat,

egiñala egin dute.

 

              9

Ondarrabi'ko arraunlariyak

ziran gero seigarrenak,

gorputz tamaña ederrekuak,

franko altu ta gizenak,

soberbiyarik gabeko mutill

prestubak eta zuzenak;

despreziyorik ez du merezi

fiñ jokatzen dan gizonak.

 

              10

Pasa bezela itz egingo det,

ordena ala nuan-da,

Agiñaga'ko barriyu ori

oriyotarren muan da;

bandera billa saiatu ziran

Donostiya'ra juanda,

danen atzetik etorri ziran

norbaitek biar zuan-da.

 

              11

Eskarrik asko, Donostiya'ko

ziudade amantia,

aurten naikua egin dezute

orrenbeste ematia;

ikusirikan badaukatela

olako borondatia,

berriz biartzen baditu ere

mereziko du juatia.

 

              12

Pasadizuak ikasi ditut

aldian bizi naiz eta,

gañera berriz neonek ere

iñoiz letzen det gazeta;

ongi kostata irabazten da

oinbeste milla pezeta,

oraiñ deskantsuz egon zaitezte

olloz ta ardoz aseta.

 

              13

Agur, Manuel Arrillaga ta

konpañi maitagarriya,

zu zera urterik faltatu gabe

bost bandera ekarriya;

orantxe Kosta Kantabriyari

artu diozu neurriya,

biba alkatia Andonaegi ta

gora San Pedro'ko erriya!

 

              14

Aita-semiak, osaba-illobak,

geienak parientiak,

maisu onaren akolituak,

jakinduriyaz betiak;

gañera berriz aldamenetik

olako aiudantiak,

atrebentziya barka zazute

Pasai'ko lagun maitiak.

 

Bertsolariya,

[1931-09-20]

 

aurrekoa hurrengoa