www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bertso jarri guztiak
Txirrita
1886-1936, 1971

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Txirrita. Jose Manuel Lujanbio Retegi, Txirrita (Antonio Zavalaren edizioa). Auspoa, 1992

 

aurrekoa hurrengoa

Galai on bat
Aste ontan Txirritak jarriyak

 

              1

Kaso bat nai det adierazi

nere intentziyo fiñez,

arantza batek zulatutzen nau,

nago sufritu eziñez;

biyotzetikan maitatzen nuen

nobiya jarri zait miñez,

esperatzen det sendatutzia,

saiatuko gera ziñez.

 

              2

«Agur, etxeko-andre leiala,

nola dago Manuela?

Bart-arratsian enteratu naiz

oso gaizki daguela;

danak dakigu miñez dagonak

asko sufritzen duela,

sinista beza au adituta

pena artuko nuela».

 

              3

«Lengo batian galdetu ziran

biyok izketan asita:

Ama maitia, nobiyuak noiz

egingo ote du bisita?

Berriz ez dala arrimatuko

kasi jarri naiz etsita,

edo bestela etorriko zan

orren aldian bizi-ta.

 

              4

Juan dan berrogei egun obetan

gaxua or dago oyian,

atzo negonek lagundu eta

atera zan doi-doyian».

«Ez al niteke aurrera pasa?

Nago itz egin nayian».

«Orain lo dago, zuaz etxera

t'atoz urrengo jayian».

 

              5

Jayian juanda galdetu niyon:

«Sendatu al da alaba?».

Erantzun ziran: «Txit ongi dago,

pasa zaitia salara».

«Alimentua ekarri diyot,

artzeko moduan bada:

tori ogi bat, botill bat ardo

eta lakari bat baba».

 

              6

«Gobernatuko degu alaba

ez bizi arren aberets,

zuk ere zerbait egingo dezu,

ala pentsatzen det nerez;

salda ona ta pastel goxuak

emango dizkagu berez,

ekaitzu oiek guretzat eta

orri botilla bat Jerez».

 

              7

«Beron alabak gusto ederra

artzen badiyo Jerez'i,

eman bezaio, eran dezala,

ez nuen txarra berezi;

onek gaxuak despreziyorik

ez du nigandik merezi,

nai al du biyar ekarritzia

beste pardel bat gerezi?».

 

              8

«Borondatia badiyozula

orrek artzen duan poza,

baño gaxua fruta jateko

oraindikan ez da gauza;

zuk berriz ezer ekarri biar

baldiñ badezu onuntza:

ollanda pare eder bat eta

dozenatxo bat arraultza».

 

              9

Bere ollanda eta arraultza

allegatu da galaia,

neskatxa ere jeikita zegon

txoriya beziñ alaia.

«Iruditzen zait badadukala

zuri zerbait esan naia,

itzalditxo bat nai badezu egiñ

orantxen dezu garaia».

 

              10

«Nekez etorri ziñadelako

egondu nitzan etsita,

ez da milagro, miñez negonik

etzenduen ikasi-ta;

biyotzetikan istimatzen det

egin dirazun bisita;

al dan maizena etorri zaite,

ez daude atiak itxita».

 

              11

«Al dan geiena ebita zagun

projimuaren pobreza,

amoriyuak ekarri izan dit

zureganako nobleza;

nai al zenduke egin dezagun

Urkiola'ra promesa,

nik pagatuta San Antoniyo'n

biyok entzuteko meza?».

 

              12

«Segi dezagun biar bezela

asi genduan lanian,

gure gorputzak poztuko dira

ura bukatzen danian;

zertan kastatu birian edo

janian da eraman?

Meza ederra entzungo degu

esposatzen geranian».

 

Bertsolariya,

[1931-12-06]

 

aurrekoa hurrengoa