Bertso berriyak
1
Gipuzkoa'ko Oiartzun deitzen
diogun erri batian,
aditzera bat eman nai nuke
jende prestuen artian;
ernaniar bik nastu gaituzte
bizi giñanak pakian,
gure ausentua bertsorik gabe
disimula zitekian.
2
Zure okerrak tapatu nairik
eman dituzu pausuak,
ze engañiyo egin dirazun
jakintsun daude auzuak;
palta guziyak zuek izanda
guretzat jarri bertsuak,
zernai eginda libre dirala
pentsatzen dute batzuak.
3
Milla urte ta bederatzi egun
ogei ta seigarrenian
bizikletaren karrera zan da
ekin gendiyon lanian;
ongi zekiyen an ziradenak
nik nituela mendian,
bentaja aundirik ez artutzeko
zeorrek esan zendian.
4
Zure kupiraz izan zan mantso
orduko nere sarrera,
beti esanaz: «Zaude polliki,
gero konponduko gera!».
Iya arraira allegatuan
tsis pasa ziñan aurrera,
modu orretan nastu zenduben
bizikletaren karrera.
5
Sentimentu bat sartu zitzaidan,
betia negon neurriyan,
zergatikan zuk utzi ninduzun
estadu penagarriyan;
zitalkeriyan bi kolpe jota
pasatu ziñan arrayan,
zer pasatu zan berialaxe
jakindu zuten erriyan.
6
Eskandaluak eragiten du
munduan zenbait pekatu,
jendiak franko itzegiten du,
oraindik ez da bukatu;
erriyak zerbait eman nai zigun,
ezin gentzake ukatu,
seireun errial jarri zituzten
nai bagenduen jokatu.
7
Seireun errial ez dira gutxi
ordu batetik bestera,
pobre bat pozik balijuake
ainbeste irabaztera;
ernaniarra arro zan baño
bajatu zaigu ostera:
bakarrarentzat izatekotan
etzijuala astera.
8
Milla urteta bederatzireun
ogei ta zazpiyan gera,
aurten Zapirain txikiyak dauka
karrer'ortako bandera;
juan dan urteko txikanerua
oraiñ etzaigu atera,
berriz alperrik etorriko da
nere platetik jatera.
9
Aurten anaia ekarri digu,
bere gisako arropa,
arekiñ ere ibilli dute
talentu ainbat arrunka;
bire luzian ez du korritu,
laster jo zuan arropa,
ortan etzuan baliyo eta
gero ekin dit borroka.
10
Oien lagun bat atzerrikua
zebillen pizkor-antzian,
baño Zapirain txikiyak
lajatu zuan atzian;
iyez bezela etzaizkit pasa
arraira allegatzian,
oiek aurretik sartu balira
propinak ere bazian.
11
Oiartzun'dikan Panplona'ra juan,
andikan bueltan etorri,
ni bakarrikan aterako naiz,
zuek bi anaiak jarri;
ortan konforme ezpazerate
barka zaiogun alkarri,
gerra luziak ondoren onik
sekulan ez du ekarri.
12
Kanpora deitu, okabillaz jo,
ez al da gaizki egiña?
Ori etzuan iñork jakingo
isillik egon bagiña;
gero nik zuri makillazo bat,
biyentzat jornal berdiña,
ontzako-urria eman bazendu
naiko zenduen ordaña.
13
Borrokariya arro zebillen
iñork eziñ geldituan,
odol guziyak berotu eta
asnaska iya ituan;
kintziak bana jarrita ere
etzan kontentu kituan,
tiro-soñu bat izan zan eta
ankak dantzatu zituan.
14
Otarrek ere despreziatu
nai luke gure kuadrilla,
kontari dabill nola etxian
dadukan nere makilla;
nola eztuan asko baliyo
enaiz etorriko billa,
ankak okerrak dituzu eta
zuretzat izan dedilla.
15
Bere auzoko lagun batekin
okasiyuan zan asi,
arriyarekin petxuan jota
alare etzuan jauzi;
gallentzen asi zitzaionian
larri juana da igesi,
kontentu dago ank'oker oiek
etzizkiyonian autsi.
16
Bertsolariya txit ondo dabill
juan dan aspaldi guziyan,
estranjeriyan ibilliya da
luzaro irabaziyan;
oraindik ere orren galdia
egiten dute Frantziya'n,
lengo jornaran izan biar du
zerbait propina utziy'an.
[1927]
|