www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bertso jarri guztiak
Txirrita
1886-1936, 1971

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Txirrita. Jose Manuel Lujanbio Retegi, Txirrita (Antonio Zavalaren edizioa). Auspoa, 1992

 

aurrekoa hurrengoa

Bertso berriak
Aita San Martin de Loinaz

Beasain'goaren
bizitzari jarriak

 

              1

Bertso berriak jartzera nua

Aita San Martin Loinaz'i,

relijioso egiazkoak

ondo letuta ikasi;

zenbait bezela etzan ibiltzen

enemiguen igasi,

sinisten zuan Jesus degula

zeru ta lurren nagusi.

 

              2

Milla bost egun irurogei ta

geunden seigarren urtean,

Aita San Martin jaio zanean

Beasain'go partean,

Amonabarro deitzen zioten

baserri eder batean;

fede santua maitatu zuan

bizirik zegon artean.

 

              3

Jaio ta amar urte baño len,

bere lagunak utzita,

Ama Birjiña Loinaz'koari

egiten zion bisita;

asko bezela etzan ibiltzen

lujoz ta galaz jantzita,

arriak negar egin lezake

orren planta ikusita.

 

              4

Guraso fiñak beren semia

maite zuten gogotikan,

eskola ona eman zioten

pobre biziagatikan;

entendimentu argia zeukan

errespetozko praktikan,

artaz gañera ikasi zuan

latiñezko gramatikan.

 

              5

Len baño askoz argiago zan

gramatika ikasita;

Beasain'dik Alcalá'raño

zuan lenengo bisita;

mundu ontako gusto guziak

zeuzkan alde bat utzita,

kontentu zegon besterik gabe

zerua irabazita.

 

              6

Amazazpi urte zituanian

zan emendikan atera,

Españia'ko Alcalá deitzen

zaion paraje batera;

bere garaian allegatu zan

gero meza ematera;

ark etzuen nai iñor joaterik

deabruaren katera.

 

              7

Jesusentzako zuan Martiñek

aiñ amorio zorrotza,

jakiñik nola artu biagun

sententzia bat garratza;

ogei eta bost urte inguru

zelebratu zuan meza,

San Franziskoren istoriua

ezta ikasten erreza.

 

              8

Milla bostegun larogei eta

amaseigarren urtean,

San Franzisko ta San Martin sartu

ziran Japon'go partean,

bere lagunak anparatzea

guztizko borondatean;

oju aundiak egin zituzten

salbaje zarren artean.

 

              9

Desiaturik allegatu zan

Japon'en Aita San Martin,

ango lastimaz urrikalduta

predikatzen ziyon ekin;

bi akolito gazte-gazteak

gertu zituan berekin,

azkenerako esan bear det

zer gertatu zan aiekin.

 

              10

Arrapatuta belarritikan

puska bana kendu aurrena,

bire luzean oñez joateko

eman zioten ordena,

ta gero berriz bi lantza sartu

saietsetatik barrena;

au da geiena padezitua

Jesukristoren urrena.

 

              11

Aita San Martin mundu onetan

martirio asko pasea,

sekulan iñork ikusi duan

leialenaren klasea;

alde batera etzuen penik

bi lantzak ala sartzea,

askoz geiago sentitu zuan

Japon'en enterratzea.

 

              12

Aita San Martin Loinaz'koa zan

predikadore abilla,

Españia'tik Japon'a joana

anima galduen billa;

tormentu gutxi sufritu eta

etzan gurutzean illa,

merezi du ta opa diogu

zeruan goza dedilla.

 

              13

Irureun da zazpi urte dira

Aita San Martin il zala,

oraindik emen sumatzen degu

ark utzi zuan itzala;

beasaindarrak suplikan gaude

nai gendukenak bezela,

aizken piñean gure kontua

arren eduki dezala.

 

              14

Txit errespetoz pasa zituan

Mejiko eta Manilla,

gero Japon'en ikusi zuten

predikadore abilla;

Taikosama'ren ordenarekin

an da Nagasaki'n illa,

errezo asko egiten diot

guzaz akorda dedilla.

 

              15

Pena gogorrak pasa zituan

San Martin gizagaixoak,

azkenerako bi lantzazo aiek

etziran goxo-goxoak;

nuan denporan laztanduko nau

zabaldurikan besoak,

esanaz: «Onek jarri zizkiran

Beasaiñ'en bertsoak!»

 

[1904]

 

aurrekoa hurrengoa