Neskazar gaztia
1
Neskazar baten pasadizua
iñork nai badu aditu,
ni banegoke ixillik, baño
barrenak ezin kabitu;
berrogei eta amabost urte
gutxieneko baditu,
parragarrizko kontuak dira
ondo esango banitu.
2
Edade ortan gona motzakin,
ori da orren modua;
zazpi errial kosta omen zaio
afaitatzia burua,
atze aldeko ille guziya
bizar-labanaz kendua,
orain bistara azaldu zaigu
len gordian egondua,
garai onian abiyatu da
engañatzera mundua!
3
Dituan zimak urdindu zaizka
eta gorbata gorriya,
azeri-larru baten erdiya
dauka lepuan jarriya,
sudurra berriz oso luzia
eta begiyaz larriya,
auts-koloreko ubel batekin
amarratuba gerriya...
Poxpolo-kajan para liteke,
ain dago parragarriya!
4
Topo eginda beira jarri naiz
sorgiña zalako ustetan,
igarri niyon kristaba zala
asi zanian izketan;
nik esan niyon: «Gaur orla eta
zer ote ziñan gaztetan?».
Erantzun ziran: «Esposatzia
orain jarri zait kasketan,
nobiyo on bat billatzen dedan
or izandu naiz festetan».
5
«Beraz, neskatxa, gazte denboran
gogorik ezta izandu?».
«Ez komenentzi aundirik ere
—erdi negarrez esan du—;
okertu nitzan batekiñ eta
geroztik ez naiz zuzendu».
«Komenentzi bat jarriko dizut,
ontzat artuko bazendu:
ni ere oraindik soltero nago,
nai'zu nerekiñ ezkondu?
6
Nik edadia aitortuko det
bautismuan dan bezela,
jendiak esan ez dedan iñor
engañatzen gabiltzala:
irurogei ta beatzi urte
alde xamar gabiltzala».
Ark eman ziran errespuesta
neretzat franko itzala:
gero egongo giñala, baño
bastante zarra nitzala.
[1929]
|