www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bertso jarri guztiak
Txirrita
1886-1936, 1971

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Txirrita. Jose Manuel Lujanbio Retegi, Txirrita (Antonio Zavalaren edizioa). Auspoa, 1992

 

aurrekoa hurrengoa

Bertso berriak
(Europa'ko gerra, 1914-1918)

 

              1

Bertso berriak jartzera nua

tokatzen dian moruan:

pentsamentuan aspalditxuan

pasia naukan buruan,

nola gerra bat izugarriya

Europa'n izan genduan;

orain artian orlakorikan

ez da ikusi munduan.

 

              2

Au da Kaiser'ek lendabiziko

eman zuan erasua:

Beljika'tikan zala arentzat

guztiz bide erosua;

pasa besela itzegingo det

aien orduko kasua:

armarik gabe juan nai bazuten

agindu ziyon pasua.

 

              3

«Austria'tarrak anparatzera

egin biagu bisita,

an ez genduke ongi emango

armak etxian utzita;

birian libre biarko degu,

egon zaitezte etsita,

bestela fuerzan pasako gera

zuen fuertiak autsita».

 

              4

Beren armakin etorri ziran

ainbesteko jende-pilla,

asi ta iru egun baño len

nunai bazan gizon illa;

txasko polita pasa zitzaion

izanagatik abilla:

alanbre batek galdu zituan

gutxienaz ogei milla.

 

              5

Galduak galdu pasa ziran da

urbildu ziran Paris'a,

kañoiak onak zeuzkatela ta

artuko zutela aisa;

baño bueltatzen etzan erreza

ango zarrallaren giltza,

arrunka pranko bazuten baño

orain bajuan dabiltza.

 

              6

An ezer ezin egiñ zuan da

Berdun'en berriz urrena:

«Gero Paris'a juango gera,

au artu zagun aurrena!»

Jeneral Petaiñ sartu zanian

ango fuertian barrena,

etzuen asko errespetatu

Kaiserren seme zarrena.

 

              7

Jeneral Petaiñ nola baizuan

presidentiak laguna,

idea aundiko gerra-gizona

eta izketan leguna,

Rusia'tikan abisatuta

ekarri zuten Berdun'a;

alemanentzat etzan ederra

ura sartu zan eguna.

 

              8

Zepelin asko bonbak botiez,

nonai kañoia-paria,

aiek guziyak sostenditzeko

bazan abillidadia;

jeneral Petaiñ genduen buru,

arrek zeukan poderia,

oraiñ argatik deitzen diyogu

Berdun'en salbadoria.

 

              9

Orduko salsak izandu ziran

Kaiserrentzako gaziyak:

milloi erdi bat gizon baditu

gure lurrian utziyak;

Berdun'en etzan kanpotar asko,

prantzesak giñan gaziyak;

onenbestian kontentu gera

Jaungoikuari graziyak.

 

              10

Aleman oiek larri zebiltzan

jo goia eta jo bia,

lan ortan asi izan ez balitz

guziyentzako obia;

geren etxian agindu naia,

jakiña dago guria;

aziyuetan ezagutzen da

non dan abillidadia.

 

              11

Millaka minak itxasuan da

ainbeste urpeko untzi,

markaz fuerako kañoi aundiyak,

beren zepelin da guzi;

Kaiser jaun orrek jarri nai zuen

mundu guziko nagusi,

geienak bertan utzita jun zan

Olanda aldera igesi.

 

              12

Berdun'en ezik Melilla'n ere

egin du orrek beria:

ango moruak bialdu ditu

auntzak bezela mendia;

iñoiz umillak asarretzian

arruak bajatzen dia,

eskarrik asko, jeneral Petaiñ

eta Praintzi'ko jendia.

 

aurrekoa hurrengoa