www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bertso jarri guztiak
Txirrita
1886-1936, 1971

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Txirrita. Jose Manuel Lujanbio Retegi, Txirrita (Antonio Zavalaren edizioa). Auspoa, 1992

 

aurrekoa hurrengoa

Ezkioga'ko agermenari
Txirritak jarriyak

 

              1

Arrantzale bat niganatu da

gizon prestuaren gisa,

Ezkio'n dagon ausuntu ortaz

kantak jarri al banitza;

itxas gañian omen darama

bere munduko bizitza,

biyotzetikan maitatzen ditu

Jaungoikua ta Eliza,

arren negarrak urrikalduta

baietz eman diyot itza.

 

              2

Izugarrizko pasadizuak

jaun orrek dizkit kontatu,

orañ pena det ez nituela

paperian apuntatu;

eziñ kontala jende nola zan

Ezkiyo-mendiñ juntatu,

pobre ta aberats danak nastuan

errezatu ta kantatu...

Aurten bizirik gelditzen dana

izan liteke kontentu.

 

              3

Ama Birjiña datorrenian

ikusten dute batzuak,

berari beira gelditzen dira

zabaldurikan besuak;

gezurra dala kontari daude

gaxto soberbiosuak,

badirudite ardi leiala

jaten dabiltzan otsuak,

eskarmentua sartu deiela

gure Jaun amorosuak!

 

              4

Askotan ara juaten zerate

sinismenikan gabiak,

desanparatu nai dituzute

Jesukristoren legiak;

zuek desio dituzutenak

ez dira askoz obiak,

modu orretan bajatutzia

ez du merezi fediak,

milagro on bat egingo digu

zeru lurraren jabiak.

 

              5

Nik sinisten det Jesus dagoela

altueneko graduan,

ta Ezkio'ko kontuak ere

kasik alako moduan;

ori txantxetan etorri danik

ez iñork artu buruan;

Ama Birjiñak ikusi arren

jende asko inguruan,

oiek ez dute apuratutzen,

geiago dago zeruan.

 

              6

Ama Birjiña askok ikusi

Ezkioa'ko larrian,

jendea franko juntatzen zaio

iñoiz iñulabarrian;

ankak jartzeko tokirik iñork

eziñ billatu lurrian,

Zumarraga'tik beraxiago,

Ormaiztegi'tik urrian,

Andua deitzen zaion tokiyan,

Santa Luzi'ko aurrian.

 

              7

Oraindik ere enpeñatzen da

gu salbatzeko lanakiñ,

sinistamen bat egiyazkua

jarri nai luke danakiñ,

bire txarretan gabiltzalako

sentimentu ta penakiñ,

gaxto guziyak gonbertitzera

bere ejenplo onakiñ,

gaurko eguneko batzuek baño

luziagoko gonakiñ.

 

              8

Orren semiak ez balu egiñ

amoriyozko bixita,

gaur oraindikan egongo ziran

zeruko atiak itxita;

zenbaitek gogor egiten digu

ori esaten asita:

«Guk ez dizugu sinistatuko,

ez genduan ikusi ta!».

Orrelakuak egon litezke

beren animaz etsita.

 

              9

Amak badaki zerengatik zan

Jesukristoren bixita,

nola jakintsun ez da egongo

berak egin ta azita?

Kulparik gabe eman ziyoten

zenbait kolpe itxusi ta,

biyotz erdibi egin liteke

arren planta ikusita;

Kalbariyoko mendiyan ill zan

gurutz batian josita!.

 

              10

Jesusen Ama maitagarriya,

aingeruen erregiña,

zeruan sartu obe genduke

inpernuan erre baña;

gauz ori guri adierazten

bazabiltza alegiña,

bera jetxita, negar egiñaz,

ain dezu jeniyo fiña;

guziyak ongi konbertitutzen

badaukazu zer egiña!

 

              11

Españi ontan bizi izan naiz,

iñoizka juanaz Frantzia,

ni neoni're zabarkeriyan

urtia franko pasia;

gorputza ala dabillenian

animak daukan trantzia!

Gazte denborak aldegiñ ziran,

allegatu zait zartzia,

ondu nitzan da esperatzen det

zeruetara sartzia.

 

              12

Urtian beingo konpesiyuan

zabartuxia neguan,

Donostiya'ko jesuitetan

izandu nitzan lenguan;

beldur-beldurrak arrimatu naiz

Padre zar baten onduan,

galdetu ziran zer estadutan

ibilli nitzan munduan...

Bi aguriak ordu erdi bat

gustora pasa genduan.

 

Bertsolariya,

[1931-11-08]

 

aurrekoa hurrengoa