www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Nere bidean
Emeterio Arrese
1913

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Nere bidean, Emeterio Arrese. E. Lopez, 1913

 

aurrekoa  

GORA BIOTZAK!

 

                Donostiya erre zanetik eun urte buru

 

                Donostiya-n 1913-ko Uzta-n izandako

                batzaldiyan lenbiziko sariya irabaziya

 

 

                  I

Errudun gaxo batek lezaken

eraz jasorik biotz nerea

auzpez nik orain eskatzen dizut,

zeru ta lurditz onen jabea,

goitizlari on eskerdunari

demaiozuken argibidea.

Betor, betorkit sapai urdingo

asnas illezkor laguntzallea,

otoitz ordañez erantzun ori

bigal zaidazu, Jaun Egillea!

Lañu goiztarrez oi dan bezela

goronz banatzen likurt ezea

eresi leunaz jaso nai nuke

gizaldi baten oroitz maitea.

 

Mendi zut, itxas, osiñ beltz, itur,

arizti, saroi t'emengo beste

sortitz oroen almen gordeak...

ernaldi batez mugi zaitezte;

jardun, eta lei omengarrien

alaitasunaz itz oiek bete!

Goronz biotzak; jai eder ontan

lengo gau illun, lengo naigabe

larrien ordez zori guziyak

berdin gabeko poza dakarte!

Indar-ba, gogoz mendi-kolkoak,

jardun oyarka ler egin arte,

t'omen-ots oiek nere muñetan

irudi-garra piztu bezate!

 

 

                  II

 

Poztu gintezke, bañan ez dator

poz au min gabe pozkid'ostean,

malko larrien gai samiña du

jai aundi onek bere sortzean.

Bizitz osoen iraupenagaz

oroituko da gure lurrean

gaur eun urte gertatu zana

nagusi zegon uri xarrean.

Egintz makurra!; nork ez iduki

gogo ta biotz bar-barrenean;

nork ez oartu laiozgarrizko

ondamen ura gaurko egunean?

Iñor t'ezeren kezka txar gabe

zeudelarik lo bete-betean

turmoi-eztanda bezin ots gogor

durduritsu bat gau illunean

entzun ondoren erritar aiek

arkitu ziran ustekabean

lagun ez bañan erasotzeko

griña zekarten etsai tartean;

t'etsaikeria gau artan ala

orro naspillaz ari zanean

utsun beltzetik sortze gaizto'n bat

irauli zala esan zeikean.

Ordu samiñak, ordu luzeak...!

Ta zer itxaron era batean

baldin bazeuden zeru ta lurra?

Noralde bat nun? Goi aserrean

danbateko latz izugarriak;

laido t'ilkintza baizik ez bean!

 

Oldartze bidez, jo ta burruka,

erdu zanetik etsai-jazarra,

anai gureak zer doakabe!

itxumusturik an il bearra.

Ojuka lertzen alkarren billa;

aztar onik ez; gud'otsabarra

belarrondoan, t'iñoiz antsizko

erantzun eri bakar-bakarra!

Ama gaxoak umeai deika

beren karraxi ta deadarra

egin aldiro... bertan gaubaren

errai beltzetik lezaundi-tarra

sortu liteken eraz irtenda

an zetorkien gudari-tzarra

odol iturri biurtu zale

aurtxoen askai zegon bularra.

Ergal, gago, ta seinduen aldez

azkortu arren gazte zangarra...

alper-alperrik!, eskutsik eziñ,

eziñ osatu besoko indarra.

Goibel alderontz ikaragarri

gallendurikan sua ta garra

zati gorien labe zan, laister

Gaztelupe-ko Donosti zarra,

t'irakiñezko zurrunbilloaz

gainka zebillen itxas-aparra.

Gogamendurik arratz artako

sutori bizi t'illundenarra,

eriotz-ardall, istillu gorri,

ango zorigaitz t'ango negarra...

ez dakit, ez, nik zenbateraño

madarikatu guda-zakarra!

 

Jaun leyal batzuk izanik buru,

laguntzemalle gure Goikoa,

begiyak lauso, asnasa larri,

txinpart-arrotze t'arerioa

zegon aldetik irten zan estu

taldetxo bakan gizagajoa.

Bizigaindu soill errukarriak

igarotako aldatz aroa,

nork adirazi...? o! mutu bego,

bego sor nere itz-arazoa,

ango nekien esangarritzat

egokigo da negar tantoa.

Eriotzaren itzal astuna

berekin zeukan arrats gaiztoa

noizbait arindu t'egun berriyak

zekarren garaiz bezte giroa

nabaitu zuen zubietako

Aizpuru-tarren baserritxoa.

Etxe kondaira'r ospetsu artan

bildu ziran, ta beren gogoa

an indartu zan txit agitz urte

geien zituan aiton zintzoa

jardun zanean esanaz: —«Arren!

il diranentzat otoitz beroa

egin lenbizi; gero kementsu

osaturikan degun asmoa

errautsetatik uri berri bat

politez len zan baño aregoa

jaso zagun ta geron egintzaz

alaitu bedi gure kolkoa».

Iritzi oni beste lagunak

bertan emanik baimen osoa

egun ark dakar Donostiyaren

etorkizun goi-goienekoa.

—Zaindari leyal maite-maiteak:

nere biotzak daukan naigoa

beteko badet sapai urdiñdik

bertena dagon Euskal-basoa

gai billa igaro t'ondoren pozaz

ezti dariyon oroitz gozoa

itz apur oien bidez jasorik

eskeñitzera gogotsu noa!

Agur, agur Jaun Argidotarrak

entzun agurka lur t'itxasoa,

sort'ots onegaz beti-betiko

urrundu bedi guda-zantzoa!

 

 

                  III

 

Ua Basojaun, aztandu ari!

ez dek iretzat Euskal-erria,

onek ez dik nai entzun geyago

algara likits izugarria.

Alde-ba ernendik; leitza zuloan

bego biraudun orrolaria;

alde lenbailen, erdu zaigu-ta

Maitagarri-ren goit'eresia!

Lurditz osoan banatzeraño

berri-onaren pozezko aria

ega bizkorrez txit gallen, aisa

jasorik izen omengarria

mendirik-mendi, ibarrik-ibar

aupa!-ka dabil oiartz aundia;

t'oiartz ori da gaur Donostiko

zorionaren mandataria.

Gogoz arturik Zubieta-ko

batzargillien erakutsia

ondorengoak aurrera beti

eramanikan lengo iritzia

beren jarraitzaz gallen t'argiro

ara nun duten Uri berria,

ara zer txukun; osagarritzat

erregiñ baten apainduria

soñean dauka, oñetan berriz

itxas-bits arro txuri-txuria

muñ emateko guraz amilka

urbiltzen zaion apar garbia;

illargi betez jausten danean

gabiro leun zoragarria

Aitormendiko alabak udan

ortxe daukate jolas-tokia.

Amesgillerik obenak ere

naiz lotan piztu bere irudia

naiko lan iñoiz ikusten beste

aiñ uri polit arrigarria.

oroitz maitien kutxa dontsua,

argi darion poz-iturria,

zeruko irripar alai, urdiña,

zeru-ber-bera, o, Donostia!,

bear dan ainbat zu goititzeko

ipiñigatik arret aundia

arret utsaz, ai! ezin iritxi

luma nar baten goititz-aldia.

 

Auñamendiko tontorrak eta

Erniyo, Buruntz, Alar, Aizkorri,

artzai-mutillen oyu zoliaz

agurka daude Donostiya-ri;

baserrietan amona xarrak

seask'alboan «lo, lo» kantari

gaurko eresiaz aurtxoai amets

egiñ-erazten, amets on ori

gerora noiznai oroitutzean

izan dezaten biotz-algarri.

Ingurutatik ara,... badatoz

pakezko zenbait irrintzilari

agertz alai bat emanik orla

beren barruko jai aundiyari.

Begira berriz goiko basotik

orain sortu dan taldetxoari;

lore-sail eder bizi bat ere

egokiago ezin etorri;

nesk'aratz mardul muxu gorriak:

zuen aizpegan arinka jausi!

Anaitasunez guziok emen

adirazirik poz au alkarri

irteer'on bat eman zayogun

gure animako atsegiñari.

Zabiltz euskaldun txistularia,

jo gogoz, ekin «Baso-dantza»-ri;

aupa, mutillak!, iji-ojuka

fest'oyu t'abar, arin, biyurri,

pozaren-pozaz gau-ezkill'arte

jardun gazteak, buru-belarri.

Gora ta gora guraso zarrak,

gora Donosti, omen berari;

izen maite au esker-otoitzaz

zerutaraño iritxi bedi!

aurrekoa