www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Nere bidean
Emeterio Arrese
1913

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Nere bidean, Emeterio Arrese. E. Lopez, 1913

 

aurrekoa hurrengoa

BASOTAR BATEN KANTUA

 

Itxas aldeko mendi-gaiñ au da

aritz ta pagoz betea

nere jauregi basakoya ta

ni naiz emengo erregea;

txakur ernai bat ondoren daukat

arrotzen zanko zalea,

ori da nere lagun leyala,

aizkora berriz legea.

 

        Ni gaur bezela nere

        guraso zarrak len

        egatz ugariya dun

        arrano abillen

        antzera loki gabe

        beti-beti gallen

        jayotzetik il arte

        izan ziran emen.

 

Bear bezela gorderik zintzo

aien obi zar goituba

arkaitz ondoko baso beltzian

darukat bizi-lekuba;

errezago da noski tontor au

indarrez neri kenduba

beiñ izan baño len ikustia

tximistaz purrukatuba.

 

        Irrintz alai egiñaz

        udara ta negu

        nere deadar otsa

        mendiyak maite du;

        ez da bere kolkoan

        ez da, ez, uju-ju!...

        lagun detan ekaitza

        besterikan sartu.

 

Kopet illundun arrotz ergala

griña gaiztoaz panparroi

oyu t'erronkaz iñoiz bezela

a, gizajoa!, betor, bai;

betor, eta naiz ondoren izan

uritar beste mill'etsai

guzik batian ez dira nere

erasoaren diña gai.

 

        Betor, betor, albadu,

        betor onuntz gora

        txakur salatiya ta

        ni gauden basora;

        baldin igoko balitz

        an luke lepora

        jaso t'eskuban zorrotz

        daukatan aizkora.

 

Emen ez dago mendi gañean

or bean ainbat azari,

emen legeak gordetzen dira

zelayan ez bezin garbi;

negubak ere jazten baditu

elur-lumaz txuri-txuri,

elur au bean loi biurtzen da,

goi ontan berriz iturri.

 

        Gizon argi t'aundiya

        bere ustez izanik

        zelaitarrak basoan

        aldu zer egiñik?

        Aritz lodi tartean

        iñolaz oraindik

        makal-enborra sortzen

        ez det ikusi nik.

 

Or bealdeko gezur-zuloan

dabillen etsai-taldea

ezin liteke izan beñere

euskal-mendiyen jabea;

jakin bezate, jakin arrotzak

il arte beti nerea

izango dala bai, erru pola!

baso beltz eder maitea.

 

aurrekoa hurrengoa