www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Nere bidean
Emeterio Arrese
1913

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Nere bidean, Emeterio Arrese. E. Lopez, 1913

 

aurrekoa hurrengoa

BEAZUN TANTOAK

 

                Ameriketan idatziak

 

                I

Euskal-erriya urruti dago,

t'urruti gazte denbora;

oroitz maiteak, zertan zatozte

gau t'egun nere gogora?

 

                II

Agur Erniyo, agur Zelatun,

agur, agur Mendikute,

alperrik orain amets-egoak

zuengana naramate!

 

                III

Len bizi neukan irudimena,

alai ta bero biotza,

orain... buruan, sormiña daukat,

kolkoan berriz izotza.

 

                IV

Galdetzen dute zergatik nagon

aiñ bakar mutill-zarturik;

ez du txoriyak iñoiz egiten

elur gañean kabirik!

 

                V

Oso maitetsu nerekin parrez

zegona orain punttuan...

ara zer triste, begira nola

ixil-ixillik daguan:

ai! nere maite zoragarriyak

nor ote dauka goguan...?

 

                VI

Amoriyozko erle batek beiñ

—ezdet nai esan izena—

lenengo aldiz ikutu ziran

eztiro biotz-barrena;

zorigaiztoan!; ez nuben uste

neretzat orren zekena

nik aiñ oparo maitatu eta

izango zanik azkena.

Gaur erle polit aren ordeaz

errukirik ez dubena

biotz nerean zorrotz darabill

listor beltzaren eztena.

 

                VII

Ill eta gero beti lurpean

egon bearko detala

gogoraturik erne zait oso

kezka txar baten ikara;

utsa litzake nere begiyak

itxi eta beriala

zentzurik geigo izango ezpanu;

baña... lur otzian ala

bildur naiz egon ote niteken

ni neronek dakiala.

Ez, ez, gerora sinistu nai det

bizitz obea badala!

 

                VIII

Ama gaxoa nere galdezka

mundutik zeru garbira

azken-laztana nik eman gabe

igo zala bi urte dira.

Ene!... zer illun arkitzen detan

umezurtzaren lurbira;

argatik nabill itxuen eraz

beti zerura begira!

 

aurrekoa hurrengoa