www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Nere bidean
Emeterio Arrese
1913

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Nere bidean, Emeterio Arrese. E. Lopez, 1913

 

aurrekoa hurrengoa

EGUN-SENTIKO POZAK

 

O, zer gauz ederra dan

goizean goizetik

udaran jeiki eta

makill bat arturik

mendiyan ematia

jiratxo bat benik;

ezta munduan izan

ez orain t'ez lendik

orrek demaigun baño

poz aundiyagorik!

Ipar-aize leuna

likurtaz beterik

gure kolkora dator

lorien tartetik;

baxtar guziyak daude

intzez apaindurik,

urdiñ-urdiñ zeruba,

pipirrika txorik,

eguzkia-re parrez

Izazkun-gañetik;

maindire bat bezela

goronz arroturik

lañu txuri goiztarra

erreka zulotik;

jolasean amilka

iturritxo garbik,

emen arros pollitak

an krabeliñ gorrik,

nunai zori ona ta...

txar bat ez iñundik.

Onezkero gauz oiek

ikusi nitun nik

baldin ezpalirake

—t'ez det beste penik—

ni jekitzeko izango

gutxinaz amabik.

 

aurrekoa hurrengoa