www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Nere bidean
Emeterio Arrese
1913

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Nere bidean, Emeterio Arrese. E. Lopez, 1913

 

aurrekoa hurrengoa

AMAITU BEDI GUGALDIA

 

Zorionik ez, kezketan beti

negarrez ama trixtia;

indar aundiko seme galantak

—a, zer gudari-taldia!—

etxetik... nora! irten dira ta

bilusik dago etxia.

 

Nabaitu nayaz bere semeak

daramakiten bidia

Ieyatillatik... urruti dauka

begirakuna josia.

Gero... malkoen lauso beroaz

illundu zaio guzia!

 

Inguru soilla, mutil koxkor bat

oraindik oso gaztia

ama gaxuak besarkatzen du

esanaz: «nere semia,

zure anayak irten dira ta

erregu zazu maitia!».

 

Baña umeak bere aditza

nolabait ere ordia

ezdaukat ori esagutzeko

arena bezin argia,

«amatxo, —diyo— gose nago-ta

ekarri bezait ogia!».

 

Lenaztik etzan egon beñere

baserri ain arlotia,

etziran iñoiz labur arkitu

ormai eta sukaldia;

arto-zati bat beste gauzik ez

orain malkotan bustia!

 

Gogor jausi da negu beltzaren

eraso zatilaria

bere listorraz sumiñdutzera

biotz barrengo zauria.

Nork ez negartu bakar gaxoen

izaro kupigarria!

 

Lagatz gañeko kear-zulotik

txistuka dator aizia,

t'onek an iñoiz arrotzen duan

auts-peko txingar bizia

baño bizi ta sumiñago da

amaren malko larria.

 

Geroztik ez da beñere jardun

bord'inguruko txoria

tantai gañetik pozez agurtzen

len bezela goiz-argia...

Ekaitz alditan nayago du ark

zuaitza baño larpia!

 

Ergal maitien jabe dabiltz or

otzikara ta gosia

gero ta geigo miñeriturik

alargun doakabia.

Eskerrak emen utsik ez dagon

iñoren borondatia.

 

Gajuak orla igar'ondoren

negarrez urte luzia

gau t'egun antxe bakar-bakarrik

laztanduz batak bestia

azkenerako noizbait badator

zerbaiten albiristia...

 

Mendi tartian ezkutatzera

dijoala eguzkia

seme bakar bat amarengana

egiñaz pauso geldia

goiberaturik or etorri da

urrundu zana zutia.

 

Alper-alperrik amak dagio

beste anayen galdia;

il ziran!... t'orain oni bakarrik

etsaien jazarraldia

azkendu garaiz iritxi zaio

etxeratzeko zoria.

 

Nola bada zerk poztu lezake

oien biotz barrunbia;

zeñek erazi ama semien

ezpañetara irria?

O zer astuna beroiek orla

daramaten gurutzia!

 

Agintariak: etzazutela

beartu geigo erria,

maite zazute ziñez ta benaz

txiro dan maitagarria!

Arren! odolez ez bei orbandu

euskeldunen jatorria!

 

aurrekoa hurrengoa