www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Nere bidean
Emeterio Arrese
1913

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Nere bidean, Emeterio Arrese. E. Lopez, 1913

 

aurrekoa hurrengoa

URRUTI!

 

                Pello-ri bere «Amatxo laztana» irakurri ta ondorean

 

Zure bertsotan gogo guziya

neukala bart arratsian

oyeratu ta loak maitaro

laztandu nindubenian

amets alayen indar gozoaz

laister zurekin batian

arkitu nitzan pozkidaturik

«Amatxo»ren magalian.

 

Bañan ametsak dakarren poza

izanik aiñ igeskorra,

izanik aren ondorengua

egi latz oso gogorra,

esnatu naizen aldi beretik

negar saminez, ai! orra,

nola ordaintzen ari naizen gaur

Amari diotan zorra.

 

Ego labur-dun txorikumeak

bere kabiya bezela

nik ere noizbait aldi txoroaz

seazka bigun epela

utzi nuan ta, gero... nork esan

emengo bizitz ergela

amari deika aiñ errukarri

igaro bear nubela?

 

Emen ikusten diran gauz asko

alayak izan litezke,

alayak emen goi-urdiña ta

ugarte pollit au ere;

bañan oparo zeru ta lurra

naiz parrez arkitu, nere

biotz gaxua oien tartian...

illun dago, doakabe.

 

Ta zaill izanik arunz joatia

berriz maite arengana

ez dakit zer dan eziñ orregaz

petxura sartu zaidana;

alaz guztiyaz zerbaiten poza

iritxi leike nigana

baldin zuk egin albazenduke

nik orain ezin detana.

Zoaz, Pello, zu, besarkatzera

zai dagon Ama laztana!

 

                                Habana-n 1906-ko urtean

 

aurrekoa hurrengoa