www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Nere bidean
Emeterio Arrese
1913

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Nere bidean, Emeterio Arrese. E. Lopez, 1913

 

aurrekoa hurrengoa

NEKAZARIEN BIZITZA

 

 

              I

 

Ikusirikan zenbait uri-tar

nola gaur dan egunean

ardurik gabe jolasten diran

oso jolaskai txarrean;

ikusirikan buru-belarri

orrela dabiltzanean

beren poz eta zabarkeriaz

etsai abillen mendean;

gañera berriz beste geyago

arkiturik emen bean

gure izkuntza t'oitura zarrak

erabat utzi nayean,

aserre latz ta naigabearen

bidez nere barrunbean

zorigaitz asko mugitzen dira

su ta garrezko labean.

Askotan ume zital oriek

nabarmentzen diranean,

ain gizon txiki narrak izanik

ustez gallen daudenean,

nekazariai par eta musin

egiten diztenean

esanaz oyek bizi dirala

jakinde motx illunean,

ez dute nunbait oartzen asko

gaur berak dauden lurrean

gure aitonak nola ziraden

guraso zarren legean

anaitasunez elkarturikan

jarraitzen beti lanean,

une soill batzuk izan ez gedin

gero, etorkizunean.

 

Nekatu arren oneresirik

lurrak dernaion aldia

baserritarrak alai dariyo

izerdi-patz ugaria.

Uri-ots ordez udaran txori

t'iparren sort'eresia

entzuten daki lagun ditula

itur-goi ta kerizpia;

garbai apurrik batere gabe

dararna bizitz guzia,

ta jai egunez arturik beste

atseden osagarria...

ia zer pozkidaz, arin ta lasai,

mendi-mutil egokia

laister-bidetik Otoitz-Etxera

jaisten dan gogoz betia.

Eta nork ez du bean ikusi

aiton buru soill argia

kolkoan gañez erakutsirik

alkandor txuri-txuria

bere kopeta bezin simurra

t'au bezelaxe garbia?

Nori ez erne biotz-barruan

poz aundi baten zoria

oraindik emen ezpada galdu

euskeldunen jatorria?

Argatik nere goitiz jardun au

izanik lei ongarria

Emalleari eskatzen diot

muñetan irazekia;

argatik orain ezpanaiz ere

daidun bertsolaria

abestu nai det nola bizi dan

emengo nekazaria.

 

 

              II

 

Egun argitzez ezkillak zintzo

banaturikan doñua

ots leun batez dakarrenean

goizeko dei eretsua

gogoz erne ta jeiki da lasai

nekazari doatsua.

 

Idikitzen du leyatil xarra,...

urdiña dago zerua,

odoi mordorik batere gabe

guztiz alai paketsua,

mendi-gizona begiratzen dan

auski edo ixpillua.

 

Atsegin aundiz orla beterik

lanera zuzen dijua,

aldiro bere auzo-lagunai

egiñaz agur-ojua

t'iñoiz basoak oyartu dezan

zortziko zarren kantua.

 

Ala zeruban asten danetik

sortzen argi-errañua

t'arratseraño nabaitu arte

ezkillen otoitz-ordua

alegiñean ari da beti

baserritar indartsua.

 

Izerdi tantoz orniturikan

alortegi ta sorua,

ia, zer pozkidaz begiratzen dun

gerora txukun landua!

Euskeldunentzat ariñak dira

atxur ta golde pixua.

 

Orrengatikan berak darama

bizitz alai erosua;

orrengatikan etxe-ganbara

t'orrengatik ikullua

dakuste naro jankayez ura

t'au bei sallez osatua.

 

Arrats aldera zerbait illuntzen

asten danian basua,

urruti jeisten dijoan garaiz

eguzki nabar sutua

lantegitikan etxeratzen da

baserritar nekatua.

 

Illunabarrez bildurik antxe

señire-talde osua,

amona ximel ume zalea

t'aiton buru soill zintzua...

uraxen da, bai, zorion gaña,

ura bildera gozua!

 

O, zer oparo arkitutzen dan

lengo nekez ordaindua

sentirik xamur espaiñ tartean

sentirik aiñ eztitsua

sukaldetxoan bere zai dauskan

maite bakoitzen muxua!

 

Aitonarekin jolasten oi da

mutiko ernai sendua,

ondoren daude seme galantak,

t'amona xar bat, gajua!

«lo, lo»-ka bertan egin-erazten

aurrari amets goxua!

 

Gero mayean alako seindi

maiteaz inguratua

osagarri ark demaion gogoz

artzen du bere lekua:

zillar ontzirik ez dago mayan

baña bai aritz-kaikua.

 

Oitura dan lez amaitutzean

gaberoko jatordua,

otoitz eder bat egin ondoren,

lasai, gozakirotua,

lotaratzen da nekazariya

eskerturik Jaungoikua.

 

 

              III

 

Orla goizetik arratseraño

lipar gaizto bat eratu gabe

orla bizi da nekazariya

askai txarretik urrundu zale;

bekaitz, ondamu, loikeria ta

gorroto beltza nunai dalare

mendi-gizonen biotz garbira

lizunik ez da sartzen beñere:

Bizitz ontako gauza guzien

gañez an Goiko-Jauna du maite.

 

Zergatik ori:? menditar ona

ark dalako ziñez gaindua,

ez dagolako zenbait bezela

arrokeriyaz itxumendua.

Zorionaren indarrez ala

goronz jasorik biotz osua

maitetsu t'apal bizi da bere

doai guziyaz pozgirotua,

Eusko-tar ona, zu zera beti

Aitor-en seme garbi, dontsua!

 

aurrekoa hurrengoa