www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gudu espirituala
Silvain Pouvreau
1665

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Gvdv espirituala, Silvain Povvreav. Chez Claude Avdinet, 1665.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Bertuteen ardietsteagatik
onetsi behar direla
gudukatzeko okasione guziak,
eta are maiteago behar direla
nekhe geiago ekhartzen dutenak

 

HOGOI ETA HEMEZORTZIGARREN
KAPITULUA

 

        Eztadukat aski dela, ene alaba, zu ez ioaitea ihes bertutearen ardietsteko eskhaintzen zaiskitzun okasionei; baina nahi dut zenbait aldiz zoazin hekin bilha, eta bethi allegeraki besarka detzazun ageri diren bezain laster, prezio eta balio handitako gauzak balire bezala; eta zure sensuei higointzenago zaistenak iduki detzatzun maiteagotzat eta preziosagotzat.

        Hori eginen duzu Iainkoaren laguntzarekin batean, emaitera noaskitzun konsiderazioneak ongi finkatzen baditutzu zure bihotzean.

        Bata da, okasioneak direla bide araueratuak, bat eta premiazkoak bertuteen ardietsteko. Handik heldu da Iainkoari eske zagoskanean diskitzula bertuteak, hekin ardietsteko bideak ere oraino eskatzen zaiskola: bertzela zure othoitza alferrik lizate, eta zure kontra minzo zindeske, eta Iainkoa tenta ziniro, zeren komunzki eztu pazienzia emaiten tribulazionerik gabe, ez eta humiltasuna mespreziorik gabe.

        Orobat erran diteke bertze bertute guziez, zeinak duda gabe ardietsten baitira hartarakotzat handiro heltzen zaiskigun kontrako kasuez, eta hargatik hanbatenaz behar ditugu maiteago eta gogarago izan, zenbatenaz penagarriago baitira, zeren inkontru hetan egiten ditugun akzioneak balentago dira eta bortitzago, eta bertutearen bidea aisekiago eta prestikago idekiten deraukute eta zabaltzen.

        Hargatik diren okasionetarik xipienak, nola gure nahiaren kontrako begiztatze edo hitz aurtikhitze bat, prezatu behar dira, eta eztitugu utsi behar hekin gainean zerbait hari gabe gure aitzinamenduko; zeren hetan egiten ditugun akzioneak uzuago dira, flakoago direlarik, bertze kontuzko nekhetasunetan egiten ditugunak baino.

        Bertze konsiderazionea lehen ere ukhitu dudana da, gertatzen zaiskigun gauza guzak Iainkoaganik heldu direla gure hobeagatik, hetarik probetxu athera dezagungatik.

        Eta erran eztitekelarik gauza hetarik batzu, gure faltak edo bertzerenak izanez, bertze lekutan erran dugun bezala, Iainkoaganik heldu direla, iakinik eztuela bekhatua nahi, badarik ere Iainkoaganik dira, zeren utzten baititu gertatzera, eta ezpaititu trabatzen, traba detzakeielarik: ordea gainera heldu zaizkigun aflikzione eta pena guziak, edo gure faltaz, edo bertzeren gaixtakeriaz, Iainkoaganik dira eta Iainkoarenak dira, ikusirik hekin lankide dela, eta berak nahi ez lukeiena ethor ledin (zeren baitaduka haren begi guziz garbiek neurrigabeki hastio duten itsuskeria) nahi duela hura paira dezagun handik athera dezakegun aitzinamenduagatik, edo estalitik dagoskigun eta eztakiskigun bertze zuzenezko arrazoinakgatik.

        Eta halatan, segur baino segurago bagare Iainkoak nahi duela gogotik paira dezagun zer ere trabaillu ethorriko baitzaizu, dela bertzeren gaizki eginetarik, dela ere gureetarik, erraitea (hainitzek bere pairugabearen nolazpait estaltzeko erraiten duten bezala) Iainkoak eztituela nahi gauza gaizki eginak, aitzitik hastio dituela, ezta bertzerik, lekhat aitzakia alfer batez bere hobena estaltzea, eta Gurutzeari gibela emaitea baizen, ezin uka dezakegularik hark plazer duela hura soinean darabillagun.

        Ordea geiago diot, bertze gainerakoak berdin direla, Iainkoak gure baitan maiteago duela gizonen gaixtakeriatik heldu diren penen pairadura (beregainki serbitzurik eta ongirik egin baderauegu) ezen ez bertze inkontru gaitzetarik heldu zaiskigun fastikoak: bai zeren komunzki ark naturaleza urgillua hobeki hersten baita gauza hetaz, orai erraiten ditudanez baino, bai zeren pairatzen baditugu gogotik, gure Iainkoa kontentatzen baitugu eta handiro loriatzen, gu hari lagunduz haren ezin erranezko ontasunak eta Bothere-guzikotasunak neurrigabeki argitzen duen gauzan, nolakoa baita bertutearen eta ongiaren fruitu preziosa eta gozoa erautstea gaixtakeriaren eta bekhatuaren izurritegarrizko pozoinetik.

        Hartarakotz iakin ezazu, ene alaba, Iainkoak ikusten duen bezain sarri desir bizi bat gure baitan zinetan haritzeko, eta hain irabasia loriosi behar bezala lotzeko, preparatzen deraukula kalitza gerta diteskeien okasione eta tentazione gaitzenez betherik, hura har dezagungatik bere denboran. Hargatik ezaguturik zein den haren amudioa, eta zer den guretzat hoberenik, kalitza hura begiak itsuturik eta gogotik hartu, eta azken xorteraino seguranzarekin eta laster edan behar dugu, halaz eta edari bat denaz gero, hutsik ezin daidikeien eskuak egina, eta arimari hanbatenaz probetxu geiago egiten dioten erremedioez, zenbatenaz khiratzago baitira bere baitan.

 

aurrekoa hurrengoa