www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gudu espirituala
Silvain Pouvreau
1665

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Gvdv espirituala, Silvain Povvreav. Chez Claude Avdinet, 1665.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Zergatik eztugun iujeamendu
zuzen emaiten gauzez,
eta zer bidez ongi ezagut detzakegun

 

ZORTZIGARREN KAPITULUA

 

        Arrazoina zergatik erran ditugun gauzez eta hainitz bertzez eztugun zuzenki iujeatzen, da zeren ageri diren bezain sarri, lotzen baigaiste edo amorioz edo herraz, eta hala adimenduak pasione hetaz ilhundurik ezpaitu iujeamendu emaiten gauzez diren bezala.

        Beraz enganamendu hark zure baitan lekurik aurkhi eztezangatik, orhoit zaite bethiere ahal bezanbat zure borondatearen idukiteaz nahiz diren gauzetarako afekzione desordenatu guzietarik garbitutik eta libraturik.

        Eta zerbait heldu denean zure aitzinean presentatzera, behar da zure adimenduak hura berehala mira eta astiroki konsidera dezan, hura gaitzeritsiz arbuia dezazun baino lehen, zure inklinazione naturalaren kontrako gauza bada, edo oneritsiz hari zarraitkon baino lehen, plazerik ekhartzen baderautzu.

        Ezen nola orduan adimendua ezpaita oraino pasionez ilhuntatua, libro da, klara da, eta den egia ezagut dezake, eta ikusdiro plazer falsoaren azpian gordetzen den gaizkia, eta halaber gaizkiaren iduriaz ehorsirik dagoen ongia.

        Ordea borondatea iadanik eramana bada gauza haren onetstera edo gaitzetstera, adimenduak hura ezin ezagut dezake ongi, zeren bien artean sartu den afekzioneak hura hala ilhuntzen du, non halako gauza; estimatzen baitu guziz ezten bezala; eta hura horrela borondateari presentatzen dioela, borondatea lehen baino berokiago eramaiten da haren onetstera, edo gaitzetstera Arrazoinaren ordenanza eta lege guzien kontra.

        Afekzione hartaz adimendua ilhunstatzenago da, eta hala nahasirik, gauza hura borondateari berriz erakusten dio egundaino baino maitatzekoago edo higoingarriago.

        Hala non begiratzen ezpada orai erran dudan erregla, zeina baita kontu guziz handitakoa Eserziza hunetan guzian, arimako bi ahal hain noble eta exzelent hek, erran nahi da Adimendua eta Borondatea, bethiere ondikozki baitabiltza ustai batetan bezala, ilhunbetarik ilhunbe pisuagotara, eta enganamenduetarik enganamendu handiagotara.

        Begira zaite bada, ene alaba, zure ahal guziaz nahiz den gauzazko afekzione desordenatutik, hura lehen ongi sondatu, eta den bezalakotzat ongi ezagutu ezpaduzu Adimenduaren berengainki ordea Graziaren eta Orazionearen argiaz, eta zure Aita espiritualaren iujeamenduarekin batean.

        Hori da nahi dudana zenbait aldiz egin dezazun, lehen on eta saindu diren kanpoko obra iakin batzuetan, ezen ez berze gauzetan: zeren akzione hetan, kanpokoak izanez, peril geiago da engana gaitezin, eta zuhurgabeki lot gakisten, bertze gauzetan baino.

        Hargatik batzutan kalte handi ekhar liazakezute, hekin egitean begiratu behar diren muga, lekua, neurria eta obedienzia dela kausa, iakinik hainitzak erori direla peril handitan eserziza sainduenen eta laudatzekoenen artean.

 

aurrekoa hurrengoa