www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gudu espirituala
Silvain Pouvreau
1665

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Gvdv espirituala, Silvain Povvreav. Chez Claude Avdinet, 1665.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Abisu batzu
pasione biziotsuei garaitzeko,
eta bertute berririk ardietsteko

 

HOGOI ETA HAMAHIRURGARREN
KAPITULUA

 

        Ainitz gauza erran derautzudalarik zure buruaren garaitzeko eta bertuteez aphareillatzeko itxeki behat diozun maneraren gainean, badut oraino zertaz abisa zaitzadan.

        Lehenbizirik, desira duzunean bertuteen ardietsteko, begira zaite sekulan buruan hartzetik iarraiki behar zaistela Eserziza espiritual hei, zeinek kasuz (erraiten den bezala) berezi baitituste asteko egunak bata bertute batentzat bertzea bertzearentzat.

        Bainan guduaren eta eserzizaren ordena biz gerla egitea bethi dainatzen zaitusten pasionei eta zure aphareillu egitea hekin kontrako bertuteez ahalik perfekiena.

        Zeren bertute hek ardiesten ditutzula, bertze guziak ere obra gutiz ardietsiko tutzu errazkiago eta lasterago behin ere saltatzen eztiren okasionetan; ikusirik bertuteek bethi elkharri datxetela bata bertzearekin gatheturik, eta nork ere bat perfeki baitaduka bertze guziak dituela bere bihotzean sartzeko prestak.

        Bigarrenean, eztezazula sekulan bertuteen ardietsteko denbora epha, ez egunak ez asteak, ez eta urtheak, bainan orai berean sortu eta soldadu berri iarri bazine bezala, guduka zazu bethi, eta zure bidea xuxen ezazu hekin perfekzioneko puntu gorenera.

        Etzaitezila geldi amen batez ere, zeren bertuteen eta perfekzionearen bidean gelditzea ezta hats eta indar hartzea, bainan gibela ioaitea da eta lehen bainoago sakatzea.

        Gelditzea erraiten dudanean, aditzen dut, nihork bertutea konplituki ardietsi duelako zinetste hartzea, eta batzutan kontu guti egitea berriz ere bertutetaratzen gaitusten okasioneez, eta eskas aphurrez.

        Hargatik den guzia egizu arthatsuki, beroki eta agudoki, bertuteen ardietsteko okasionerik xipiena gal dezazun beldurrez.

        Oneritzkitzu bada bertuteratzen zaitusten okasione guziak, eta geiago are garaitzea gaitz direnak, iakinik gaitz diren gauzei garaitzeko egiten diren akzioneek lasterago egiten tustela ohitza onak, eta erro barrenagoak emaiten deraustela. Onetskitzu hala egiteko okasioneak ekhartzen derauskitzutenak. Xoilki ihes egin behar duzu urratz handiz, lasterka, eta zure antze guziaz haragizko tentazionetara eraman zinitzaketenetarik.

        Hirurgarrenean, zarela zuhur eta iakina gorputzari kalte ekhar ahal liozoketen bertutetan, nolakoak baitira haren mortifikatzea diziflinez, zilizioez, barurez, beillez, meditazioneez eta bertze halako gauzez; zeren bertute hek ardietsi behar dire aphurka, eta zein bere graduz eta neurriz, gero erranen dugun bezala.

        Bertze bertute osoki barrenekoez bezanbatean, nola Iainkoa maite izaitea, mundua mesprezatzea, zure begietan xipi iartea, zure pasione biziosak eta bekhatua gaitzetstea, pazient eta eme izaitea, guziak oneritstea, bidegabestatzen zaitustenei ongi egitea, eta bertze halakoak, eztire aphurka ardietsi behar, eta hekin perfekzionera ezta ikhan behar graduz gradu, bainan enseia zaite hetarik bakhoitzaren gainean dela gogoz, dela obraz eginen duzun guziaren ahalik perfekiena egitera.

        Laugarrenean, zure gogo, desir eta bihotz guziak eztagieia bertze gogoetarik, eztezala bertze desirik eta nahirik har, nola peleatzen duzun pasioneari garaituko zaiskon, eta haren kontrako bertutea ardietsiko duzun baizen. Biz hori zuretzat mundu guzia, zerua eta lurra, zure tresor eta xede guzia biz Iainkoaren gogarako izaitea.

        Iaten baduzu edo barurtzen bazare, lanean hari bazara, edo geldirik bazaude, iratzarririk bazabiltza edo lo bazauntza, etxean bazare edo kanpoan, debozioneari edo eskuko obrei lotzen bazaiste, egitzu gauza hek guziak pasione gaixto haren garaitzeko eta plauntzeko, eta haren kontrako bertutearen ardietseko.

        Bortzgarrenean, zarela alde guzietarik lurreko plazeren eta ontasunen etsai; zeren manera hartaz bizioek etzaituste akometatuko flakoki baizen, ikusirik guziek eztutela errorik plazera baizen. Hargatik hura pikatzen baderauegu gure burua gaitzetsiz, hekin indar guzia galduaz doa.

        Ordea bataz nahi baduzu gerla egin zenbait bizioren eta zenbait plazer partikularen kontra, eta bertzeaz zenbait bertze lurreko plazeretan sartu, hoben mortalik eztelarik, arinik baizen, halarik ere bethi gerla izanen da garratz, sarraskizko eta hagitz dudazko, eta biktoria bakhan. Hargatik Iainkozko hitz hauk bethiere gogoan idukiko tutzu.

        Qui amat animam suam perdet eam; & qui odit animam suam in hoc mundo, in vitam aeternam custodit eam. 10. 12. Erran nahi da:

        Nork ere maite baitu bere arima, hura galduko du, eta nork ere gaitzetsten baitu bere arima mundu hunetan, hura begiratzen du sekulako bizitzeko. Iondone Ioanisen hamabigarren Kapituluan.

        Fratres, debitores sumus, non carni ut secundum carnem viuamus: si enim secundum carnem vixeritis, moriemini, si autem spiritu facta carnis mortificaueritis, viuetis. Rom. 8.

        Ene anaiak, ez gare haragiaren zordun, haragiaren arauera bizitzeko, zeren bizi bazarete haragiaren arauera, hillen zarete: ordea espirituaz mortifikatzen baditutzue haragiaren obrak, biziko zarete. Erromakoak ganako. 8.

        Seigarrenean, abisatzen zaitut on eta naski premia lizatekeiela, lehen egin zenezala behar bidezko Konfesione jeneral bat, geiago zure seguratzeaganik zure Iaunaren grazian zarela, zeinaganik behar baitugu geroko grazia eta biktoria guzien esperanza.

 

aurrekoa hurrengoa