www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ipuinak
Agustin Paskual Iturriaga
1842

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuinak, Agustin Iturriaga (Antonio Zavalaren edizioa). Auspoa, 1967

 

aurrekoa  

ZENBAIT IPUIREN BESTE ERA BAT

 

 

ZAKUR BIAK

 

Sultan, zakur ausarta ta jale andia,

zan bezin luze, zetzan lurrean jarria,

begiak armaturik gurrinka egiñaz,

eta bizkitartean arister bat janaz.

Pinto, bere laguna, gurrinka aritzean,

badijoa ta jartzen zaio aldamenean.

Arriturik guztia asten zaio esaten:

«Esker ori nausiari diok gaur ematen?

Ez aiz oroitzen zenbat gaituen maitatzen?

Nor diabruk eman dik iri burutara

ari-isterra artzera joatea espensara?

Oroit ari aizela zakur famatua,

pare gabe noblea, eta ez katua.

Utzi zak, Sultan, utzi isterra lenbailen,

zintzilik ipintzeko zegoan tokian len.

Ez dik oraindik falta txit zati andirik,

ez ditek pensatuko jan diokala ik.

Katuen bati kulpa ziotek botako,

ire fama onela dek ongi gordeko».

Batere ez dio egiten Sultanek kasorik,

aristerrari dio ekiten gogotik.

«Mutil, utzi akiok, bestela nausiak

puskatuko zizkiguk gaur ezur guztiak;

egurra jatxiko dek gure bizkarrera,

ez bagiaitzik botatzen ilta ibaiera.

Mereziko diagu edozein kastigu,

baldin bera koleran ipintzen badegu.

Emateko ainbeste mesedeen eskerra,

ostuko ion bada ariaren isterra?».

Onela Pinto jaunak omen zion itzegin,

ta ara zer erantzuera Sultanek zion egin:

«Pinto, guztiz ederki dirak ik itzegin,

baña gelditutzen nak ni duda batekin;

esan zak: baldin uzten badet ister au nik,

ez dek berealaxen artu ta jango ik?».

Beñere konsejuak ez dute indarrik,

irteten badirade gaiztoen aotik.

 

 

ERREMENTARIA TA TXAKURRA

 

Errementari batek, kanpoan zanean,

etxe-zai zeukan beti txakur bat atean.

Egun batez lapurrak atzeko aldetik

sartu ta ostu zuten dirua kutxatik.

Oartu zan orduan errementaria

ostu zutela kutxan zan diru guztia,

burua galtzen du ta, arturik makilla,

etxe guztitik dabill txakurraren billa.

«Atorkit onontz, Turko, ator onontz!», dio;

txakurrak bereala obeditzen dio,

eta dijoakio belarriak bean,

burua makur eta buztana anka-pean.

«Turko —dio nagusiak—, zertarako aut nik?

Ez diok etxeari egiten konturik.

Sutegiko malluak ez aute esnatzen,

sukaldeko soñuak laister au ernaitzen;

eguardi ta arrats, maian ni jartzean,

an aukat falta gabe txut aldamenean.

Ikusi gabe ago nere sutegia,

ozta ezagutzen dek ire nagusia.

Markesen bat al aiz i, bestela kondea,

egoteko alferrik ta beti asea?»

Itz oiek esan eta, Turkok, ikustean

nausiaren egurra zuela gañean,

igas egiten du ta dio urrutitik,

bada arkitu zuen atea itxirik:

«Zer? ni baño geiago al dira kondeak

bizitzeko alferrik ta beti asean?».

Turkok au esan zion ain asarratua,

ain kolera aundian, ain amorratua,

non ikaratu zuen bere nagusia,

ipiñi ziolako mutur itsusia.

«Jaiotzez —dio Turkok— daukat aditua

berekin dakarrela nork bere patua.

Txakurrena nai dezu zuri esatea?

Ona bada: jan ta lo, bestela katea.

Ez diot, nere ustez, iñortxori eman,

ez orain eta ez len, nigatik zer esan.

Lapurrak sartu dira atzeko atetik,

aurrean nindaukazun, zer kulpa daukat nik?».

Au da esan ziona berriz txakurrari:

«Oiek guztiak dira, Turko, erausiak,

akabatu ditzagun gaur gure auziak.

Badakizu zuk dala etxe au nerea,

nai det bada bertatik emendik joatea;

on da ikus dezazun, Turkotxo, gaur bertan

nola bizi diraden beste tokietan».

Irten zan bereala txakurra etxetik,

nagusia utzirik diru gabetanik;

baña guztiz kontentu, zeren egun artan

itorik uste zuen gelditu an bertan.

Turkok bere aldetik ez zuen penarik,

laxo zebillelako nausi gabetanik;

ordea egun asko igaro baño len,

laxotasuna zer zan ezagutu zuen:

goizetik arratsera kontentuz beterik

zebillen arat-onat egin gabe lanik,

baña nola zimurtzen zijoan sabela,

dio: «Ezin biziko nak beti onela».

Asten da atez ate, ta etxe batean

sartzen da barrena ta dago sukaldean,

jaten ematen diote eta arratsean

etxe-zai uzten dute atzeko atean.

An egon bear zuen gau guztian ernai,

baldin makillaz joka ez bazuen ill nai.

Ikusi zuenean bizi-modu ura,

esan zuen: «Ez naiz ni emen egon gura».

Irten ta sartutzen da beste etxe batean,

eutsi eta ipintzen dute an katean;

jiraka ta biraka goiz guzti guztian

egunoro zebillen torna-burruntzian.

Ez zitzaion iduri txit gogorra lana,

baña bai ikusi ta ezer ezin jana;

batez ere linburtzen zuen, arikiak

burruntzitik botatu oi zuen usaiak.

Iñolaz ezin zuen bizi au eraman,

iges egiten du ta ez daki nora joan.

Badabill orrotz-onontz karrikaz karrika,

eziñ arki dezake iñon etxerika.

Sartzeko egiten du askotan alegiñ,

baña jarraitzen diote erratz-makillekiñ;

onela dabillela, Turko azkenean

gizon zar itxu batek artzen du etxean.

Nausia asten zaio festa asko egiten,

txutika ipiñi ta dantzan erakusten.

Txakurra eroturik zegoan guztia,

topatu zualako alako nausia.

Nekeak ekartzen du jateko gogoa,

arratsean gose zan txit Turko gaisoa;

gosea kendutzeko, aren afaria

izan zan arto-zaiez egindako ogia.

Usai egin ta Turko zijoan atzera;

itxuak deitzen dio: «Atorkit onera!».

Turkok ikusi zuen zabalik atea,

indarka autsi nairik asten da katea;

baña itxuak zeukan gogorki loturik;

ez zan iñolaz ere igesi joaterik.

Makil-joka itxuak zuen elbarritu,

intziriaz gaisoa antxen zan gelditu,

esaten zuelarik bere barrenean:

«Ez banintzan kontentu lenengo etxean,

gosez ill bearko det eta makil-pean.

Itxu zakur-iltzalle madarikatua,

ire eskuetan dek gaur nere patua.

Ongi bertatu zaidak, izanik txakurra,

nere nausi onentzat ninduan makurra.

Ikus bezate nigan nere antzekoak

zer azken pin daukaten ni bezelakoak,

sinisturik txakurren zori ona dala

izatea etxean beti sei leiala».

 

 

BELEA ETA AXERIA

 

Aritz mehe eta luze baten gain-gainean

bele bat ikusi dut gan dan egunean.

Bere mokoan zuen gasna bat andia,

borda-leiho batetik ebatsi berria;

axeri bat ialki zen oihanen artetik,

eta iragaiten zen aritzen azpitik;

fite zuen gasnaren usaia senditu

eta gorat begira bertan zen gelditu.

Ikusi zuenean ain gasna andia,

ebastea zen aren desira guzia.

Dago aritz azpian gaisoa geldirik,

gasna nola ebatsi zeiñ asmaturik.

An gorat igaiteak, bere artean dio,

igaiten banauk ere ez dik deus balio,

zeren, nik nai banuke arganat gorat ioan,

gasna belearekin ioanen duk airean;

zerbait bertze gauzarik bear duk asmatu;

ba, ba oraindika zaidak gogoratu;

ene gogoratzea anitz ederra duk;

beleak daukan gasna sarri nerea duk.

Bertatik asten zaio beleari deitzen:

«Aspaldian, maitea, ez zaitut ikusten;

sinistatu nazazu, zeren diot zinez,

pena andi bat nuen ote zeunden miñez.

Ez da denbora asko guk gure etxean

erraten genduela elkarren artean:

Lastima izanen da auzoko belea,

orren gazte delarik, gaisoa hiltzea.

Sinistatu nazazu: dudarika gabe

egaztien artean zu zare errege,

luma bezin ederra badezu kantua;

ala dezun edo ez or dago kontua,

zeren guk ez zaitugu aditu kantatzen,

behinez zure kantuaz ez naiz ni oroitzen».

Aditu zuenean laudorio eztia,

orra nun zoratzen dan belea guztia.

Kantatzeko idiki ondoren mokoa,

aren gasna lasterka lurrera an doa.

Axeriak irriaz omen zion deitu:

«Orren kantu ederrik ez dut nik aditu!

Yinko onak dizula zuri osasuna,

zure kantu eztia, zure edertasuna.

Anitz kontent izanen naiz nere aldetik,

sabela beterika nik zure mokotik».

Axeria an gan zen bere gasnarekin,

gelditurik belea sabel utsarekin.

Laudorio falsoa duenak sinesten,

onelako enganoak ditu eramaten.

 

 

EULIAK ETA EZTIA

 

Agirian badago, berekin eztiak

bereala an ditu millaka euliak.

Jaten asitzen dira ain nabarbendurik,

non gelditu oi dira preso oñetatik.

Au berau gertatzen da, naiz izan guria;

ori aberetxoen itsumen andia!

Laster galdu oi dute gaisoak bizia,

batetan irintxi naiz janari guztia.

Au egiten balute euliak bakarrik,

ez litzake, kristabak, zer izan penarik;

baña gizonak ere, abereen gisa,

begiak itsuturik munduan gabiltza,

janean, edanean osasuna galtzen,

geiegi biziz beti bizia laburtzen.

Eskarmenta gaitezen eulien buruan,

lezioak artuaz al degun moduan.

Luzaro eta ongi nai badegu bizi,

gaztetandik beagu zentzuz ongi jantzi.

 

 

ARTZANORA ETA OTSOA

 

Otsoak, zijoala bein mendia gora,

topoz-topo arkitu zuen artzanora.

Gelditzen dira biak elkarri begira,

ez batak, ez besteak, ez nairika jira.

Egoteaz bakoitza nekatu zanean,

beldurra zeukatela lotsaren ordean,

asi ziran egiten elkarri agurra,

lenbizia otsoa, azkena zakurra.

«Goiz abill, mutill —dio otsoak esaten—,

ez aut nik maiz onela bakarrik topatzen,

artaldea utzirik mendi oiek gora;

Zer pensamentu-mot gaur zaik iri gogora?».

«Pozik esango diat —artzanorak dio—,

nere pentsamentuak deus badu balio;

etorri nauk, ni, mutill, gaur ire bidera,

erakeri andia dala esatera

beti gu ibiltzea elkar persegitzen,

eta lepo ondotik letagiñak sartzen.

I aizen bezin mutill gogorra izanik,

ez ioke ardiai egin bear gaitzik;

aitor zak dala gauza txit lotsagarria

otsoak izatea etsaitzat ardia.

Iretzat dituk askoz kontresta obeak

artz eta kata-motzak eta basurdeak.

Au egiten bauke, etsairika gabe,

izan gindezkek biok egun onen jabe».

Arrazoi aundia dek —dio erantzuten—,

eta bertatik diat nik itza ematen

ez dituztela ardi eta arkumeak

beteko berriz nere tripako esteak».

Onela itzegiñik bi adiskideak,

joan ziran segituaz atzerontz bideak;

baña, utzirik artzak eta katamotzak,

otsoak sartzen zizten ardiai ortzak.

Maiz badirade ere sermoiak aditzen,

jatorrizko griñai ez oi zaie uzten.

 

                    * * *

 

Artzaiak zeukazkiten mendian zepoak,

otso gaizto andi bat arrapatzekoak;

artzanorak zebiltzan gañera or-emen,

non ta nola otsoa atzemango zuten.

Onek jaten zizkaten ziran arkumeak,

eta arras galtzera zoaien artaldeak.

Otsoak ta artzanorak elkar topoz-topo

egin ondoren, daude nork nori erasoko.

Biak ziraden guztiz mutil balienteak,

faltarika egiten ez zien korajeak.

Esaten dio otsoak: «Mutill zertarako

zioagu elkarri orain erasoko?

Obea dek guretzat askozaz pakea,

ez burruka asi ta elkar puskatzea».

«Arrazoi dek —zakurrak dio erantzuten,

eta modu onetan dio itzegiten—:

Niri iduritzen zaidak gauza itsusia

orrela ibiltzea otso indartia

iltzen bildots umil ta kulparik gabeak,

ta galtzera botatzen arras artaldeak.

Badituk basoetan artz ta basurdeak,

ik dean famarentzat askozaz obeak.

Ez dituk, mutill, berdiñ ire letagiñak

arkume ikarakor gaisoentzat egiñak.

Zenbat eta etsaia izan gogorrago,

anbat gure fama dek askoz andiago.

Ez dik sekulan, mutill, ire balentiak

ibilli bear iltzen bildots ta ardiak;

ori dek beldurti ta ergalen kontua,

aitortuko dek dala au ezin ukatua».

Arrazoia zuela txoilki aitorturik,

otsoa apartatu zan artzanoragandik.

Jakiten dute artzaiak egin zan pakea,

ikusten dute doala galtzen artaldea,

zeren ez dio uzten otsoak griñari,

jaten dizte egunean bildots bat edo bi.

Amorraturik jartzen dirade gaisoak,

saldu dituelako zakur pikaroak;

artzen du eskuan batek bere garrotea,

besteak makilla ta besteak katea;

erasotzen diote guztiak batetan,

ez dago zer esanik batere onetan;

ain gogotika dute astintzen zakurra,

non austen diozkate ankak ta bizkar-ezurra.

Otsoak ez bazuen ebatsi bildotsik,

arrazoi zan bezela, geiago artaldetik,

ez ziraden makilla eta garrotea

puskatuko, ez ere burnizko katea,

zakurrari gañean ezur ebakitzen,

eta gizagaixoa joka illik uzten.

Baña otso gaiztoak, pakea azturik

eta betiko griñaz arras garaiturik,

jaio ala arkume zuen arrapatzen,

eta artalde guztiak zijoan akabatzen.

Griña gaiztoak badira gaztetandik artzen,

bizia dan artean ez dirade uzten.

 

 

MENDIAK AURGITEN

 

Turmoiak ortik eta tximistak emendik,

zeuden jende guztiak ikaraz beterik,

pensatzen zuelarik nork bere buruan

azken juizioa ote zan orduan.

Dakazkite onetan zorion berriak,

aurregiten daudela auzoko mendiak.

Ikarak utzi eta jendea zegoen

zerk aien sabeletik jaio bear zuen.

Noizbait badator bada lasterka gizon bat,

jaio dala esanaz sagu txikitxo bat.

Au da gertatzen dana askotan munduan

gauza miragarri bat uste dan orduan.

Urrutiko intxaurrak soñuak andiak

egiten oi dituzte, izanik txikiak.

 

 

AIZKORA ETA KIRTENA

 

Egurgille bat zoan mendiak barrena,

eta galdu zitzaion aizkora-kirtena.

Berri bat egiteko arbolai zien

adartxo bat eskatu; eman nai ez zien.

Arteak zeña bait-da asko bizi naia,

kupiturik ematen dio kirten-gaia,

ustez ezaguera izango ziola,

eta beñere gaitzik naiko ez ziola;

baña kirten berria ozta zion jarri,

golpeka azten zaio bertan arteari.

Orduan arteari ziozkan lizarrak,

guztia larriturik, egin deadarrak,

esaten ziolarik: «Narratzar astoa!

Ez diguk gaur ik egin serbitzu gaiztoa!

Igandika asi dek eskerrak ematen,

ire astakeria ongi dek pagatzen;

ala ere bakarrik pagatzen bauke,

gaitz erdia besterik izango ez uke;

baña, lastima dana, baso au guztia

geldituko dek sarri arras ebakia».

Etsaiari laguntza dionak ematen,

orrelako eskerrak oi dizkik izaten.

aurrekoa