www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ipuinak
Agustin Paskual Iturriaga
1842

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuinak, Agustin Iturriaga (Antonio Zavalaren edizioa). Auspoa, 1967

 

aurrekoa hurrengoa

ITURRIKO ORIÑA

 

Nekez baño arkitu

zuen iturria

orin batek, il nairik

zeukan egarria.

Edan zuen orduan

gaisoa zan ari

urean begiratzen

bere buruari.

Ez da zer farrik egin,

irakurtzalleak,

bazerate benturaz

neskatxa gazteak;

jakin bear dezute,

gaur dan egunetik,

ez duela oriñak

beste ispillurik.

Guztiz ederra dala

zaio iduritzen,

batez ere adarrak

dute txit txoratzen;

baña ditu arkitzen

aren mesedeak

txit itsusiak bere

zanko luze meak.

«Zanko laburragoak

baldin banituke,

nere parerik —zion—

iñon nik ez nuke.

A, eman bazizkiran

gure Jaungoikoak

egokixiagoak

nere bi zankoak!».

Onela dagoala

marmar iturrian,

zangak aditzen ditu

ez txit urrutian.

Laisterka asitzen da

mendira igotzen,

zakurrak ondotika

diote jarraitzen.

Iges egin duela

uste duenean,

gelditzen da batetan

otadi batean,

lotu ziozkalako

bere bi adarrak

otetika otera

an zegoen larrak.

Zakurrak gañeratzen

zaizka gaisoari,

ill eta bertan uzten

die nausiari.

Orra adar ederrak,

zanko itsusiak,

oiek txit onak eta

aiek galgarriak.

Txoroak engañatzen

oi ditu itxurak,

ez ordea beñere

zentzua dutenak.

 

aurrekoa hurrengoa