 |
KATU BIAK
Etxe andi batean
zituzten katu bi,
bata Zapiron eta
beste Misipi.
Biak zeuden gizenez
lertzeko zorian;
nork beste alako bi
arkitu errian?
Maitatuak ziraden
etxean biziro,
aien bizia oi zan
jan, josta eta lo.
Beti uzten zituzten
bi katu prestuak
pakean arratoiak,
pakean saguak.
Samurregia zuten
gaisoak biotza,
aiei emateko
zarpaz eriotza.
Goiz batean zeudela
eltzeen ondoan,
lurrean etziñika,
lo gozo-gozoan,
abarrots batek ditu
batetan esnatzen,
eta aurrera dute
biak begiratzen;
ikusten dute suan
tornu-burruntzia,
eta artan jiraka
kapoi bat andia.
Erasotzen diote
biak kapoiari,
eta dirade jaten
atzaparka ari,
begiak armaturik
eta marmarraraz,
buztana arontz-onontz
maiz erabilliaz.
Ikustekoak ziran
bat eta bestea,
tantaka kokotzetik
jarioz koipea.
Jan zituzten orduan
mamiak, ezurrak,
baita ere garbitu
mingañaz sudurrak.
Misipik omen zion
esan Zapironi:
«Gauza bat orain zaidak
gogoratu niri:
jan degun ezkeroztik
kapoitzar guztia,
jan dezagun lasterka
orain burruntzia».
«Ago ixillik, mutil,
—dio Zapironek—,
kontzientzia ori
egiteko non dek?».
Erantzun omen zion
irriaz Misipik:
«Astoa, errepañak
zer dion ez dakik?
Kontzientziaraño
etorri ezkero,
mandoa nerea dek,
gerokoa gero».
Zapironek, entzunik,
zer zion Mizipik,
«Jan zak, nai badek! —dio—;
ez diat jango nik!».
Zenbat ez ote dira
kristaben artean
eskrupuloz beteak
ezin dutenean,
eta besteen gauzaz
eskrupulo gabe
egiten diradenak,
al badute, jabe?
|
 |