 |
AUNTZAK ETA AKERRAK
Munduan enbidia
batak besteari
izaten oi diogu
txit maiz edo beti.
Auntzak ikusirika
zirala akerrak,
jendeen arabera,
guztizko ederrak,
eta aiek eragin
oi zutela farra,
falta zitzaielako
zintzillik bizarra,
joan omen ziran beren
jaungoikoagana,
esanaz: «Jauna, gatoz
gaur berorrengana,
adiarazotera
zer lotsagarria
dan gutzaz egitea
jendeak irria,
zergatik kokotzean
ez degun bizarrik,
akerren motakoak
gu ere izanik.
Jauna, gure kokotza
bizarrez betea
gelditzeko asko da
zuk nai izatea;
esperantza daukagu
etxera emendik
biurtuko gerala
bizarrez jantzirik».
Jaungoikoa onetan
zegoan glorian
auntzak entzunaz, irriz
lertzeko zorian;
eta esaten die
«Zoazte emendik,
ez esan orrelako
txorakeriarik!».
Baña negarrez auntzak
omen ziran asi,
arat-onat ibilliz
beka sasiz-sasi.
Kupiturik orduan
jainkoa guztia,
eta artzen zuela
manera eztia:
«Orra —esan zioten—
bertatik bizarra;
munduak egingo du
orain zuez farra».
Kontrara gertatzen da
gaurko egunean,
akerrak auntz nai dute
izan geienean;
gizonak, andre moten
manerak arturik,
ikusten dirade maiz
tximu biurturik.
Auntzak auntz beau izan,
akerrak akerra,
gizonak indartsua,
andreak ederra;
bestela buruz bera
joango da mundua,
eta geldituko da
betiko galdua,
ematen zaiolarik
kulpa Jainkoari,
nork eman bearrean
bere buruari.
|
 |