 |
TXABERAMA ETA ARRANOA
Txaberamak darama
gañean maskorra,
barekurkullo gisa
baña txit gogorra.
Arra bat ibiltzeko
bear ditu noski,
nik ikusi dedanez,
egun bat edo bi.
Arranoa ikusi
eta egun batez
ojuka esan omen
zion, diotenez:
«Mesede bat eskatu
bear dizut zuri:
egako lezioak
ekaizkitzu niri,
ikusteko an goitik
dan zeru guztia,
illargia, izarrak
eta eguzkia;
oiek ikusi eta
jatxizean berontz,
ibilliko naiz gero
orrontz eta onotz;
ez da izango iri,
ez erri txikirik,
egan ikusi gabe
utziko dedanik».
Arranoak izkuntz au
aditzearekin,
nai omen zuen bertan
algaraz ler egin.
Erantzun omen zion:
«Jainkoak airean
nai du ni ibiltzea,
zu berriz lurrean».
Txaberama badago
bere temarekin;
artzen du arranoak,
darama berekin.
Odeietatik gora
eraman ondoan,
asten zaio galdetzen
kontentu dagoan.
Ezetz, esaten dio,
beldurrez beterik,
eta jatxi dezala,
arren, goi artatik.
Orduan arranoa
zaio asarratzen,
batetan uzten dio,
arkaitz bat du jotzen,
eta, izanagatik
guztizko gogorra
bere bizkar gañean
zeraman maskorra,
milla puska egin zan
arkaitza jotzean.
Arranoak goitika
zion bitartean:
«Eskarmentatu bitez
jende temosoak,
buru arroak eta
enbidiosoak,
ikusirik onela
zer zaien gertatzen,
zeren konseju onak
ez dituzten artzen».
|
 |