 |
ASTO BURU GOGORRA
Asto bat zebillen bein
bazkatzen larrean,
bururaño estaltzen
zuen belarrean.
Ain zegoan kontentu
gure aberea,
non dagoan Txinako
enperadorea;
belarrez ase eta
egiñaz arrantza,
guztia zan arentzat
festa eta dantza.
Lepoa luzaturik,
bi belarriak zut,
arrantzaka ikusten
derala uste dut.
Onela dabillela
batetik bestera,
oroitu gabetanik
joateaz etxera,
noizik bein luze-luze
etziñik lurrean,
tripaz gora jarririk,
zankoak airean,
orrontz-onotz jiraka,
zan gorputza guztia
gelditzen zitzaiola
autsez estalia,
akabatzen zuela
azkenean festa
tronpeta joaz, nola
esan bear ez da;
onela dabillela
astoa mendian,
nausia ikusten du
ez txit urrutian,
deituaz: «Potxo, Potxo,
atorkit onera,
etsaiak dijoazkik
or ire gañera;
ez al dituk aditzen
tronpet-atabalak,
eta txistuka orrontz
dijoazen balak?
Ator onontz lasterka,
edo aiz galdua,
ukulluan an daukak
toki segurua».
Potxo sasi tartean
an dabil bazkatzen,
nausiari kasorik
ez dio egiten.
Egur bat artu eta
an dijoakio,
eta burutik bera
erasotzen dio,
esaten diolarik:
«Esker gabekoa,
nik oju egiñ eta
i igesi oa?
Asto madarikatu,
nar, buru-gogorra,
noiz ezkero egiñ aiz
i neretzat gorra?
Ez dituk bizi ire
aita ta aitona,
ezagutzen zutenak
beren zori ona!
Guazen, guazen emendik,
gauzemak etxera,
merezi ez dek baña,
otea jatera».
Astoak nausiari
dio erantzuten:
«Pentsamentu bat orain
nengoan egiten:
Arrapatzen banaute
ni emen etsaiak,
gaitzik egingo ditet
aien asta-zaiak?
Edo, aien mendean
gelditzen banaiz ni,
ifiñiko dizkitet
gañean txalma bi?
Ni bezalakoentzat,
nere nagusia,
nere ustez etsaia
da mundu guzia».
Patu gaiztoarekin
danean bat jaio,
an edo emen bizi
oro-oro bat zaio,
eta gerra-denboran
ezer ez izanik,
ez oi du aberatsak
duten ikararik.
|
 |