OTSOA ETA ARTZANORA
Otso andi bat mendiak gora
zijoala goiz batean,
artzanor andi batekin topo
egin zukean bidean;
zeuden lekuan gelditu ziran
biak elkar ikustean.
«Adiskidea —dio otsoak
agur andi bat egiñik—,
noiz ezkero zu onen goiz emen
zure ardiak utzirik?
Ez zera, ez, gaur motibo gabe
apartatu artaldetik».
Artzanor orrek erantzun zion:
«Nai nuke egon zurekin,
aurrera nola bizi beagun
biok dezagun itzegin;
zuk nai badezu, nere partetik
izango nuke atsegin».
Ikusi zuen otso andiak
zeukala ark lepandea,
artzen ziona lepo guztia,
burni-arantzez betea,
eta ez zala orduan erraz
arekin burrukatzea.
Lotsa zan baño beldur geiago
bere barrenen sentirik,
«Gusto orixen —erantzun zion—
gaur bertan izan nai det nik;
eser gaitezen ementxen bertan
izan ez dedin esparik».
«Iduritzen zat —dio artzanorak—
dala guretzat obea
aurrera biok len degun baño
obeto elkar artzea,
batak besteari esanaz beti:
Agur, nere adiskidea!
»Nork izango du, esan zadazu,
bizi guztian gogoa,
beti barrenen idukitzeko
elkarrentzat gorrotoa,
ta letagiñaz puskatutzeko
bata besteari lepoa?
»Ez dagokio beste aldetik,
esan bear da egia,
zu bezalako indartsu bati
persegitzea ardia,
zergatika da aberetxo bat
ona eta izutia.
»Zuretzat askoz, dudarik gabe,
dira kontresta obeak
leoiak, artzak ta kata-motzak,
eta basoko urdeak;
oiekintxe zuk egin beaituzu
aurrera zure peleak».
«Arrazoi dezu —dio otsoak—;
ez duenari indarrik
lotsagarri da gaitz egitea
ta ez uztea bizirik;
ez det geiago alakoakin
nik izan naiko konturik.
»Ematen dizut itza egiaz
ez naizela ni aurrera
joango emendik zure alderontz
zure ardiak jatera,
baizika zuek bisitatuta
zuen ordenak artzera».
Orduan elkar despediturik
biurtu ziran etxera,
bata bestearen beldurrik gabe
soseguz asnas artzera,
eta kuidado guztitik libre
deskansuz lo egitera.
Egun batzuek igaro eta
asi zan ardi kontatzen,
eta artzanora, ikusirika
ari zirala bakantzen,
len bezin berri asi izan zan
egun eta gauak galtzen.
Gaitz egiteko griña gaiztoa
batek badakar jatorriz,
gaztetandika ez badu uzten,
gaitza egingo du berriz,
naiz bere itza eman dezala
milla eta milla aldiz.
|