 |
MEDIKU ITZ-ONTZIA ETA ERIA
Eri bat guztiz gaizki
zegoan oiean,
eta, pulsua ongi
artu ondorean,
asten zaio esaten
bere medikua:
«Gaizki iduritzen zat
gaur zure pulsua:
indarrika ez dauka,
eta bitartean
eun golpe daukatzi
minutu batean.
Sendatu ziñalako
zerade zu poztu,
eta zerbait jan dezu,
edo zera oztu.
Alferrik ukatuko
dirazu zuk niri,
zerbait onelakoxe
pasa zazu zuri;
bestela, seguru naiz,
ez daukat dudarik,
aterako zindudan
nik gaitz onetatik.
Milla atera ditut
nik nere denboran,
ez da bat bakarrika
beste mundura joan.
Gauzarika onena
izango da emen
zure konfesorea
deitzea lenbailen;
ongi dakizu, iñork
esan gabetanik,
ez dakarrela iñoiz
gauza onak gaitzik».
Asarretutzen zaio
onetan eria,
eta esaten dio:
«Berritsu andia,
zertan ari zerade
aitzakia billa?
Gaitz onetatik zuri
il zaizkitzu milla.
Ez det jan, ez naiz oztu,
ez det izt bat egin,
ez orain, eta ez len,
ez bada zurekin.
Zure betiko itza
eta erausia
jakizu asko dala
iltzeko eria.
Zure aitzakiakin
zoazkit emendik,
ez det nik sendatzeko
mediku bearrik.
Beti esan dirazu
ezer ez derala,
eta orain diozu
gaizki nagoala?
Badakit nik zer dedan,
ez nago ain gaizki,
erausi gutxirekin
jarriko naiz ongi».
Burua makurturik
medikua joan zan,
eta gero eria
laster sendatu zan.
Itz gutxi, begi ona,
andia zentzua,
oiek egiten dute
ona medikua;
baña oraindika da
mediku obea
osasunari ongi
kontu egitea.
|
 |