www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ipuinak
Agustin Paskual Iturriaga
1842

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuinak, Agustin Iturriaga (Antonio Zavalaren edizioa). Auspoa, 1967

 

aurrekoa hurrengoa

LEOIA ETA ARRATOIA

 

Leoi baten atzapar

andi zorrotzetan

arratoi bat zegoan

guztizko penetan,

ez zergatik jan zion

gazta, txorizoa,

bai zeren kentzen zion

gabetako loa

ordu guztietako

aren ibilliak,

uzten ez ziolako

itxitzen begiak.

Negarrez asten zaio

barkazio-eske;

uzten dio, esanaz:

«Orra; baoake».

Ozta illabete bat

oraindika joan zan,

orra non leoi ori

erori zan tranpan.

Asitzen da egiten

alako orruak,

non ikaratzen ditu

ango inguruak.

Ezagutu ondoren

orruan leoia,

lasterka an dijoa

gure arratoia.

Ortzakin bereala

du soka puskatzen,

eta tranpatik libre

du leoia uzten.

Nork esan leoiari

orduan bizia

eman bear ziona

zala arratoia?

Argatika munduan,

andi izan arren,

ez daki batek noren

bear izango den.

 

aurrekoa hurrengoa