 |
BERRITSUA
Tristan estudiante
guztiz beartsua
buru andikoa zan,
baña berritsua.
Aberastu nai zuen;
gutizi ona da,
baldin bide onetik
aberasten bada.
Baña gutxi dirade
galdetzen dutenak
bideak diran txarrak
edo diran onak.
Asten da gure Tristan
erriz erri deitzen,
diela abereai
itzegin-arazten.
Orra non bereala
dakien erregek
zer abillidadea
dadukan Tristanek;
bere-berealaxe
deitzen du Madrilla
onen gizon jaintsun
guztizko abilla.
Errege asten zaio
pozturik esaten:
«Omen dakik astoai
itzegin-arazten?
Badiat bat etxean,
eta dek emea,
luzaro edan diat
nik aren esnea.
Berari zor zioat
nere osasuna,
geroztik uste diat
derala laguna.
Orain aterako dek
kontua emendik
aren itza aditu
naiko ote dedan nik».
Tristanek dio: «Jauna,
da ezagutua
txit gogorra duela
astoak burua.
Berorren mesedeak
amar urteetan
astoa entzungo du
ederki izketan».
Gelara joan ondoren
dator erregea
sakela bat eskuan
ontz-urrez betea,
eta ematen dio
Tristani, esanaz:
«Kontentu izango nak,
Tristan, ire lanaz,
baldin ikusten badet
amar urteetan
nere asto maitea
nerekin izketan».
«Ez da —dio Tristanek—
predikadorerik,
asto ori izketan
gainduko duenik».
Jil, aren adiskide
eta erritarra,
au aditu ta ezin
idukirik farra,
asten zaio esanaz:
«Deaurruz betea!
Orrela engañatu
beak erregea?
Iges egin zak, Tristan,
lasterka emendik,
ostikoka ez badek
egon nai zintzillik;
zergatik azkeneko
Tristanen pagua
izango dek iltzea
emen urkatua».
«Jiltxo —dio Tristanek—,
guztiz dek luzea
eskatu eta eman
diraten epea;
amar urte oietan,
kontu epe oni,
ez gaituk ilko errege,
astoa edo ni?».
|
 |