 |
LEOIA ETA TXIMUAK
Leoi bat irten zan bein
zulotik eizera,
gosez irrikiturik,
tripa betetzera;
alferrik ibilli zan
goiz santu guztian,
ezin topaturika
eizika mendian.
Muno baten gañera
igo ondorean,
nekaturik zegoan
lo bete-betean;
orra non bat-batetan
tximu-irrintziak
igarotzen diozkan
bere belarriak.
Esnatzen da saltoan,
jartzen da begira,
irrintzia datorren
aldeko mendira;
begi zorrotza zuen,
urrun egon arren,
eiza ikusitzen du
basoan barrenen.
Badijoa poliki
tripaz lurra joaz,
istua dariola
jateko gogoaz.
Alderatu zanean baso barrenera,
an dijoaz tximuak
arbolen gañera.
Amorratutzen zaio
txalma andi onekin;
gosez irrikiturik
ez daki zer egin;
artzen du tximu batek
eskuan ezkurra,
tiratu eta dio
odoltzen sudurra;
beste batek autsitzen
du berriz egurra,
eta zauritzen dio
txit bizkar-ezurra;
anka altxatu eta,
txakurraren gisa,
egiten dio batek
zar zar goitik pisa;
azkenik beste batek,
jasorik buztana,
egin zion gauza bat
esaten ez dana.
Onela zital aiek
leoi indartsua
uzten dute burlaka
arras lotsatua.
Burua makurturik
badago leoia,
ez dezake iritxi
arbolaren goia.
Urgunka badijoa
bide-bazterrera;
etziñik egiten du
illaren papera.
Tximuai, ikusirik
odola ixurtzen,
egiazki il dala zaie iduritzen.
Bere-berealaxen
tximu-familia
goitik bera saltoka
jaisten da guztia;
inguratutzen dute
illaren gorputza,
algaraka diote:
«Au triparen utsa!».
Batak egiten dio
ortzka belarritik,
besteak tiratutzen
dio buztanetik;
ori ezer ez dala,
—au bai ausartzia!—
larrutu nai diote
iruk epurdia.
Altxatzen da batetan
leoia lurretik,
ez zaio bat itzultzen
dagoan lekutik;
iltzen ditu guztiak
ortzaz, atzaparraz,
eta buztanarekin
ezker-eskui joaz,
utzitzen duelarik,
—zer negargarria!—
lurra, zan bezin zabal,
tximuz estalia.
Argatik esan oi da
etsai agiria
ez dala ain gaiztoa
non dan estalia.
|
 |