 |
IGELAK ERREGE ESKATZEN
Abere-mot bakoitzak,
lengo denboretan,
erregea bazuten
toki guzietan.
Gabetanika zeuden
igelak bakarrik,
zeren ozta ziraden
irteten loietik,
eta ez da atsegin,
naiz izan errege,
bizitzea loi-pean
andik irten gabe.
Igel gaisoak zeuden
arras lotsaturik,
iñork ez zielako
egiten kasorik.
Biltzen dira guziak
beren batzarrean,
eta diote: «Guazen
jartzera aurrean
Jupiter andiari,
eta esatera:
Jauna, gatoz zuagana
errege eskatzera;
abere-mot bakoitzak
izanik berea,
guk ere nai genduke,
al balitz, gurea».
Jupiterrek, mugituz
noizik bein burua,
aditu omen zien
beren erregua,
far-irria egiñaz,
zeren ez zekiten
igel txori-buruak
zer eskatzen zuten;
bada bizi ziraden
elkarren artean,
kantatu eta josta,
ederki pakean.
Esan omen zioten
beren jaungoikoak
«Ez zaiteztela izan,
arren, ain txoroak;
zeren ez da munduan
zori onagorik,
nola dan bizitzea
buru gabetanik.
Badezute non bizi,
zer jana, pakea;
zertako nai dezute
orain erregea?
Gaiztoak bear dute,
ez dago dudarik,
elkar ill ez dezaten
buru gabetanik;
baña izanik ona
zuen familia,
zer deaurrutarako
du agintaria?».
«Jauna —erantzun zuten—,
badute besteak,
eta lotsatzen gaitu
guk ez izateak;
ez gera gutxiago
noski aiek baño;
lotsarik asko izan
degu oraindaño».
«Ori orrela bada
—dio Jupiterrek—,
faltarik ez dizute
egingo erregek».
Au esan ondorean,
orra non batetan
zerutik zingirara
zerbait erortzen dan,
ematen duelarik
alako golpea,
non galtzen dute arras
igelak kordea.
Piskabana ikara
pasa ondorean,
eta ezaguera
etorri zanean,
lasterka an dijoaz
sartzera lenbailen
gutxienaz kana bi
loiean barrenen.
Zortzi egun aietan
ez zan bat bakarrik
loietik irtetera
atrebitzen zanik.
Noizbait irteten da bat
eta dio: «Tat, tat,
erregetzat diagu
egur-puska andi bat».
Ikusi zutenean
ziola egia,
nork esan aien lotsa
eta errabia?
Badijoaz lasterka
Jupiterren billa,
eta esaten diote:
«Jauna, esker milla;
gaur bidaldu diguzun
errege prestua,
da itsua ta gorra,
gañera mutua;
beste bat nai genduke
ernaia, bizia,
jendiari agintzen
ongi ikasia».
«Zoazte ortika, zoazte
—die erantzuten—,
berdin ez dakizute
zer darabilzuten».
Bidaltzen die bada
beste erregea,
zeña zan amar kana
luze zan sugea.
Zingiran sartu eta
asi zan batetan
igelai jarraika,
arrapa eta jan.
An dijoaz igesi
bera eta gora,
batzuek loi azpira,
besteak kanpora.
Madarikatzen dute
guztiak errege,
obeto ziralako
agintari bage.
Onela oi dirade
txoroen kontuak,
ez die farra gaizki
egiten munduak.
Ongi geran orduan
obeto nai degu,
galdu ta gero ona
ezagutzen degu;
baña nola orduan
ez degun protxurik,
ez oi zaigu gelditzen
damua besterik.
|
 |