www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ipuinak
Agustin Paskual Iturriaga
1842

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuinak, Agustin Iturriaga (Antonio Zavalaren edizioa). Auspoa, 1967

 

aurrekoa hurrengoa

BADA JAUNGOIKO BAT

 

Zerua eta lurra

eta itxasoa

dagozkigu esaten

badala Jainkoa;

iñork sekulan balu

onetan dudarik,

ez luke bere buru

esatea baizik:

«Beti argi emanaz,

len bezin andia,

egun oro ikusten

degu eguzkia;

urteak joanagatik

millaka pasatzen,

len bezelaxe digu

argia ematen.

Nork egin ote zuen

—zer arrigarria!—

beñere akabatzen

ez zaigun argia?

Nork, igaroagatik

egunak, urteak,

gorde-arazten diozka

lenengo bideak?

Baldin irteten balitz

bide aietatik,

ez litzake gelditzen

gizon bat bizirik;

piska bat joaten balitz

arontz eguzkia,

laster lezake otzak

il mundu guztia;

eta onotz baluke

pauso bat ematen,

bereala beruak

ginduke itotzen.

Ondarrak ez baleza

geldi itsasoa,

orobat litzateke

mundua itoa;

baña, Jaungoikoaren

ordenak arturik,

beñere igarotzen

ez da ondarretik».

Baldin noizbait norbaitek

nai baluke jakin

lenbiziko gizona

zeñek zuen egin,

bijoa aditzera

jakintsun andiak,

eta ikusiko du

zer astakeriak

aien mingañetatik

dituen aditzen,

eta nola len bezin

illun dan gelditzen.

Galde bizaie nola

guk mundu guztia

ikusteko asko degun

begiko ninia;

nola odoiak gora

joaten dan artea,

dan posible ain azi

txikitik sortzea;

nola, irten bezala

txitoa arraultzetik,

ez duen utsegiten

mokoka alerik;

nola enadak egin

oi duten kabiak,

arriturika uzten

dituzten guztiak.

Zer erantzungo dute

gizon jakintsuak,

gauz oietan badira

gu bezin itsuak?

Atozkit onontz orain

zu, gizon zoroa,

ukatzera oraindik

badala Jainkoa.

Eriotzeko orduan

aditzen badizut,

egia diozula

sinistuko dizut;

orduan, nere perill,

ao orretatik

Jainkoaren izena

adituko det nik.

Osasuna danean,

bai ere indarra,

gizonak egin oi du

Jaungoikoaz farra;

baña galtzen baditu

bat eta bestea,

orduan aitortzen du

ark bere jabea.

Ez da mundu onetan

iñon naziorik,

Jaungoiko bat badala

aitor ez duenik;

azkenean mendiko

gizon basatiak

egi au sinistatzen

oi dute guztiak.

Bada, bai, Jaungoiko bat,

danik justuena,

zerua eta lurra

egin dituena.

Zuk egin zenduen, bai,

nere Jaungoikoa,

lenbiziko gizona

zure antzekoa;

zuk egiñak dirade

eguzki, illargia,

izar ederrak eta

itxaso andia;

oiek ikusten dira,

gauaz ta egunaz,

alabantzak egiten

zure ontasunaz,

zure jakinduriaz

ta anditasunaz.

 

aurrekoa hurrengoa