 |
JAKINTSUA ETA NEKAZARIA
Nekazari batek du
gizon bat ikusten,
liburua eskuan
eta paseatzen.
Biak elkarri zaizka
asitzen izketan,
lena nekazaria
manera onetan:
«Ongi ona da, jauna,
berorren bizia!
Obe du ez dan jaio,
a, nekazaria!
Guk egin bear degu
urte guztian lan,
berok bizi ditezen
pasea eta jan.
Munduko gauzak dira
ongi desberdiñak,
izan arren guztiak
Jainkoak egiñak.
Zertarako dirade
beron liburuak,
ez bada nastutzeko
alferren buruak?
Kendu bear liteke
txit alferkeria,
orduan genduke guk
lanaren erdia;
geroztika giñake
askotzaz obeki,
ez lirake izango
berok ere gaizki».
«Adiskidea, dezu
ederki itzegin
—erantzun zion—, baña
bear dezu jakin
ez daudela munduan
gauzak ain desberdin,
eta bazekiela
Jainkoak zer egin.
Buruak egiten du
lanika geiena,
iduririk nekatzen
dala gutxiena;
eta esana dago,
baldin bada abilla,
buru batek balio
dituela milla.
Esan zarazu niri
zuk, nekazaria,
nork erakutsi zuen
ereiten garia?
Nork elorri txurian
sagarra txertatzen?
Nork sagar-tolareak
zur-olez egiten?
Nork sortuak dirade
aitzurra, goldea,
laiak eta bostortza,
eta besabea?
Zu oean zurrungaz
zaudenean lotan,
norbaitek bere gelan,
asko gaberditan,
lau bider nastu oi du
gogotik burua,
eskuetan arturik
bere liburua.
Asmatzen badu zerbait,
gertatu oi dana,
gizonak egin dezan
errazago lana,
geiago egiten du
buruz gizon onek,
ezen ez eskuakin
eun milla gizonek.
Begira irakiten
dagoan paziak
zein aisa eramaten
dituen ontziak,
naiz izan bere kontra
aize-mot guztiak,
eta marea andi
edo ur biziak.
Pazia bat urekin
ikus zazu nola
dabillen an errota,
emen berriz ola.
Eziñ egin duena
gure alegiñak,
egiten du pertzako
uraren lurriñak.
Lurriñaren indarra
ezagututzea
izan da buru baten
abillidadea;
argatik esaten da
buru batek milla
balio dituela,
baldin bada abilla.
Jakin bear da bada:
da indartsuena,
ez gorputz bortizkoa,
bai jakintsuena.
Txispa batekin amar
urteko gaztea
ain da bortitza gaur,
non gizon goiantea.
Geiena dakitenak, gaurko egunean,
idukitzen oi dute
mundua menean».
|
 |