 |
ESNE-SALTZALLEA
Neskatxa bat zijoan
plazara neguan,
eskuan txantxilla ta
kaikua buruan.
Gorputz liraña zuen,
gerriya txit mea,
illea erporaño
urre-kolorea;
perla gisako ortzak,
aoa txikiya,
begiak beltz andiak,
ezpaña gorriya;
ibillian iñori
ezer zor ez zion;
itz batean, jendeak
begiratzen zion.
Lasterka bere buru
zijoan itzketan,
itz egiten zuela
manera onetan:
«Esne au nerea det,
ala aitak esan dit,
saldu ta diru asko
niri emango dit.
Bereala beaitut
arraultzak erosi,
saski bat bete arraultz
izango det noski.
Uda berriya dator,
maiz nere burua
txitoz ikusiko det
nik inguratua.
Egiten diranean
ollanda-ollasko,
artuko det aiekin
dirurikan asko,
erosteko ferian
aurrera txerriya,
berexitzen derala,
al bait, umaziya.
Ugari izan bait-da
txit aurten ezkurra,
jo-araziko diot
laster tripaz lurra.
Nola izango duen
urdaia lodiya,
artuko det onekin
nik diru aundiya,
eta erosiko det
txaltxo bat urrisa,
umeak egin ditzan
etxekoen gisa.
Urte asko baño len,
badet nik ustea
arkituko naizela
ganaduz betea.
Ozta izango al da
errian neskatxik,
dotea nik adiña
izango duenik».
Asmo oiek egiten
ari dan artean,
irristatzen zaiozka
bi oñak lurrean.
Adiyo aren esne,
arraultz ta txitoak,
adiyo txerri, txal ta
dote guztizkoa.
Askotan dirudite
gure esperantzak
osoro txakurraren
gaberdiko ametsak.
|
 |