 |
KUTUNA
Nere adiskidea,
bear dezu jakin
gertatutzen oi dana
munduan gurekin:
Iñor ez da kontentu
bere suerteaz,
enbidia gaiztoa
du batak besteaz.
Nekazariak dio:
«Zorionekoak
dira maiorazkoak
ta indianoak».
Oiek diote berriz:
«Pozezko bizia
munduan daramana
da nekazaria».
Medikuak nai luke
izan letradua,
onek merkataria
edo medikua;
ezkonduak ezkongai,
ezkongaiak senar,
ezagutzen ditut nik
onelako amar.
Nork ote dauka bada
arrazoi onetan?
Ez batak, ez besteak,
diot nik benetan;
arrazoi da beti
arkitzen erdian,
ez geiegian eta
ez gutxiegian.
Baldin geiegi badu
batek ondasuna,
geienetan faltatzen
zaio osasuna;
eta, nola au gabe
ez dan zori onik,
ozta arkitzen oi da
kontent aberatsik.
Pobreak oi du berriz
osasun andia,
apetitu azkarra,
janari txikia;
argatik bizitzen da
beti inbidiaz,
beti gaizki itzegiten
aberats guztiaz;
eta fortunaz bera
aberasten bada,
len baño gaizkiago
benturaz bizi da.
Begira zuk dakizun
gizon lodi ari,
nik ezagutu nuen
ura nekazari,
goizetik arratsera
beti aitzurrean,
osasun onarekin,
umore onean;
aberastu zan guztiz
Ameriketatik,
baña geroztik ez du
osasuna onik;
janak eta edanak,
lanik ez egiñak
emanak ditu orrek
gaur dituen miñak;
eta nola bait-daukan
odolak josia,
ill oro gutxienaz
bear du sangria;
amar legua oñez
egiteko, ark len
beste ainbeste ordu
geiegi zituen,
eta ezin liteke
gaurko egunean
ordubetean ere
ibilli bidean.
Zertarako dirade
gure ondasunak,
falta bear badigu
egin osasunak?
Ez da, ez da munduan
bear diru asko
pozez eta kontentuz
bizi izateko;
eta umore ona
daukanak naikoa,
non-nai dauka bizitza
zorionekoa.
Jainkoak ala nairik,
dirade txit gutxi
ezin ditezkeenak
lan egin ta bizi;
gañerakoak dira
alfertzar utziak,
lanika egin gabe
ongi bizi naiak.
Erleakin Jainkoak
digu erakutsi
nola bizi munduan,
nai bada ikasi:
dirade langilleak,
dira kontuzkoak,
ez digute esango:
Gero gerokoak.
Pozik jango luteke
gaisoak guztia,
ain neke andiz egin
oi duten eztia.
Baña oroitzen dira
badala negua,
orduko beautela
egin gordaidua.
Ala, ez dute jaten
daukaten eztitik
egun oro gaisoak
piskatxo bat baizik.
Eta, negu gogorra
etortzen danean,
jan ta lo antxen daude
deskansuz eultzean.
Mantentzen dituenak
aireko txoriak,
itsasoko arraiak,
lurreko piztiak,
ez du iltzen utziko
goseak gizona,
kontuzkoa danean
ta langille ona.
Izan ezkero jana,
edana, jantzia,
gañerako guztia
da erakeria.
Enpleo eta onrak,
aberastasunak,
dirade banidade
ta arrotasunak.
Nork duen zori ona
jakin nai badegu,
plazetara joatea
besterik ez degu.
Lana erruz egiten
duena astean,
an dabill dantzaz lertzen
kontentuz jaiean.
Ez da iñon festarik,
ez da merkaturik,
gogo badu ikusi
ez dezakeenik.
Nai badu ostatua,
nai badu kafea,
asko du lenbiziko
tabernan sartzea;
mai ona topatzen du
gogo onarekin,
eta ez zaio falta
norekin itzegin.
Asko du pasatzeko
ark egun guztia
txopin bat ardo eta
lau kuartoko ogia.
Ez du kotxe bearrik
ez ere zaldirik,
makilla bat asko du
baldin bada loirik,
or salto, emen salto
joateko airean,
oñak zikindu gabe
batere bidean.
Nekeak emanika
jateko gogoa,
txit ona arkitzen du
baba ta taloa.
Irteteko egun oro
erraz gorputzetik
onelakoak ez du
aiuda bearrik.
Lanari utzi eta
etxean sartzean,
pozten da emaztea
deika aditzean
umeai esanaz:
«Atozte etxera,
aita oraintxen dator
eta bazkaltzera!».
Errezatu ondoren
asten dira jaten,
guztia apetituak
ona du arkitzen.
Egiazki dirudi,
aiek ikustean,
aingeruak daudela
bazkaltzen lurrean.
An arkitzen dirade
poza ta pakea,
zori onekoa da
aien izatea.
Ongi balekiteke
andien bizia,
segur naiz ez lirake
aien enbidia.
Erran komunak dira
maisurik onenak,
jarraitu bitza ongi
bizi nai duenak;
oiek esaten dute
—on da jakitea—
dirudien guztia
ez dala urrea.
Kanpotik eder eta
barrendik itsusi
aberatsen etxeak
maiz dira ikusi;
askotan arpegia
egon arren farrez,
biotza arkitzen da
barrenen negarrez.
Jende aberats asko
ikusten ditut nik
etxea betea ta
ezer ezin janik,
purkagin, aiudakin,
izaiak atzean,
urtearen erdian
itziñik oiean.
Janari ez badie
ifintzen neurria,
biziari kendutzen
diote erdia.
Abertas izatea
zertako ote da,
gogoa izan eta
jan bear ez bada?
Zagia etxean ta
eperra espensan
eta ezin au jan eta
ezin andik edan!
Festetara joateko
bear dute jakin
zaldiak ongi dauden
edo al duten miñ;
zer denbora dagoan,
dakarren euria,
edo bortitzegia
al dan eguzkia.
Etxera ta askotan
antxen daude muxin,
eztula dutelako
edo buruan miñ.
Jaungoikoak mundua
onela du egin,
gaitza nai du dabillen
beti onarekin;
au onela izanik
dudarikan gabe,
nai luke batek izan
ona gaitzik gabe;
baña gizona dago
burutik jauzia,
nai badio irabazi
Jaunari auzia.
Zenbat aberats ez da
ibiltzen goizetik
denbora nola pasa
ezin asmaturik?
Eta zenbatek ez du
galtzen osasuna
ez jakiñika nola
igaro eguna,
janean, edanean,
joko, pikardian,
goiz eta arratsalde
eta gauerdian?
Emendikan oi datoz
ondoren samiñak,
gota, urdallekoa
eta beste miñak.
Ezkontza bear badu
aberatsak egin,
nobiak zenbat duen
lenaz beau jakin;
gero galdetuko du
ote dan ederra,
ez azkarra ote dan,
edo dan alferra,
ezkontza oietatik
ez naiz arritzen ni
onak ez irtetea
millatatikan bi;
emendika keja ta
andik oztasuna
goizetik arratsera
dijoa eguna.
Ekarri baldin badu
dotea andia,
dotearen neurrian
bear du jantzia;
dotea jaten da ta
jantzia gelditzen,
komediak orduan
dirade izaten.
Ongi jan, ongi edan,
bear aurrak azi,
senper orduan oi du
bakoitzak ikusi.
Oiturak ezin utzi,
zerekin izan ez,
zenbat ez dira bizi
gaisoak negarrez!
Esan zadazu orain
zuk, adiskidea:
zer da mundu onetan
suerte obea;
aberastasunakin
bizitza tristea,
edo ondasun gabe
bizi alegrea?
|
 |