 |
BELEA ETA AZERIA
Zur-aritz luze baten
tontor-tontorrean
bele bat gelditu zan
joan dan egunean.
Bere mokoan zeukan
gazta bat guria,
borda-leio batetik
ebatsi berria.
Azeri bat irten zan
arkaitzen artetik,
eta igarotzen zan
zur-aritz azpitik;
ozta zuen gaztaren
usaia sentitu,
gora begiratuaz
bertan zan gelditu.
Ikusi zuenean
ain gazta guria,
zintzillika zerion
aotik lirdia.
Geldi-geldi zegoan
zur-aritz azpain,
gazta nai, eziñ izan,
zalez errabian.
Bere berrenen zion:
«Ezin gora io!
Igotzen banaiz ere
ez likek balio!
Zeren nik nai banuke
argana gora joan,
iges egingo likek
bereala egan.
Zerbait beste gauzarik
beaiat asmatu;
tat tat oraintxen bertan
zaidak gogoratu;
eziñ obeagoko
pensamentuba dek,
sei minutu baño len
gazta nerea dek».
«Agur, adiskidea,
—dio betik deitzen—,
zure edertasunak
nau enamoratzen:
moko oria dezu,
luma beltz-urdiña,
begia berriz galant,
argi eta fiña;
itz batean zerade
ain guztizko joia,
non arkitu diteke
beste bat doi-doia.
Sinistatu nazazu,
dudarika bage,
egaztien artean
ziñake errege,
zeran bezin ederra
bazendu kantua;
ala dezun edo ez
or dago kontua».
Beleak aditzean
lausengatxo ura,
sentitzen du beregan
kantatzeko gura.
Ozta idikitzen du
gaisoak mokoa,
bereala lurrera
gazta an dijoa.
Azeriak algaraz
omen zion deitu:
«Orren kanta ederrik
ez det nik aditu!
Orain nik gazta jaten
deran bitartean,
goza zaitez zu zere
arrotasunean;
Jangoikoak dizula
luzaro osasuna,
zure kantu eztia,
zure edertasuna;
kontentu izango naiz
ni nere aldetik,
tripa betetzen badet
maiz zure mokotik».
Au esan eta joan zan
bere gaztarekin;
belea gelditu zan
sabel utsarekin.
Lausengarien itza
duenak sinisten,
onelakoxe txalmak
ditu eramaten.
|
 |