 |
ASTOA ETA TXERRIA
Asto bat bizi oi zan
ukullu batean,
eta txerri bat berriz
aren bazterrean.
Txerriari astoak
zion enbidia,
zeren askoz obea
zan aren bizia.
«Ori —esaten zuen—
dago uguiturik,
ez dezake ezer jan
ez badu iriñik;
ni berriz emen nago
gosez idikirik,
majaderan ez daukat
lastoaren piskik.
Noizik bein baldin badet
millizkatzen zaia,
iduritzen zat dala
orduan eztaia.
Goizetik arratsera
oi da aren lana:
tripa ezin jasoa,
ezer ezin jana.
Ni beti narabilte
arras zamaturik,
indarrak galdu eta
ezin igiturik. Atz egiten diote
ari bizkarrean,
maitetxoa esanaz
jana ematean;
ni zamaren azpian
ez naute urriki,
beaituzte egunean
neretzat makil bi;
zenbat eta daukadan
indar gutxiago,
anbat eta gañean
det golpe geiago».
Au oi zan astoaren
betiko itzkuntza,
Jainkoari esanaz:
«Indazu laguntza!»
Ostegun gizen egun
deritzan goizean,
golpeka asten dira
etxeko atean;
esnatzen da astoa,
eta du ikusten
arakiña barrena
deadarka sartzen,
esanaz: «Guazen, guazen!
Non dago txerria?»
Neskamea, arturik
eskuan pazia,
asten da idikitzen
gaisoari eia.
Irteten da txerria
doi-doia eietik,
artzen du arakiñak
belarrietatik,
eta ematen dio
urte bi baño len
eriotza gogorra,
zeren dagoen gizen.
Nork esan astoaren
beldur laborria,
noiz allegatuko zan
beraren aldia?
Burutik oñetara
izerdiz bustirik,
an zegoan gaisoa
txokoan ixillik.
Irten zan bada noizbait
gure arakiña,
eta akabatu zan
astoaren miña.
Orduan esan zuen
bere barrenean:
«Jainkoari eskerrak,
bizi naizenean!
Nik nere lagunari
enbidia nion,
nere patua opa
iñori ez nion;
ez det nik nai alerik,
ez det nai iriñik,
baldin ill bear bada
orrela gazterik.
Betoz nere gañera
amar milla makill,
askoz naiago det nik
onela zarrik ill».
Berdin ikusia da:
ez da atsegiñik
mundu onetan iñon
zerbait gabetanik.
|
 |