 |
ATSOA ETA ARKAKOSOA
Gure goiko bizitzan
bizi zan atsoa,
zan elizarakoia,
zan Jaungoikozkoa.
Beti mar mar zegoan
etxean, elizan,
beti paternosterrak
esaten ari zan.
Ez zituen utzitzen,
zernai gerta zedin,
naiz katarroa izan,
naiz sabelean miñ,
egun oroko meza,
errosarioa,
eta bezper-ondoren
zan kalbarioa;
baña zuen gaisoak
eraman txikia,
edozein gauzak zuen
estutzen guztia.
Egun batez ari zan
errabiz atsoa
ezin arrapaturik
gonan kukusoa.
«Zital orrek ez dirak,
—zegoan esaten—
oean, ez kanpoan,
pakerik ematen;
ez diat igarotzen
beñere egunik,
Jaungoikoari otoitz
egin gabetanik,
ire ortzetatika
utzi nazan arren,
ala edo onela,
ni libre lenbailen».
Itz oiek aditzean
nengoan pensatzen
zer gauzak Jainkoari
zaiozkan eskatzen.
Sentitzen det onetan
negar-intziria,
lasterka noa gora;
odolez bustia
topatzen det atsoa
etziñik lurrean,
alkitik eroria
sukal-bazterrean.
Salto egin ondoren
gonatika gora, arkakoso gaiztoa
igo zan lepora.
Atzera egin nairik
iges egiteko,
eta gero lurrean
oñakin iltzeko,
erori ta jo zuan
erruz su-burnia,
eta idiki zion
buruan zauria.
Orduko aren oju
eta deadarrak!
Gañera ark egiten
zituen negarrak!
Ordu bi gutxienaz
egon zan onela,
zirudien larrua
kentzen ziotela.
Negarrak utzi eta
asten da atsoa
arra eta demoka,
zeren kukusoa
egise joan zitzaion,
eta arratsean
beldur zan izan zezan
berekin oean.
Au da gertatzen dana
kristau askorekin,
ezin duten orduan
nai dutena egin;
baña engañatutzen
dirade gaisoak,
gizonak, agureak,
andreak, atsoak,
baldin uste badute
gure Jaungoikoak
entzungo dituela
aien errezoak,
igesi bidaltzeko
udan kukusoak,
ez badira garbitzen
etxeko zokoak.
Gure oroitzak dira
gauza txit ederrak,
ez ordea bagera
otoitzle alferrak.
Errezoak egiten
diran bitartean,
jardun bear du beti
bakoitzak lanean.
Ez badegu ereiten
soroan azia,
ez zaigu etorriko
zerutik garia;
eta, badaukatzigu
zikiñak zokoak,
ez zaizkigu faltako
tximitz kukusoak.
|
 |