www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ipuinak
Agustin Paskual Iturriaga
1842

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuinak, Agustin Iturriaga (Antonio Zavalaren edizioa). Auspoa, 1967

 

aurrekoa hurrengoa

JUPITER ETA ASTOA

 

Jupiterri, zeña dan

jaungoiko falsoa,

kejatu zitzaion bein

biziro astoa:

«Ez dakit —esan zion—

nola dan astorik,

baratza-zaia nausi

izan nai duenik.

Egun oro narama

plazara berekin,

aza, porru, tipula

eta letxuakin.

Oiek saldu ondoren

biurtzen naiz nekez,

arras zamaturika,

etxera, gorotzez.

Ezer ere jan gabe

nabill erdi illa,

goitik bera sentitzen

derala makilla».

Astoaren negarraz

Jauna da kupitzen,

eta tellagin bati

an dio bialtzen.

Laster biurtzen zaio

berriz Jupiterri,

esanaz: «Tellagiñak

iltzen narabill ni.

Jan gutxi ematen dit,

makil-golpe asko,

nonbait eraman beat,

jauna, zenbait txasko!

Emen nator berorri

berriz eskatzera,

arren, bidal nazala

beste etxe batera».

Larru-zale zar bati

bidaldutzen dio;

astoari obeki

ez dijoakio.

Biurtu zan lasterka

berriz kejarekin,

eta jaunari zion

onela itz egin:

«Jauna, larru-zaleak

zamatzen nau erruz

egun oro idi, bei

eta zaldi-larruz.

Nere uste guztian

dauka deseoa

zamaz lerturik illa

ni ikustekoa;

nola nere larrua

dan aski andia,

nerekin egin nai du

segurki zagia».

Jaunak, entzunik aren

itz negargarriak,

itxi ziozkan arras

bere belarriak,

esaten ziolarik:

«Emendik aurrera

ez datorrela iñor

keja ematera;

ez naiz iñortxoz ere

berdin kupituko,

beren patuarekin

dira geldituko

asto eta txerriak,

mandoak, zaldiak,

gizon eta abere

diraden guztiak».

Iñork ez du estimatzen

bere suertea,

ustez dala besteena

askotzaz obea.

 

aurrekoa hurrengoa