 |
OLLARRA ETA AZERIA
Ollar bat zebillen bein
faza ederrean,
soroa jorratuaz,
jaten goiz batean.
Kakaraza egiñaz
orra non batetan
igotzen dan ollarra
arbolera egan.
Begira negokion
ni bazter batetik,
ezin begiak kenduz
iñolaz argandik.
Gain-gañean zegoan
jarririk ederki,
ollar ederragorik
ez det nik ikusi.
Atzapar bat bazuen
kana betekoa,
atzeko azkazala
zenzadarrekoa;
bullarra txit lodia,
lepoa laburra,
begi ori gorriak,
mokoa makurra;
atzeko lumak jo nai
zioten burua,
zintzillik goitik bera
egiñaz arkua;
galdor gorri andia
zeukan ain zuzena,
non artan ikusten zan
beraren kemena.
Aren luma ederrak,
eguzkiak jorik,
diztiatutzen zuten
guztiz urrutitik,
alako moduan non
ez nezake esan
gure ollar ori zer
kolorezkoa zan;
ain laster zirudien
zillarra, urrea,
non perla, esmeralda,
non diamantea.
Ari begira ezin
nintzan ni aspertu;
ez pensatu derala
ezertan edertu.
Oraindik sei minuto
igaro baño len,
azeri zar andi bat
orra non datorren.
Ikusten du ollarra,
gelditzen da bertan,
betik gora asten zaio
onela itzketan:
«Biba, biba, maitea,
auxen bat berria:
pakeak egin dira;
gaur mundu guztia
bizi diteke aisa
beldur gabetanik;
iñork ez du aurrera
izango etsairik;
katu eta txakurrak,
otso arkumeak,
azeriak, ollarrak,
gera aiskideak.
Jatxi zaitez lasterka,
beldurrik ez izan,
elkarri laztantxo bat
beaiogu eman».
Ollarrak bereala
dio erantzuten:
«Zaude piska piska bat,
orra non datozen
iru azeri-txakur,
orra atadian
lasterka lau oñean
lertzeko zorian.
Ez dago, ez, dudarik,
diozu egia,
oiek dakarte seurki
pakeen berria».
Aditu bezin laster
txakurren izena,
an dijoa azeria
al duen lenena.
«Zaude, zaude! —ollarra
asten zaio deitzen—;
bereala nazazu
emendik jatxitzen!».
Ez dago gelditzeko
gure azeria,
badirudi igesi
dijoan erbia.
«Guztiz presa naiz —dio—,
bereala or naiz,
guk onelako presak
oi ditugu txit maiz».
Guztiz asko jakiña
zan azeri zarra,
baña ollarra ere
ez bide zan narra.
|
 |