www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ipuinak
Agustin Paskual Iturriaga
1842

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuinak, Agustin Iturriaga (Antonio Zavalaren edizioa). Auspoa, 1967

 

aurrekoa hurrengoa

URDALLA ETA BESTE
GORPUTZAREN PARTEAK

 

Ao eta begiak,

oñ eta eskuak,

urdallarekin zeuden

txit asarretuak;

begiak esan zuten:

«Gu gau eta egun

or gabiltza jana non

ikusiko degun».

Aoak zion berriz:

«Nere ortz-agiñak

kamusturik daukatzi

lan asko egiñak».

Oñak esaten zuten:

«Naiz ez izan gura,

joan bear degu beti

jana dan lekura».

Azkenean eskuak

zeuzkan nekatuak

beti-betiko ezin

jan ala bilduak.

Guztiak keja ziran

urdalla bakarrik

zegoala lanika

egin gabetanik.

Egiten dute junta

edo batzarrea,

zeña izan omen zan

guztiz asarrea,

eta bukatzen dute

esatearekin:

«Ez degu guk geiago

bear lanik egiñ;

batak jan, besteak lan,

da erakeria,

urdallak oi darama

gure lan guztia».

Esan zuten bezala,

badaude geldirik,

bi egunean lanik

egin gabetanik.

Asten zaie orduan

aitutzen indarra,

urdallak barrendika

egiten du garra.

«Zer da au? —esaten dute—

Zer zaigu pasatzen?

Indarra piskabana

ari zaigu juaten».

Orduantxe esaten

diote urdallak:

«Lengo antzik ez dute

gaur gure masallak.

Nola naizute izan

ni gabe indarrik,

zuek bildutakoa

urtutzen badet nik?

Ez dezute ikusten

ortz eta agiñak

errot-arri gisara

daudela egiñak?

Oiek txetzen dutena

nik derala urtzen,

eta gero guztiok

gerala mantentzen?

Ez badet nik urtutzen

egun oro jana,

zuen neke guztia

dala alfer lana?

Orra nola, egun bi

ozta igarorik,

zaudezten indar gabe

eta erdi illik».

Arrazoi au aditu

eta ondorean,

guztiak sartu ziran

berriz batzarrean.

Deitzen dute urdalla,

dijoa lasterka,

artzen dute erdian

emanaz besarka,

eta esanaz: «Orain

diagu aitortu:

i bezin mutill latzik

ez dek iñon sortu;

nork esan zezakean

ezkutuko lana

zala gorputzarentzat

bearrena zana?».

Munduan gutxiena

uste dan personak,

egiten oi dituzte

lanik bearrenak;

eta ikus dezazun

dala au egia,

irakurri ezazu

urrengo ipuia.

 

aurrekoa hurrengoa