www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gontzetarik jalgiaraziak
Jean Hiriart Urruti
1891-1914, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gontzetarik jalgiaraziak, Jean Hiriart Urruti (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa  

Jean Etchepareri eman erantzun bat

 

        Baiki Manex; ederra dugu hau! Hunek Lekuinez bertzerik ere hunkitzen du. Azken phikoño hortaz mintzatu gabe, zer behar dute huntaz erran haspandarrek? Egun zortzi Papogorrik musika: Lekhorne, Makea eta Luhoso beharko dituela Hazparnek galdu. Egun berriz elektrikak elizan, dirdira sobera duela. Bat xori, bertzea saindu, zer dire hauk holakorik?

        Beharrik larrua on du Hazparnek eta bizkarra zabal, ororen jasaiteko. Ba eta Lekhuinek ere, Hazparne handiaren itzalean.

        Bertzenaz, den bezala erraiteko, bada hor gatz poxiño bat, bipherrarekin, ontsa polliki hatzemana.

        Egia da: bai aphezek, eta bai bertzek, maite dugu, behar-bada soberaxe, begietara doan edergailu hori: argi eta lore, zilhar eta urhe, xingola, girgilleria,... perrekeplum, lakhet zauku biziki.

        Emozute guziz egungo elizetako andre serorei dirdir eta ñirñir egiten duten aphaindura distirant hoitarik.

        Bainan ez da bakharrik elizakoa hau. Etxe-barnetako zer guzietan, oroz gainetik soinekoetan, bitxi da zonbatetaraino emanak giren ezdeuskeriari.

        Ez goazi Lekhuineko sainduak erranaren kontra. Nor bihur bertzalde saindu bati? Ageri dena da bertzalde, gauza guziek badutela hein bat.

        Bizkitartean behar dire oro ikhusi. Hemen urgulu dena badukezu hanxet baitezpada behar. Hala nola, elektrikaz denaz geroztik solas, Hazparneko elizak badu elektrikaren beharra, leihoetarik heldu zakon argiarengatik.

        Lekhuinekoak ez hainbertze holetan. Guk baino hobeki badakike hori hango sainduak.

        Nor othe zen eta zer, lehenago, saindu «mundun zelarik?». Laborari, zapetain edo larru-aphaintzale on zenbeit? Jinkoak daki hori.

        Orizue, nornahi izan zadin, ez bide zen mothela. Hain aspaldi huntan mutu egonik, mihia ez osoki herdoiltzea duzu gehiago. Urtheen eta urtheen buruan, oraino ere hoin ontsa mintzo! Ez denetz bada hoi handi, jaartora!

        Elhe alfer hauk oro baino, nahiago zinukete jakin garbitasuna: zer eta nor zen. Bai alafede eta nik ere... Ez dakit ordean; eta biziki beldur niz, ez daukagula jakinik, non ez daukun berak erraiten bertze aldi batez.

        Berak ikhus, ororen buruan; behinik behin, ni ez nitzaio joanen ondotik, galdez. Nahi badu, mintza bedi.

        Anhartean zerbeitki bederen badakikegu: zer zen, ez; bainan zer ez zen, ba.

        Dio, ez zela aphez. Eta bizkitartean saindu! Jakinen ez badugu ere, gogoeta nago, zer othe zitaken beraz? Haizu ahal da araiz gogoeta hori; ez da gaixtoa.

        Ez zen balinba notari, edo abokat edo mediku? Hum! Saindu guti hoitan. Hasteko notari bihirik, ene jakinean; nahiz ez dezakedan ukha badirela (eta hain xuxen orainxet, eta Lekhuinetik ez urrun)... badirela, hots, hoitan ere gizon zuzenak. Bainan ohikoez gira mintzo. Eta gutiz gehienak hari hailgo nahasi sobera utzirik joanak dire hor harat, saindutzat behin ere ezagutuak izaiteko. Abokatak halabertsu, nahiz hemen ere balukeen orai Lekhuinek, Hazparnerekin esku, nor eman aitzineko... Xo, Barrandeiko leihoetarik nehor barrandan balin badago ere, adi ez gitzaten.

        Eta medikuak? Lehen guti, orai gutiago. Izaitekotz ere Lekhuinen berean zitakeen hango bereko bat, auzo herrietarikakoa baino segurago, lehen.

        Hauxe da erasia! Elheaz jabetuz geroz ezin utz... Barkha dezadala Lekhuineko sainduak, nik ere, haren ondotik, bi hitzño erran nahi ukhan baditut.

        Ageri duket, ez nizela lehengo jendetarik; ba eta ere, ondikotz! ez nizela saindu... oraino. Bainan bizi denaz ez da etsitzeko.

        Badut bethi esperantza, ene potretaren aitzinean ezko-argirik, ez bertzerik, nehongo elizetan erreko ez balin bada ere, bederen zeru xokhoño batean sarthuren ahal nizela, zeren ez bainiz mundu huntan... mediku.

        Kito.

 

Eskualduna, 1903-06-12

aurrekoa