www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gontzetarik jalgiaraziak
Jean Hiriart Urruti
1891-1914, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gontzetarik jalgiaraziak, Jean Hiriart Urruti (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

Murde David

 

        Eskualduna-ren irakurtzale onek othoi barkha dezatedala, egungo solasa kasik ez-deuskeria batez balin baderamat. Behar da orotarik.

        Barkha zuk ere, David, eskualdun zahar alzeiru ezin higatuzkoa, Ezpeletako auzapez gaztea, zure izena, marteilu bat bezala, bi eskuz hartzen badut, eskualdun buru gogor batzuetan sar-arazteko itze bat, oraikotik aldean bertze.

        Hor nonbeit barnago, gazetaren erditsutan ezar banezote, deus baino gutiagorentzat har lezakete; edo utz, behatu ere gabe.

        Iduri zaut hemen, haste huntan, David... izen horrek lo daudenei eta orori, nahi eta ez, begiak zabal-araziko gazkotela eta beharriak xut altx-araziko: «Zer den hau hemen egun... David? Murde David?».

        Murde David hori zuek bezala nik, nik bezala zuek, irakurtua dugu iragan maiatzeko boz-egunetan. —Eta non? —Hemen, Eskualdun-ean.

        Ahantzia duzue, ez dea hala? Nik ez. Ez eiki zuek ere: zoin gizonki jarri den eta dagon gure David, bere adin handian, Ezpeletako gizon zinezko eskualdun fededunen buruzagi. Bainan egintza on horren goresteaz bertzerik da ene egungo xedea.

        Aithor-azue orok egia: nehor guti zareztela orhoit, egun hoitan irakurturik, Eskualdun-ean, bi hitz hauk: Murde David.

        Murde ala Jaun bardintsu zautzue, ez dea hala? Niri ez. Lehen ere erran dut Eskualdun huntan hor nonbeit, behin edo bietan. Bainan badut beldurra, deus erran ez banu bezala den.

        Alferretan izan bedi oraino ere, eta nahi duenak bitxi kausi beza: ez nauke oihu egin gabe, gora eta urrun, gorrek eta orok, on bazeie eta ez bazeie, oraikoan adi dezaten: murde delako hitz itsusi hori ez dela egundaino eskuara izan; ez eta eskualdun elgarri zu eskuaraz erraiten dutenek derabilaten hitz bat, non ez dituzten eskuara eta eskualduntasuna, biak ahantziak. Galduak.

        Frantsesak du erraiten aitoren semeentzat: Monsieur de, edo M. de.

        Orotan bezala, Eskual Herrian ere baziren bertze orduz aitoren-semeak M. de Belsunce eta holako. Bainan M. de... hori frantsesez zarraikoten: ez eskuaraz.

        Eskuaraz, hori baino ederrago, garbiago, xuxenago, eskuarago zen eta da bethi, nahutenek nahutena erranik ere, jauna.

        Jainkoak berak ez du eskuaraz bertze izenik, Jainko eta Jaun-goiko (gaineko jaun), bat direnaz geroz.

        Jesu-Khristo Gure Jauna erraiten dugu, eta badire halere gutartean Jauna baino ederrago baitzeie Monsieur.

        Eskuaraz Monsieur erraitea bitxi zeienek erranen dautzute Murde. Ez dire ohartzen batetara doala; bakharrik Murde erraiten dautzuna mintzo zautzu aitoren seme bazinauzka bezala... iduri trufaz.

        Eskualzale arrotz, nonbeiko basquisants, bascophiles eta eskuara gaixoaren larrutzaileak mintza diten hola: Murde harat, Murde hunat, begoite.

        Bainan eskualdun odolekoak ez ohartzea murde hori ez dela gurea, eta gehiago dena, tuntik ez dugula guk horren beharrik: zer diozue hortaz? Ez dea bitxi?

        Hots hortik othoi; itsusi ere da eta. Banaki koplan, josta nindake gogotik, aldizkatuz murde eta urde.

        Nahuzue utzi hori bazterrerat! Bederen Eskualdun huntarat nehork ez igor gehiago.

        Bota jauna edo deus ez. Hoberenik, hamarretarik bederatzietan, jauna baino ere, deus ez. Eskuarago da. Eskuaraz ongi mintzatzeko ez da aski hitzak banazka eskuarazko izaitea. Hura da bakharrik eskuaraz mintzo, nor ere mintzo baita eskualdunak bezala.

        Ea bada nor entzunen duzuen erraiten gutartean, edozoin jaun ttipi ala handi bere izenaz deitzen delarik: «jaun Oihanburu», edo «jaun Errekarte»? —Ez eta Errekarte edo Oihanburu jauna. Izenaren aintzinean ala ondotik, bardin gaizki doa jaun hori.

        Oihanburuko jauna ba; Errekarteko jauna ba; eta etxeko-jauna ere ba.

        Bainan eskualdunak bere sinaduratzat dakharren izena bera berik aski izen da, gehiagoko forradurarik gabe.

        Ezpeletan orok erranen dautzuete David... labur. Bertze edozoin herritan Etcheverry, Larralde, Harismendy. Nehork ez jaunik hor; are gutiago murde-rik.

        Zertako eman buruari hala ez dena: izena berik motz dela, eta itsusi? Zer du itsusirik berenaz izen batek? Zertako khen eskuarari bere begitartea?

        Errazue nahuzuen bezenbat: jaun medikua, jaun erretora, jaun notaria, jaun errienta; jaun esposa, etxeko-jauna.

        Den gutienik jaun ez direnen artean ere ontsa doake: «ba jauna, ez jauna»; bainan hitz hori berik, hutsik, bakharrik.

        Izena erranez geroz, aski jaun da izen hura bera eskuaraz, David ala Salomon.

        Eta ez da hori zuen ez ene gogotikako zer bat. Eskuara da hola. Ez guk egina, bainan aitzinekoetarik ukan bezala beiratu behar duguna.

        Baitezpada ezin egona dutenek izen guziak, buru has, agurkatu, muziukatu, murdekatu gabe, erran dezatela Monsieur, eta ez Murde. Izpirik ez da berdin hau hura baino eskuarago; eta puska itsusiago da Murde. Bata ez bertzea ez erraitea, hobe.

        Eskuaraz mintzatu nahi direnek erraiten dute eta erranen jaun jujea, jaun mera, jaun axuanta. Bizipide edo karguaren izenarekin jauna.

        Familiako deithurarekin, deus ez: Elizalde, Goyeneche, Amespil.

        Gure baitharik orok hola erran ginezake; bainan ez dakit zerk egiten duen: izkiriatzeko luma eskuan hartzearekin, frantsesa doaku burura, eta ordutik debruak ereman du eskuara.

 

Eskualduna, 1908-07-17

 

aurrekoa hurrengoa