www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gontzetarik jalgiaraziak
Jean Hiriart Urruti
1891-1914, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gontzetarik jalgiaraziak, Jean Hiriart Urruti (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

Uztailaren hamalaua

 

        Aste huntan dugunaz geroz gure errepublikaren besta egunik handiena (14 juillet) bi hitz nahi gintuzke erran hemen gure irakurtzaleri besta horren gainean.

        Anhitzek ez dukete axola handirik, besta hori noiz den eta zertako den ez jakinik ere, diotelarik: «besta eta josteta gose denak egin dezala nahi duena. Gu ariko gira lanean».

        Badire eta ere gutartean anhitz besta delako horrentzat urhats bat egin, edo ere sos bat xahutu baino nahiago luketenak... ez dakit zer!

        Behinik behin Eskual Herrian bozkalentzia guti ikhusten dugu, bandera eta argi guti leihoetan; irhintzina are gutiago dugu aditzen hamarretarik bederatzi herritan.

        Hotz, hotz bazterrak egun hortan, ez bakharrik Eskual Herrian, bainan hemen bezala bertze asko tokitan. Eta non ez? —Orotan bardintsu.

        Osoki gobernamenduaren azpiko diren kargudunak khen eta nehor kasik ez duzu den gutiena aphaindurik ere ikhusiko. Beren buruen jabe direnak urrun daude besta hortarik. Iduri du orok halako minthu-usain bat sendi diotela.

        Ez dea hori bitxi? Frantzia guziko besta egunean oro ukho; oro hotz! Xuriak hotz, eta gorriak... ez bero.

        Nondik heldu othe da hotztasun hori?

        Hastapenean erran zitaken, errepublikari egiten ziotela anhitzek beltzuri. Baditake ere batzuen gibelatzeko hori bera aski zen lehenbizi hartan. Bainan orai? Ingoitik iduri luke orduko bekhoizkiak eta aiharkundeak ahantzixeak izan behar litezkela. Eta bizkitartean errepublika zahartuago, eta errepublikaren besta hitsago, minthuago... Zerk egiten du hori? Zerk egiten duen hori ene arabera, huna bi hitzez.

        Haste hastetik gaizki hautatua da besta hortako eguna; eta hori delakotz behin ere ezin ongi kokatu da jenden gogoan.

        Alabainan behar zitaken Frantzia guziaren besta egun hori, ez izanik ere baitezpada oroen gogorako, bederen errepublika zuzen baten alde direnei bihotzaren hatzemaiteko, behar zitaken izan zenbeit gerthakari handiren orhoitzapena.

        Errepublikaren besta eguntzat hautatu behar zuketen eta lukete oraino ere populuari zerbeit ongi handi ekharri dioken egun bat; laburzki erateko errepublika ohoratzen duen egun bat.

        Halako egunetarik bat othe da uztailaren hamalaua? Ez eiki, horri buruz gehienak hoin hotz edo ephel direnaz geroz.

        Frantziako ixtorio izpi bat xuxen dakitenek ez dute nehork erraite beharrik nolako orhoitzapenak dakharrizkan berekin quatorze juillet delako egun horrek.

        Ixtorioa liburuetarik ikhasia ez dutenek ere badakikete oraino zerbeit beren burhasoek erranik. Ez dire oraino ahantziak duela ehun urthe Frantzian gerthatu ixtorio... pollitak!

        Ahantziak dituzketenentzat erranen dugu mila zazpi ehun eta lauetan hogoi-ta bederatzian, uztailaren hamalauan, Pariseko populua gobernamenduari jazarri zitzaiola, egun hautan jazarri nahi zitzaion bezala, bardin-bardina.

        Bazen orduan Parisen presondegi zahar bat, la Bastille deitzen zutena. Orai ere badire presondegiak Parisen; ba eta behar ere presondegiak eta naski gero-ta gehiago behartuko...

        Bainan nola orai bezala orduan ere jende xehea sinhetskor baitzen, gizon tzar batzuek gezurra sinhets-arazi zioten, bazaduzkala gobernamenduak presondegi zahar hartan ez dakit zenbat eta zenbat ehun gizon dohakabe, hobenik gabe han preso ezarriak, burdinaz estekaturik, erdi goseak, hezur eta larru bilhakatuak!

        Gezurra zen.

        Bainan nola ordukotzat buruak harrotuxeak baitziren, gezur hori aski izan zen asaldo bat izigarriaren altxarazteko. Populuak handik eta hemendik harma eta bertze tresna parrasta bat bildurik, inguratu zuen presondegi hura, oihuka eta mehatxuka, su emanen ziotela, eta bere barnekoekin erreko zutela ez baziozkaten hango atheak idekitzen.

        Arren zenbat presuner uste duzu zirela han orduan? —Ez mila, ez ehun, ez eta hogoi ere; bainan zazpi. Zazpi hetarik lau, ohoinak, diru faltsu egileak... hots, lau panamixta ederrak. Bertze bat, bere aitak han ezar-arazia, nehork neholere ezin hezizko muthiko tzar bat. Gero bertze biga, errege hil nahiz beren buruak galdurikako bi erhoska.

        Hara orduan han ziren presuner guziak: oro ere zazpi, eta oro hobendunak.

        Zer egin zuen halere populuak? Presondegiko zainen buruzagiari hitzeman zioten bizia utziko ziotela, baldin populua sartzerat uzten bazuen. Harek utzi gaizoak, ustez bihotza hautsiko ahal zitzaiotelakoan.

        Populua barnerat sarthu; eta jaun dohakabe hura harrika, tiroka eta ezpata-ukhaldika hil.

        Hil-eta lephoa moztu zioten. Haren burua gerren baten buruan erabili zuten hirian karrikaz-karrika, oihu eta garraziaka.

        Ordu berean ohartzen dire hiriko auzapheza ez dutela hanbat beren alde. Nahi zuketen eiki beren tzarkerien egiteko jaun hura aitzindari ukhan; bainan harek ez bide zituen onhartzen egitate itsusi horiek. Odol-ixurtze ikharagarri hura ikhustearekin, nigarra jauzi zitzaion. Bertzek oihu: «Baia nigar? Guk sar-araziko dazkiaguk nigarrak. —Zer da? Zer da? —Auzapheza nigarrez. —Hil, hil auzapheza!» Berehala gaixtagin bat hurbiltzen zaio; tiro batez erdiz-erdi erretzen dio begithartea. Hil-gogor erortzen da. Lephoa mozten diote; eta haren burua ere, bertzearena bezala ziri baten puntan badaramate hiri guzian gaindi; bi buruak bat bertzearen aldean, begiak zabaldurik, larru guzia odolez eta lohiz beltztua: zer ikhusgarria! Zer besta ederra!

        Hil zituzten orobat presondegiaren zain zauden soldadoetarik hatzeman ahalak oro. Presondegi-etxe guzia lurrerat arthiki zuten, harrasi ezkina bat ere xutik utzi gabe. Gero hango harrietarik bat igorri zuten Frantziako hiri eta herri guzietarat. —Zertako? —Orhoitzapentzat!

        Harri hura ez othe zen orotarat heldu? Ala ez othe dute gure arbasoek haren begiratzeko artha hartu? Ez dakigu. Bainan herri bakhar bat ez dugu ezagutzen orhoitzapen aberats hura galdu eta ahantzi ez duenik. Zer eskergabetasuna!

        Horra beraz nolako orhoitzapenak dakharrizkan uztailaren hamalaueko besta handiak!

        Geroztik hunat ehun eta hiru urthe joan dire. Orduko presondegi batentzat badire orai Parisen berean (bertzeak bertzalde) hamar presondegi. Orduan baziren presondegi haren zain zaudenak ehun bat soldadu zahar. Orai badire Parisen zenbeit ehun presuner preso, eta preso ez direnen preso ezartzeko kheinu baten begira daudenak... berrogoi-ta hamar mila soldado, lau mila jandarme, sei mila hiri-zain, populua larderiaren azpian atxikitzea baizik bertze lanik ez dutenak. Eta halere beldur!

        Horra zertan giren uztailaren hamalaueko egun handi hartarik ehun eta hiru urtheren buruan. Nork ere baituke orai orhoitzapen horren ohoretan besta egiteko gutizia, on dakiola!

 

Eskualduna, 1893-07-14

 

aurrekoa hurrengoa