www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gontzetarik jalgiaraziak
Jean Hiriart Urruti
1891-1914, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gontzetarik jalgiaraziak, Jean Hiriart Urruti (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

Dugun atxik eskuara

 

        Galtzekotan othe da eskuara? Zer dute ala begietan amentx, poxolu, egungo egunean ohiko gauza onetarik gutiz gehienak bezala, eta ez othe guziak? Hori bederen ezin utz nonbeit!

        Bertze bat nehon ez bezalako mintzaia, eskuara; gizon argituenek diotenaz, holako bakarra; egiazko ontasun bat hor guk eskuetan duguna; hainbertzetarainokoa non arrotzak elgarri baitaude: nola ezkiren guhaur huntaz hartuago, huni atxikiago eta jarraikiago.

        Eskuara errotik aski ontsa ezin ikasiz ari jakintsun batzu bazter guzietan, hurbil eta urrun; gu eskualdunak huni esker bethidanik elgarren herritar, odol bereko haurride bagine bezala; hau gure lokarri, ez jakin nola gauzkana Eskual Herriari estekatuak oro bihotzez, menderen mende —ez bakarrik hunek, bainan ez hunek gutienik. —Guk behar hau galdu?

        Eskuara, Eskual Herria, eskualdunak, ez othe litake bada ederrago eta hobe Frantziarentzat, ahalaz lehengoen iduriko begira balitza orai eta gero, bethi bardin?

        Onthuz ba, geramatzatela, nahuten bezenbat, bainan eskualduntasuna khen, zertako? Eta zer zuzenez? Bertzalde, nola berex elgarretarik herri, mintzai eta gizon, elgarri hoin josiak, hoin elgarrentzat eginak?

        Ahantzia naski, gure arbasoak beren baitharik eta berek nahiz frantses bilhakatu zirenetik hunat, eskualdunari, ba eta eskuarari asko zor badiola Frantziak? Zenbat ere baitzen hau ja ordukotzat ederra, edertu baizik eztela eta onthu, azkartu, itxuraz ala izaitez, gu beretzearekin... ahantzia.

        Orobat erran dezakezu Espainiaz, edo are gehiago.

        Ahal da ere bertzerik oraino bazterretan, berenganat har ginitzazketenik bi besoak zabalduz, eskuara hau dugun baino itzal handiagorik ez ukaitekotan; hitz dautzuet.

       

        Zertako nahi ginituzkete eskuaraz gabetu? Dugun erran berehala, egungo ez-eta-ba zurruburruez puska gorago doala hemen gure galdea; ezpaita egia bezalakorik, batzuetan ala bertzetan badirela eskuararen aldekoak eta etsaiak.

        Duela zenbeit aste, Baionako karrika batean uste gabetarik buruz-buru egin dute hiriko bi apezek Frantzia beheretar jaun eskualtzale batekin. Ezta gizona guretarik; gure arak, eta gutiago gure sinestea, eztire harenak; gogoko baino begietanago ditu hemengo zerak. Halere, itzuli bat eginik gure bazterren ikusten, bihozmin zuela, zion gibelerakoan —garbiki gero eta zinez bihozmin: ikusirik eskuara eskuetarik joaki eta tokitan kasik joana. —Alegiazko mina othe? —Zertako ez bardin egiazkoa? Bertzeak bertze, badaki eskuarak holako jaun baten berri, xoratuak daudela, zein den ederra! —Biziko othe den? —Delakoak berriz bere burua gizonago baizik etzuen egin, hanxe aithortuz eskuararen alderako bere atxikimendua.

        Ezta gutiago egia, jaun harek eta hura idurikoek —leherra baitire, azkarki gogoa eskuara huntaz hartua dutenak— badutela dakizuen gazte batzuen eite, zuen barkamenduarekin, samurrean zer ari ziren jakin gabe, edo gaixtakeriaz, edo jostatzeko, su eman berek edo utzi lagunak emaiterat, auzo edo beren etxe ezkina bati, eta gero... garra gainez gain doala... izituak, harrituak, oro suntsitu behar othe diren!

        Dena den, aspaldiko herstura gaixtoenetarik bat berritan garhaiturik balin badago eskuara, egungo gizonekilakoa daukaten ezkualtzalenganikako laguntzarengatik, behartu zaio bertzerik: haize ona eta gaixtoa, biak; bere zailtasuna; eskualdunen eta oroz gainetik laborarien atxikimendua.

        Nahuzuea xehetasun bat? Doakola bakhotxari berea. Gaizo eskualdun laborariak, nor izanen da zuetaz bertzerik, eskualdun ohidura on guzien eta bereziki mintzaiaren begiratzale? Zueri dago eskuara.

        Egun hitsen artean hitsagoak badire; ezin ahantzizko amets gaixto baten orhoitzapena bezala utzirik joanak diren halako egun batzuz, zernahitako aiher dazkigun gizon hoitarik aski erhoak izan zirenean, aski atrebituak, gure eltzetarik fuera kanporat eskuararen manatzeko, han gerthaturik Eskualdun kazeta ttipia, orok bezala itsuskeria hortaz bere hitza erran zuen; bertzek baino goraxago eta bizixago behar-bada, bainan gehiagokorik ez. Bazen aski. Eskualduna-k hel-hel oihu egin orduko, trumilka badoazko eskualdun irakurtzaleak: harekin direla oro eskuararen alde.

        Egitatea gaitzitu orori: zer zuten tzarkeria hori bertzen gainera? Etziren lurrerat erori kazetañoaren hitzak.

        Aro gaixtoaren oldarrak inharrosirik landarea lotzen zaio ausikian lurrari; ordu arte ja bizikor eta pixkor, bainan hein batean koxkor gelditua egonik urtheak, hartzen dautzu bet betan hedadura bat, goiti eta beheiti eta bazterretarat, zabalduz doala eta azkartuz, nola! Egun batetik bertzera doblaturik, erredoblaturik jartzerainokoan. Oro elgarri beha, etsai, adixkide, langile: «hauxe da handitzea!».

        Orizue, ezpalin badu gure arbolak sarrixago, Jainkoaren laguntzarekin, bere osto zabalez itzaltzen Eskual Herri guzia; hunen fruituak ezpaderamatzate harrapaka eskualdunek, eztu zeren nehork behinik behin lurraren gain eman. Ona da lurra.

        Bota lehenago alferren gain, uzten badute lur hori lo, harrotu gabe; edo laparrak hartzerat, garbitu beharra, aitzurtzea bethi neke delakotz, eta nekeago aro gaixtoarekin.

        Goazin mintza xuxen, eta itzul gure solaserat, nahiz ezkiren hanbat urrundu. Orhoitzeko da bethi: jende xeheak eztuela bihotzez ala buruz nehori zorrik; nondik loth adixkideak, behar-ordu batez, baduela lokia; ... ba eta zeri berma ere balukela ostiko bat begitartera kask eman lezoken etsairik azkarrenari eginarazteko buruzkain itzulipurdi.

       

        Bainan gu bezalakoak eztaki askotan zer egin; behar du bidari, eta artetan atzarrarazle. Eztakien harek berak, zer egin eskuararen zaintzeko, begiratzeko? Deus guti; aski ez bethi kanpoko ala barneko etsaiei ihardukitzeko.

        Kanpotik —bethi berak, ezpaitute bertze lanik, ez eta bertze sukarrik, gau eta egun, baizik ere nondik zer elhe nahasi duten jalgi ahalko—: guk maite ditugun guziak baitezpada belztu beharrez lehenik, eta gero purtzupilaturik ezarri zangoen azpian, mintzaiak eta oro.

        Elhe gutiz hor bakotxari berea.

        Barnetik —lazakeria, ezazolkeria, eta beldurra—; bertzalde, Jainkoak dakiela zenbat burutan sarthurik eta —sarthu badire sarthu— han kokaturik dauden kakolakeriak.

        Hala nola, zenbatek eztautzute begi ukaldi batez neurtuko berehala... phhh!... zertsu ahal den eskuara! eskualdun itzain ixtazabal, zangoa herrestan bere idi eta orgen aitzinean —edo gibeletik— tuku-tuku, doanaren mintzotik, urhatsetik, soinekoetarik?

        Iduri eta itzaingoa eztela bertze edozoin bezen bizipide, zeren den asko baino nekeago!

        Gizagaizo itzain higatu hura xutago bailitake naski eta gurbilago, norapeit ikasiago, eskuaraz mintzatzeko orde zuek eta ni bezala, haren matrail hezurrak ari balire talo bero jaten obernesez, edo areagoko frantses tutulu tuntun idiek ezin jasanezkoz.

        Ezta ez gero aski erraitea: hau eskuara, hori frantsesa. Batean bezen ongi bertzean ere badire itzainak. Behar ere ba; orotan orotarik. Itzainen trufariak nahi nituzke ikhusi heien laguntzaz gabetuak sei hilabethe... ea nola bizi litazken?

        Eta gero, zer uste lukete hoberik, baserritarrak hiritar bilhaka balite, mendiak ordoki, oro bardin, legun-leguna? Ezkinuke deusen beharragorik!

        Balakite gure berri hobekixago hiritarrek! Eztirela gutartean eskualdunenak ere, hiritik urrunekoak, bat ere bertze batzu baino tontoago beren hartan, balakite, bertze begiz beha lezagukete.

        Zernahi izan dadin, gure eskualdun begientzat ezta halako pestarik, nola hiriko karriketan bonetun, xamardun zenbeiten ikustea. Bethi bere hek bakotxari eder.

        Ororen buruan, guk ere ordainez nahi baginitu hiritarren itzalak altxatu, aski ginuke begiak idekitzea... lehen ikusiari loth. Ezta lokia eskas, Jainkoari esker.

        Hain dute hastio askok eskuara non, izenak berak okastatzen dituela iduri baitute. Basque... hitz hori kasik ezin erran, goitikeskaini bat gabe. Eta oraino hori ederrena.

        Deus ez litake, beldurtzeko ezpalitz, haurren beharriak, ahalge diten azkenean beren sor-mintzaiaz eskualdun umeak, bereziki Norgiragu-eneko Jauna denean mintzo; ez ahalge, zernahi izan, hura bezenbat badirenez trufatzeko. Hari behar lakioke eman eskuara ikas dezan. Baluke behingo!

        Heintsu bera dute gure mintzaiari beltzuriz daudenen erraiteko guziek. Alta bada zenbeit!

        Eskuararen etsai guziak eztire bardin ageri; gordeak gaixtoenik.

        Gorde ala ageri, etsai ditu, gobernamenduko eskolak beren buruzagiekin. Alde balitu bederen gure eskukoak? Ez ditu hek ere lehengoak bethi hala ukan. Orai gelditzen zauzkun bakarrak, eztakit; agian ba. Bainan huntaz bertze sabeleko minik ezpaginu; gure Fraide eta Serora ohi eskolatzaile onez orhoitzeak berak ezpalauku bihotza hausten, baginuke hitz bat hemen erraiteko; zeren gu bertze orduz altxatu gituztenetarik zenbeit, esker gaixto onik erakutsirik baitaude gaizo eskuarari, Eskual Herri bethean. Hazteria ukan balu, etzuten urrunago atxikiko eskoletxearen inguruetarik.

        Nahi dut haurrak frantsesari lotzeko, bereziki hastapenean, behar direla eskuaratik behin higuindu, ttipiagoan amaren bularretik bezala. Bada ordean orotan izari bat; handik goiti, soberak sobera.

        Frantses hutsean emazu haurra; eskuara hitz bat ez haizu, goizetik arrats. Mihia lerratzen bazaio uste gabetarik, larderia zazu eztakit zer egin balu bezala; ez barka buruan sarthu arte, deus eztuela ikastekoetan ikustekorik eskuarak... Azkenekotz, nahi eta ez, hits bat geldituko zaio ariman bizi guziko: hola denaz geroz, deusetako nehorentzat eztela on eskuara, tokilo zenbeitendako baizik; ez on, eskualdun herritar bati, ez eta ere haurride bati bi hitzen izkribuz igortzeko ere.

        Hoik oro hola, bizia zail behar du ba mintzai batek, ihardukitzeko. Emozkitzue oraino bertzalde nehork ezin ixilarazizko kalakari batzuen erasiak; zoko guzietan baitire, deus ez jakin eta orotaz mintzo: eztela oraiko mintzaietarik eskuara; gibelatuegi dela. Eta zoin gaixtoa ikasteko! Diotenaz, debruak egundaino ezin ikasi duela. Egia balitz! Baginuke aski hori bera, gure onetan ez uzteko galtzerat eskuara.

        Zer ezterasate oraino? Hain dela bihurria eskuara non eskualdunek berek ezpaitakite ontsa; nehondik eztela bertzen urhatsari jarraiki ahalko; ja puskaz aitzinduak dituela oro alde orotarat; berekin gu ere leherra zerez gibelatuak gauzkala. —Deus ez elhe.

       

        Huna elhez bertzerik, nahiz elhen ondorioak. Burhaso eskualdun batzu, axolarik ez dutenak beren haurrei eskuara harrarazteaz. Eta zenbat eskualdun seme-alaba, astomakiletarik ez hanbat aitzinatuago, eskuaraz baino nahiago baitute frantsesez izkribatu elgarri, hitz bezenbat huts eginen badute ere. Alde bera daukate bi kazeta, ongi ala gaizki eginetarik, itsura, utz bazterrerat eskuarazkoa. Etxetan, bidaietan, eskualdunak eskualdunekin ezin mintza eskuaraz. Holako eskualdunen haurrek, handik edo hemendik, ebaska, bildu hitz bakarrak laster ahantziak.

        Eta lehen kominioneko liburuño hura, amitxiren orhoitzapena, eskuaraz? Ba zera! Elizako liburu eskuarak badirelarik, hein bat begikoak barnez eta estalgiz; erosteko eginak, eta ez naski saltzalea baithan egoiteko bipien hazkurri; frantsesa behar baitezpada, bertzek ere hala dutelako estakuruan, haur gaixoak ezpadu ere meza non den hatzeman ahalko —are gutiago irakur— begien aitzinean bederen idekirik atxikitzeko, egun hartan.

        Eta hilen mezak? Ehorztegunetan bil arau izkribuz emanak frantsesez, elizan irakurtzeko eskuaraz —frantsesetik! Irakurtzale eta aditzale, ororentzat pastikagarri, bederen hartu arte, oro hartzen diren bezala.

        Eta hil-hobien gaineko hitzak... bitziz irri ala nigarringarri? Han-hemenka ikusi zenbeitek ezpailezakete bat ere gaizki eman sail huni datxikola, ezpalitz hilen eta bizien zauri berritzea. Ez izanen zenbeit apez bederen gehiago, bertzei erakusle, herritik joanen izenei darraizkoten azken hitzak eman ditzatela herriko mintzaiaz! Zenbeit othoitz gehiago balukete emazte jainkotiar urrikalmendutsuetarik; ba eta gure tokietan oraino hilen orhoitzapenari hain atxikiak diren gizonetarik.

        Hilerrietan direnentzat bederen ez erran: frantsesa behar zeiela ikasarazi... Hobeki loake han eskuara poxi bat; gaixo mintzai arroztuak nonbeit bederen hatzeman ditzan eta ezagut bereak; heiek ere ba hura, —elgarrekin doazila erhauts.

       

        Zenbat etsai gure mintzaiak, argi eta itsu! Orok ahantzia daukatela eta utzia bazterrerat, saldua merke... ezpaitezaket bertzela erran eskuaraz.

        Nondik nahuzue dihardukan dohakabeak, batzu ostikoka, bertzeak ihesi doazkolarik? Ez oro beharrik, bainan biziki sobera eta bethi gehiago. Hola joanez, nehondik eztirauke, gero-ta handiagoko mirakulu batez baizik.

        Apez eta eskualdun aizinatuak, zer egin dugu hoinbertze aldetarik holako hersturan den eskuararentzat? Behako bat hor bakotxak bere buruari.

        Ez erran, frantsesa dugula poxolu gure lurretan. Hauk atheraldia orai berriz hau: frantsesa poxolu guk? Gu frantsesaren etsai? Nehor eztaukagu Frantzian gu eskualdunak baino frantses hoberik. Gure lurrean gira Frantzian bertze edozoin bezen ongi. Frantses mintzaia gurea da. Ez dute zeren guri lephotik loth, iduri-ta nahi eztugulakoa iretsarazi beharrez.

        Ahal dugun bezala mintzo gira frantsesez; halere, uko gaudela derasatenak bezen gogotik eta xuxen.

        Bainan gure eskuara ere laket dugu. Noiztanik othe da ez haizu bi mintzai ukaitea eta biak maite, izanik ere lehenari, hurbilenari, bereago hari estekatuxago?

        Ba, poxolu ditugu, begietan ditugu, etsai ditugu frantsesaren itzalean eskuara itho nahi luketenak. Eskuararen atxikitzea gure zuzena da eta eginbidea, adixkide maiteak. Huna zertako.

       

        Zertako atxik eskuara gure mintzaia? —Lehenik, gure mintzaia delakotz, sorgin ez izanikan ere, hatzemanen zinuen hori laguntzarik gabe. Hori nehorat irets eztezaketenen burua dut nik ezin irets.

        Bigarrenekorik, gehiago dena, kendu nahi daukutelakotz eskuara. Bakotxak bereari datxikon estekamendua iratzartzen da, etsaia hurbiltzearekin.

        Ohartzen bazira zure sakelan, sast edo xixt, sartzera doakizula esku arrotz bat, etzira luzaz egoiten zure baithan gogoetan: «zer othe da hau?». Ez; bainan krak berehala zuk ere zure eskua hara berera. Hori zauku gerthatu guri eskualdunei, arrotzak baino areagoko frantses herritar batzuk nahi ukan daukutenean kendu ahotik eskuara, eta guhauren sakelan sarturik, han atxiki gordea, preso, alfer: hori bera aski, luze-luzea eta zalu atheratzeko, dena kanporat.

        Ogi huts ala zaharo, guziak baino zailago eta gogorrago eskualdun kaskoetan thema.

        Hirugarrenekorik, eskuara kenduz geroz, kentzen ahal laukukete eskual izena ere. Zertako ginuke?

        Eskuarari esker gira eskualdun.

        Jakintsun eta bazter-ikusle arrotzak ohartuago dire guhauri baino gure mintzaiari. Alde orotarik, eta batzu biziki urrundanik, dathozkigu, begi beharriak zabal eta erne, ikustera, entzutera: nola mintzo othe giren eskuaraz eskualdunak?

        Nor erran, zenbat angles, aleman, holandes, rusiano, beljikano, frantsesez berzalde, —zenbat diren ibili hemen gaindika; gure auzo hirietan trikatu, hala nola Baionan; hemengo botigetan, ostatuetan, deus ikustekorik den guzietan sar-jalgi eginez; orori galdeka, jitean eta joaitean, Eskual Herri eta bereziki eskuara hain handizki aiphu direlako hautaz?

        Frantsesean gehienik trebe diren jaun argituetarik baita René Bazin, hunek dio bere liburu ederretarik batean behialako batez treina hartu zuela Parisen, edo urrunago, biziki urrun; ikusi nahiz eta ikasi, hemen tokiaren gainean, bi, hiru, lau hitzetarik hitz bakarra egiten dutelakotz langues agglutinantes deithu mintzaietarik denez eskuara?

        Bati galda, bertzeari galda, ez muthil ez nausi, nehork ezin eman zion garbitasunik. Baiona guzian, berak dionaz, eskualtzale zinezko baten hatzemaitea, solas egiteko, lanik aski. Eta oraino badut beldurra, jin bidez joan behar izan zen gibelerat, egundaino bezen itsu.

        Ezta erraiteko baizik, holako gizon argituek hoin gogoan duten mintzaiak baduela nonbeit zerbeit onik.

        Jakintsunek baino are gogoanago dute gure mintzaia koblariek. Nago, ez othe diren ere frantses koblari guziak oro guti edo aski eskualdun, frantses direnaz geroz? Gu, Frantziako eskualdunak, lehenik eskualdun girelakotz gero frantses giren bezala bardin. Ezta hau elhe ahula; da xuxena. Koblariez bezen xuxena eta egia heien iduriko arima eta bihotz jabe diren guziez, hek bezen gora ez heldurik ere.

        Ez nauke hemen aiphatu gabe gure adixide handienetarik bat —ez ahal baitakite orok hau ere gurea ginuela —François Coppée zen koblari maitagarri, gizon ona. Ez bide baitzen hau jakingura, zertarik nola ditugun egiten eskuarazko hitzak; hitz hautarik bakotxa zenbat piruz den iruna ikustetik xehe-xehea zer behar zuen harek? Goiti, goiti koblariaren arima; gure lurretan zangoa eman orduko igan, jauzi, lehen hegal ukaldiz... irrintzinaraino.

        Irrintzina... salbai garrasia delako hura? —Hura eta bera. Ba naski! Salbaiak oro salbaikeria. Nori nola zaion. Baditake hor beharria xuxen eta burua oso dituenak bertzerik erran lezaken. Coppée berme.

        Agorril-buruil gau izarretara, Getheriako ur-hegian, jaun hura zagon etxeko seme haur on batek aski zuen harek hitz bat erraitea, harantxetara joan eta irrintzina egiteko, itsasoak ihardesten ziola; hunen orro burrunba eta mendietan hegoa bezalakorik ezpaita gauaz irrintzinaren lagun.

        Coppée paristar izanagatik, ja ordukotzat haren arima giristino bezala, eskualduna zen eskuara musikan hain laket zitzaionaren beharria.

        Jauts giten lurrerat.

        Hiritarrek menditarrak ez ditutzue hastio, ba ordean heien mintzaia higuin; aithor azue zuen hobena. Eskuara ezta dioten bezen itsusi ez izigarri. Denarentzat ezagutzen bazinute, laguntza onik egin lezakezue, zuen sehien eskuratzeko, bidatzeko, zaintzeko baizik ezpalitz ere.

        Eta nork daki zuen haurrek eztuketenez geroxago eskuara zihaurek baino laketago eta beharrago? Sarri zuen alabak erraiten balautzue, doiño bat gorrituz, beharri xilora: «aita, ama, bada ha-han, holako herrian, jaun gazte bat nehor guti bezalakoa; burhaso ditazken ohoragarrienak, nahiz eskualdun; gaizo muthikoa, josia, itzatua bere tokiari; han sorthua, edo han ari lanean; han baizik ez laket. Zer egin? —Orizue, aitzinerat, zer gertha ere, athorra mihisen artean sar eskuara poxiño bat. Nork daki nor zeri dagon?

        Zuen semea izan ditake mediku edo notari Eskual Herrian. Ezpadaki eskuara, urrikari dut, behingo bederen. Galda zenbeiti.

        Hirirat ere gogotikago doazi eskualdunak eskuara dakien mediku, bankier, abokatarengana. Ba eta «Eskuara mintzatzen da» beren etxe-sartzean emana duten saltzaletara. Artetik erran dezadan, ahal den eskuara baita hor den hori. Bada oraino hitsagorik.

        Eztuzue irakurtu sar-jalgi handiko hiri-etxe zenbeiten aitzinean emana frantsesez: Entrée libre, eta haren parrean eskuaraz: «Chartzea libro»? Zer? Gaixtatzea othe? Ala aldixartzea, hil hurrantzea? Milesker, goazin aitzina, barne hortarat, sarthu gabe, hor xar ditakeno.

        Ah! zoin gogotik esku eman ginezoketen eskuararen galtzeko baizik eztiren perrekeria hoik oro lehenbailehen garbitu nahi lituzketenei; eta gero elgarrekin orok bat eginez, gerla gerlari, eskuararen etsaietarik bat ahantzi gabe, burutik buru!

        Bertzeak eskuararen galtzeari bezala, gu begiratzeari.

        Hel hunat, guti bada guti, nornahi izan diten, eskuara garbi atxikitzen laguntzerat lagozkenak.

        Diote, buru hauste gutiago ginukela, utziz eskuara hiltzerat; eta bizitzeari thematzen bada, kenduz. —Eskuara ken, zer zuzenez? Eta gero azkenean, kenduz, ez othe ginezake irabaz baino gehiago gal?

        Zer uste lukete, ala eskualdun tzarretarik frantses onak egin? Ba, giristino galduetarik dazkitzuen gizonak egiten eta ja eginak dauzkuten bezala.

        Geroaz grina duenak badu hor gogoari zer eman.

        Jainkoaz othoi, zertako hoinbertze elhe? Mintzai guziek bezala, baditu eskuarak ere zenbeit itzal; bertzek baino handiago ere dituzkela batzu, emagun. Bainan hatsa zail duela bederen erakutsi du engoitik. Hain da zahartua, aitasotua, ezpalu ere bertzerik alde, iraun duen mende lerroa baizik —ez jakin zenbat— adinean hain da urrun joana non gaztetuz gibelerat baizik ezpaitezake hemendik harat egin. Hiltzekotz, hila litake aspaldi ja. Mundua mundu deno irauteko egina izan behar da eskuara.

        Eskuararen ez ikastea, gure auzo gurekin hainbertze egiteko duketenentzat, beren buruen asko errextasunez gabetzea da, ikasteak berak eman lezoketen atseginaz bertzalde.

        Bainan eskualdunek berek beren mintzaiaren ahanztea, uztea, huts bat handia eta kalte bat ez ttipia guretzat; agertzeko on den irabazirik hor deusek ez nehork. Ja ezta gaitz ikustea, hein huntaratzeak ezkituela onthu; beheiti goazila, ez goiti, nahutena erranik ere.

        Ez, ez dute zeren erran eskuarari kendua frantsesari eman doala. Hala balitz ere, ez litake zuzen, ez eta zuhur; are gutiago egungo egunean... ez jakin bardin zeri gauden, ez norat geramatzaten, ez eta frantses izenetik eta mintzaitik zer geldituko den ere sail hunen buruan.

        Eskuara, zinez, mintzai eskalapoin zahar okitu batentzat daukatenek balakite zoin diren ederrak eskual hizkuntza berezi batzu, kasik oro; bihotz, edo adin, edo nausitasun arau, bakotxari doako atxikimendua eta ikustatea zoin gozoki, zer itzuli bertzek ez bezalakoarekin derabiltzan eskuarak, balakite, zahartzeak ez deusek ez dituela higatzen ez eta histen ere den gutiena!

        Eskuara? Non da eskuara bezala dagonik bere hartan bere gain; aberats ez izanagatik, berez bere bizi, edo ahal bezen zor guti eginez?

        Auzo jaun handiek beren ontasunak haizeari burrustan besagainka; egun ba eta bihar ez. Eskuara bakarrik bere hatzean tente, deusek ezin kordokatua.

        Bertzeak bertze, to eta no, baten orde hor biga dituelarik eskuarak; ehun urthe baino gehiago huntan frantsesak utzia zu burhaso-haurren artean; eskuarak zu baitauka bethi, zerbeit bada hori bera. Haurridek bakarrik to eta no; heiek ere ez bethi.

        Senar-emaztek sekulan eskuaraz, non ez duten ahoa frantsesean hortara jarria... orduan, ez aldatzeko? Bainan hain da itsusi eta dorpe non Jaun-Andere batzu baitazkit elgarri tu-toi erraiten dutenak frantsesez, eta eskuaraz bethi zu.

        Okaztagarri dena eskuaraz, haurrek aitari erraitea to, amari no; joitea bezalatsu.

        Burhasoek haur handituei to eta no; ttipiño direlarik, ez; orduan zu edo xu.

        Holako arthak dituen mintzai bat, etxeraino bi hitzetarik bat zu duena, ez haizuko iguzkiaren pean bere doi tokiren jabe?

        Itzal bedi, itzal eskuara Eskual Herritik; izanen da eskuaraz bertzerik oraino gutartean eskuarak baino gehiago argituko eztuenik.

        Erlisioneak ere azkarki estekaturik gauzkala eskuarari, ageri dena da. Nork eztu ikusten?

        Mintzai guziek hartzen dute erlisionea; batzuek hobeki; hautarik da gurea. Aspaldi du elgarrekin dabiltzala, batek bertzeari beretik eman eta har, menderen mende. Eliza katolikoaren mintzai den latinari maileraturik dauzka eskuarak erlisioneko hitz gehienak; heieri esker da den bezen laket eta errex, eskuaraz katiximaren egitea eta predikatzea; ba eta gure kantika eder ahotik ezin utzizkoen emaitea elizetan. Orok baino gehiago gauzkate josiak eskuarari erlisionezko solasek eta orhoitzapenek; hauieri aldiz eskuarak.

        Eskuaraz ikasirik arbasoek erlisionea, utzi daukute eskuaraz. Mintzai eta sineste, nahi ditugu atxiki elgarrekin, lehen bezala orai eta gero. Gure lehia da, gure zuzena eta gure xedea, zernahi gertha.

        Eskuarazko liburuak oro kasik erlisionezkoak dire; hek aurdikirik bertze batzu ezar ordain! Zertako? Ezta zeren. Hobeki erraiteko, badugu zeren guk, apez eta fededun eskualdunek, elgarrekilakoa bethi eskuaraz atxik; eskuara baita bethidanik eskualdun elizetako mintzaia; gure eskualdun amek lehen hitzak, lehen othoitzak eskuaraz erakatsi baitauzkute. Horra guk egia garbiki. Zer dute ihardestekorik erlisionearen eta eskuararen etsaiek! Argi bethean agertzeko on eztiren ilhunkeria zenbeit. Ez elhe, are gutiago, xede zuzenik ez hor.

        Kopetarik aski ez, diren bezalakoek, eskuarari berari jazartzeko agerian; itzul guri apezei buruz; orotaz gu hobendun; bethi gu.

        Guk daukagula itsu mintzai hori, eskualdunak horri esker buruz beheiti atxikitzeko. Egiazko egia dena da, gezur hori derasatenek luketela nahi eskuara izilka-gordeka urkatu, alegia deus ez, gero eskualdunak errexkiago bereturik, beren hats gaixtoaz kotsaturik, lehertzeko.

        Guri, eskuararen atxikitzea eta zaintzea etsai guzietarik, ahal oroz: elhez eta egintzaz. Erlisioneak eskuarari, eskuarak erlisioneari esku eta laguntza. Dogozila hor elgarri lothurik bethi.

       

        Nola atxik eskuara?

        Lehen-lehenik eskuararen atxikitzea bertzen gain ez utziz; ez eta ere gobernamenduaren gain. Nago, nola diren oraino eskuararen ona, bertze askorekin, hortik igurikitzen dutenak.

        Gero noizpeit, bertze buruzagi batzuek, edo hauiek berek, oneratzearekin, idekitzen dazkotenean herrietako eskolak eskuarari!!! Ba eta ordu arte amets horren gainean egon lo, lan zotzik unkitu gabe!

        Eztugu zeren deus hanbat igurik eskualtzale jakintsun arrotzetarik ere. Hoberenek aithorturen dautzuete, deus eztezaketela, edo deus kasik ez, gure laguntzeko eskuaren begiratzen; deus baino gutiago, beren gain utz baginezote.

        Eskuara bizitzekotz, biziko da eskualdunei esker.

        Auzoek eta adixkidek egin dezoketena, lanaren errextea. —Nola?— Behinik behin, eskuararen alde mintzatuz ahal bezenbat. Egiaz egia, behingo solas. Bizkitartean hortako behar da zerbeit jakin. Eztakiena dagola bederen gaizki mintzatu gabe ahalgez, kopeta eskasez kalakarien feratzeko. Ixilik egoitea bederen ez ahal da gaitz; zozo ez izaitea aski. Noiztenka bihur; ez egon ikaran bethi koropilo.

        Frantses ala arrotz, jakintsunak hitz bereko dire: bekatu litakela eskuara gal ladin. Eta zer? Gure lehen auzoei, gurekin ardura, kasik egun guziez kurutzatzen direnei sobera litzaioketela heien aldean bizi dadin eskuara, hats handia hartuz! Mintzaiaren hatsa, bizia, mintzoa da.

        Utz beraz hortik auzoek eskualdunak eskuaraz mintzatzerat, bederen Eskual Herrian —eta zertako ez, gabiltzan toki guzietan?

        Urhats bat ezpaitezakegu egin, eskuarari bethi muthur dauden koskari batzu oldartu gabe; larruaren barnean eztauzkela, beharrietara doakotenean bascou itsusi hori.

        Hori baino bi tantoz itsusiago berak.

        Kuku eskualdun uzkurrak; eskualduntasunaz ahalgeturik, beren herriari eta mintzaiari gibelez edo sahetsez itzuliak; zaharrek utzi on guziekin eskuararen ehorzteari esku eman lezoketenak.

        Batzu etsai, bertzeak uko, goazin gu goraki alde. Ongi ethorri eta milesker gurekin diren guziei.

        Elhe on bat zor diotegu hemen bereziki Eskualtzale biltzarretan barne direnei; deus hanbat ez eginik ere noiztenka elgarretara biltzea baizik zerbait gehiago ari diren batzurekin. Darraikotela lagun; egiazko, zinezko lagun laguntzaile, hitz bateko gizon eskualdun, egin dezaten lan, jarraikiz.

        Diren bezala ere, Bilkura hoiek Frantzian, Espainian, Ameriketan, ja orok zerbeit egiten dute. Dena dela bethi egina egin.

        Bertzalde, zuzen da erraitea: eskual iraultzale hoiek ezpaderamate beren ildoa urrunago eta barnago, eztirela hor eskual buruzagiak hobendun, bainan ba diragazkagun urthe hitsak. Hobendun ere urtheak baino are hitsagoko jaidura erhogarri den bat, Frantziaren eta Eskual Herriaren galgarri: holako edozoin xede oni buruz lan bat edo urhats bat egin behar denean; hari edo huni lerro bat igorri, edo hitz bat erran; gizonak elgarretara bil ala hurbil, bethi eta bethi dohakabe bakar batzuen bizkarrera baitago egiteko den guzia, non ezten behar nonbeit aphaindurik agertu «huna gu», edo mahainean jarri, bazkaiteko.

        Hortakotz othe daude, eskual-egun handietan, hurbildu gabe eskual-langille gehientsuak!!! Bakotxak bere aldi, ez higitzea? Bego; ez altxa hori.

        Zernahi izan dadin, eztu eskuarak, egungo egunean, halako errorik, ez halako bermatzakirik luzaz irauteko, nola eskual etxea, la famille basque. Ezta halako biltzar ez bilkurarik, eskuararen atherbe azkarragorik, ez eta behingo etsaiez axola guti duenik; zahar-gazte, burhaso eta haur; eskual-ginharri, hemen lodixago, han mehexago, den hura orotan bardin zail eta gogor.

        Behereko zolan mamitsuago eskuara, damurik itsuago; ez ohartua, zenbat etsai dituen aiher; ez aiphatu ere behar, gal ditakelakorik.

        Gorago igan argirat, eta begiak idekiago; berek —zauria den baino handiago eginez oraino zenbeitek— eskuara frantsesak ausikika deramala, oraikotik azken hatsetaratzen ari dela gure mintzaia.

        Ez balinba!

        Bitxi dena duzu eta laket eztena: zoin axola gutirekin, hasperen bat ez begilhundura bat gabe dautzuten erraiten eskualdunaren izena merezi ez luketen batzuek; eskuararenak ez duela luzamen laburrik barne.

        Guti dire hola mintzo; gaizkiago dena da, mintzatu gabe, ohartu ere gabe, bizitzea eskuararik ezpalitz bezala.

        Izaitez ezta ere, bazterrerat utzia dutenentzat.

        Alta eskuararen begiratzeko ez litake halakorik, nola orhoitzea: eskualdun sorthu eta Eskual Herrian bizi zarela, eta eskualdunen mintzaia dela eskuara.

        Deus balin bada lur hunen gainean zuzenik, hori da; eta bizkitartean zer dugu ikusten han-hemenka? Eskual Herri bethean, asko etxetarik haizatua eskuara; utzia, edo utzixea, kasik ohartu gabe, edo bederen axolarik gabe; atxikitzekotz ere, sehientzat; bainan jaun-anderek elgarrekin edo haurrekin; etxeko-semeak, etxeko-alabak burhasoekin, gazte lagunekin eskuaraz elhe... beautzue! Lehenago frantsesa jakin gabe murruzka, murtzuka, dakitenen irringarri.

        Beren buruak diren baino gehiago eginik edo ezin eginez dabiltzan batzuena da hori; bainan emagun auzotik auzora doala, batek bertzea kotsatuz: ondorioak ageriko zenbeit urthe gora behera.

        Beharrik eztoazi oro bardin makur. Dakizuena da: Eskual Herriko jauregi, etxe aberatsenetan, ikasienetan bethidanik eta, Jainkoari esker, oraino ere badaukatela, ederraren ederrez, beren haurrak bularretik lekhora lotharaztea, lehen hitz... frantsesari othe? Ez; eskuarari; sort-herriko mintzaiari; eskualdun seme-alabek haurtasuneko ezkila —dorreñoaren itzalean beren lehen eta azken loa egiten ohi duten tokikoari.

        Frantsesaren aldia jinen da; bakotxa bere tenorean.

        Zertako ez erran hemen gure atsegin uste gabekoa, hirian ere hori hola kausitzeaz; eztelarik ere burhaso bat baizik, aita edo ama, eskuaraz mintzo? Parada ona bertzearentzat, ikasteko —eta zoin lagun goxo, gixakoekin!— josteta, burua hautsi gabe nondik has ezin hatzemanez.

        Galdatzen daukute ardura, gure mintzai huni lotzeko eskualderik hoberena. Horra bat hauta; bizkitartean bide erdi ez gelditzekotan; xutik joan-eta lehen aphainduratzat haurrari eman eskuara leinhura maiteño hura ez uztekotan goizegi, ez behin ere galtzerat, hitsagoko batzuek ahalge-arazirik.

        Ezen erran behar da dena; behin baino gehiagotan haizeak derama ttipian ikasi guzia. Zenbatek eztautzute erranen: bortz urthetarik zortzi artean eskuaraz mintzo zirela huts bat egin gabe; hamabi urthetako, arrotz; hemezortzitan, arrunt ahantzia.

        Artetik sarthu hor eskola eta bertze asko zer; oro... salbu hastean hain eskualdun eta iduriz bethi hala izaiteko egin buru hetan jarraikitasun gehixago, haurrak haurrean hartu ona eztezan handitzearekin gal.

        Nola utz ahotik solas hau, hoin laketa, hoin berogarria eskual-arimadun batentzat? Geldi ordu da bizkitartean. Hauk oro batetara doazi: eskualdunak, nahuzue bagiratu zuen eskuara? Begira zozue zuen egoitzetan, etxekoen artean, borda ttipi ala jauregi handi, orotan, bere zuzena: lehen alkia.

        Hain da eder, jende behar bezalakoetan, bizitzen ikasietan ikustea: erdi-erdian dagola jarririk amaxo, etxeko-andere zaharra!

        Onik baizik ez dakarke horrek deusetako.

        Eskuaraz mintza, eta bertzalde ikas eskuara. Ikas, erran gabe doa, toki arau, ahal arau, arte arau. Bainan garbiki, behar du gizonak itsu izan, egundaino pitsik ikusi ez ikasi ez dutenak bezen gibela izan behar du, ez onhartzeko eta ez ohartzeko ere, mintzai bat ikasi eztuenak eztakiela! Zertako loazke bertzenaz eskolarat frantsesaren ikasterat etxean frantsesa baizik aditzen ez duten frantses umeak?

        Ondikotz, ezta urrun joaitearen beharrik, ez hanbat eskuara entzutearen, ez irakurtzearen, eskuz hunkitzeko egunean hamar aldi, eta joiteko buruz, ikaste eskasaren ondorioak; nornahi har dezazun: ez jaun ala ba jaun.

        Etzautzue bada iduri edozoin mintzaik bezenbat eta gehiago gure hunek pizten duela ikasteko gutizia, delakotz ere bertzeak ez bezalakoa?

        Eskoletan erakasten ezteno, beharrago baizik ez bakotxak bereaz egin, ahal duen ber; hitzak bederen apur bat jakin doi, eta hitzen banazkako ala elgarrekilako harat-hunatak.

        Hoik oro eskas, ikasi ez dituenak; ikasi bere mintzaia ere; guziz hura. Hortaz duda!

        Ezpaitu eskuarak bertze mintzaiek bezenbat errextasun eta ontasun ageriko; gogoa baizik alha etzeien asko eta asko zeren izenak berekin ezin eginez lanak emaiten baitauzku; delakotz eskuara —ez othoi erran: ezin heldua, bainan— xuhurra; gutiz bizi; dituen hek atxik tinki eta gorderik; indarka edo itzulika, hurriki baizik ezin edek. Lan bat hor, bere baitharik eztoana, uste nuke!

        Egia hauk eztituzte ukatuko, arrotz eta frantses jakintsun, gure liburu zahar herdoil eta erhauts dariotenetan sarthuak ari direnek, ikas eta ikas. Hor daude guri so —aski segurik derasatela zenbaitek— zoin giren ezazol, arbasoen mintzai azkar ederrari buruz.

        Saminagorik erraiten ezpadatzuete oraino!

        Jakintsun guziak eztire bardin larri; badazkigu aski xeheak, begi onez behatzeko gu bezalakoaren lanari; halako zonbaitek atsegin dukete guk ere ordainez hemen hitz bat erraitea heien alde. Beraz gutartean asti eta ahal dutenak eztagozila orai arte bezen hotz eta motz eskual-argitzale direlakoen alderat.

        Eskuara hunen ohiko goiti-beheiti, xoko-moko guziak ezagutu nahiz dabiltzanei bertze laguntza handirik egin ezpadezoketegu, erakuts bederen esker on gehixago. Zuzen litake; ba eta eskuararen onetan ere, guti bada guti.

        Apez eskualdunei azken hitza; bereziki gaztei. Agian sarri, lehen bai lehen agian, eskuararen begiratzeko, hedatzeko lanari lotuko, jarraikiko direnen artean apezek atxikiko dute zuzenez eta eginbidez doakoten lerroa; lehen-lehena.

        Gu baino dohatsuago izanen dire balinba gure ondotik heldu direnak. Ikusteko ederrik badagoke hoientzat. Ezpalin badaukate behin ikusirik Eskual Herriko eskoletan eskuara frantsesarekin ikasten zoin gehiagoka, batek bertzea poxolatze orde lagunduz, izanen dire berak, apezak, elgarren ikusgarri; frantses eta eskuara, beren bi herrietako bi mintzaietan bardin trebe, sortzetikakorat lerrakorxagoño; bertzeari zuzenki doazken guziak utziz, emanez, den gutieneko zimurkeriarik gabe.

        Har gauzak oro behar diren bezala: gizonki, gozoki, goradanik.

        Eskual-ildoan zango bat barna sartuko duenak eztu nahiko bertze zangoa frantses-ildoan axal gelditu. Eztu hor lan batek bertzea osatuko eta sustatuko baizik.

        Hau aspaldiko ametsa, erranen othe dut? Agian ikusiko dituztela, ditugula Semenario handian eskualdun apezgaiak eskuara hunen zinez ikasteari lotuak. Elitake goizegi. Zer izanen bada eta ez bada, hemen dut buruan, horrek urthe gutiz berea eman lezakela, eta ez bakarrik eskuararentzat.

        Eztirea ja hor gaindi zenbeit iratzartzen hasiak? Iduri berantetsiak; noiz izanen den heien aldi, lerroan jartzeko? Zoin gogotik diotegun erraiten: ongi-ethorri! Zahartzera goazinei darraikigula gazteria. Deusek eztiozka langile akituari hala arintzen begia eta bihotza, nola ikusteak, emeki bada emeki, ondotik heldu goiti gazteak, behin laguntzale, eta geroko ordain.

        Ethor; ez izan lanaren beldur; gure bizia, lana da.

        Iraunen othe du eskuarak luzaz oraino, ala hilen da, eta noiz? Eztakigu; bainan eztugu zeren lokhar, beharriz burukitari: geroak ekarri behar duena dakarla. Geroak emanen du guk edekiko dioguna, eta ez bertzerik.

        Ba naski, eskuararen bizia, osasuna, iraupena, frantsesaren eta bertze askorenak bezala, Jainkoaren eskuetan dire, ba eta gure eskuetan ere; ez geroko bakarrik; orai beretik.

        Bada lan. Ea badenetz langile.

 

Eskualduna, 1909

 

aurrekoa hurrengoa