www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gontzetarik jalgiaraziak
Jean Hiriart Urruti
1891-1914, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gontzetarik jalgiaraziak, Jean Hiriart Urruti (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

Badakigu eskuara

 

        Utz ditzagun egun bazterrerat politikazko solasak. Ah! Zer atsegina, bethi ere uzten ahal bagintu! Bakhan baitugu ordean artea, gure gogorako gauzez... eta gizonez mintzatzeko.

        Egiazki nardagarri da eta okhastagarri egungo eguneko ez-eta-baiak ikhusiz, aste oroz mintzatu behar izaitea. Gogoan duzun hura kasik ezin erran, gerla phiztu gabe. Gogoaren kontra ere alabainan ez nahi mintzatu, asko mintzo diren bezala. Lanak dire. Zer izanen da? Goazin bethi, Jainkoak nahi dueno, eta jo hoberenetik!

        Ez da erraiteko baizik langile guziek astean ortzirale bat balin-badute, guk ere badugula bethi bat, eta ardurago biga. Halere bethi esker eta laguntza baino beltzuri gehiago biltzen... Bainan zer derasat? Egun gaixto anhitzen artean badituzkegu oren on zenbeit ere; hala nola baitire gure sor-herriaz eta sor-mintzaiaz elgarrekin solasean deramatzagunak. Bai Eskual Herriaz eta eskualdun mintzai zahar huntaz herritarrekin solas egitea da gure gozamen gozoenetarik bat.

        Dugun beraz goza zorion hori, ahal dukegun oroz, hala nola egun. Zer nahi duzue erran dezazuetedan eskuara huntaz? Hurbil eta urrun, orotan azkarki aiphatua da eskuara, bereziki azken hamar urthe hautan. Luze edo labur, xuxen edo makhur, asko elhe eta erasia baderabilate gutaz eta gure mintzaiaz gizon argituek.

        Egiazko jakintsunak baizik ez balire mintzo, ongi laiteke; bainan halako baten ondotik zenbat elhe-untzi ez dire ikhusten eta entzuten, deus jakin gabetarik ttar-ttar-ttar ari: hau dela, hura dela.

        Batek erranen dautzu: eskuara dela debruz egin tresna dorphe, makhurrenetarik bat; ez duela hunek arrotzarentzat ez bururik, ez buztanik; nehork neholere ezin ikhasia dela. Zer daki? Deus ez.

        Bertze batek bi begiak eta bi eskuak goitituz eginen derautzu ahotaraka espantu: «zer mintzai gozoa, ederra den eta aberatsa zuen eskuara hori! Nehon ez da holakorik». Zer dakike? Deus ez. Arrotzak bezen arrozki mintzo dire... nor! Hemen bereko semeak asko aldiz. Eskual Herrian sorthuak, hemen haziak, altxatuak, eta bethi hemen bizi direlarik, ez dakite eskuara. Zer eskualdunak! Ahalkerik gabe aithortuko dautzute anhitzek eskuaran baino trebeago direla frantsesean. Eder zaiote eta eskuara utzirik «de parler toujours français» zintzurretikako errrha bat eginez, iduri ez daki norrh eta zerrr badirrrela! Balakite bederen ongi frantsesa? Bainan bat ahanzten dute, edo ahantziarentzat uzten, bertzea ikhasi gabe.

        Badire bertze batzu, oraino beren ustez eskuara dakitenak. Uste dute ere eskuaraz mintzo direla. Bainan zinez derratzuet: bi beharriak tapaturik ihes joangarri da, heien entzutea. Zer eskuara! Nolako hitz eta hizkuntzak!

        Nere herrian ezagutu dut bertze orduz gizon zahar bitxi bat. Ez zelarik zozoa, ez eta ere baitezpada ernea, jostakina zen. Haurrekin latinez mintzatzea lakhet zitzaion gizagaixoari. Alta ez zuen behin ere ez latinik ez frantsesik harek ikhasi. Gogozko latin othoitzak ere bitxiki marruskatzen zituen. Halere ordean gure gizona zernahitaz mintzatzerat ez lotsa latinez. Eta nola? Gauzen izen guziak eskuaratik hartzen zituen eta emaiten zioten ondarrean us bat, ustez eiki us hori aski zela eskuarazko hitz guzien latintzeko.

        Gizona deithuko zuen gizonus; emaztea, emaztus; ogia, ogius; ura, urus... Holaxet egiten zituen izen guziak. Haurkeria zela emazue; bainan zer behar zen gehiago haurren jostarazteko?

        Hori ber-bera da gutartean gerthatzen; ez eskuaratik latinerat bihurtzen ditugulakotz hitzak, bainan ba frantsesetik eskuararat. Behialako xaharrak eskuarazko hitzei latintzeko us hura emaiten zioten bezala dute gutarik anhitzek (bai, anhitzek!) franximant hitz batzuen ondotik ezartzea a bat. Eta gero zernahitarik eskuara eginen derautzute.

        Ez da bakharrik egungo makhurra; ez zorigaitzez! Aspaldikoa da. Holaxet eginak dire hitz frantses-eskuarazko hauk: besta, jileta, pantalona, banka, borta.

        Gure arbaso eskualdunek erraiten zuten soineko hoientzat: gainekoa, eta ez besta, barnekoa, eta ez jileta; galtzak, eta ez pantalonak.

        Artetik erran dezadan, soineko eta oinetako guzien izenak eskuetarik joanak ditugu. Nehork ez du kasik gehiago aiphu gizonentzat gainekorik ez barnekorik, ez manpulisik; ez eta emazteentzat zaiarik.

        Athorra-has gelditzera doa gure eskuara gaixoa. Ezen athorraren izena baizik ez zauku jadanik gelditzen eskuara garbizkorik. Hura galduz geroz, debruak ereman du Manex. Buluz-gorri beharko da ibili, edo españolez, frantsesez eta anglesez aphaindu.

        Horra zertaratuak giren, eta itxura guzien arabera tarrapatan ari dugu eskuara, gure ontasun ederra, eskualdunen bethidanikako mintzaia galtzen edo galtzerat uzten. Hitz asko eta asko baditugu holaxet galdurik. Hala nola gorago aiphatu ditugun hitzak. Bortharentzat arbasoek erraiten zuten athea; bankarentzat alkia; oraino ere izen horrek anhitz herritan badirau. Noiz arte?

        Eta holako zenbat hitz ez ditugu ari ahanzten? Erdi trufaz entzun dut asko aldiz Donibane-Ziburuko aldean zubia deitzen dutela ponta; oilaskoa, pouleta; eta holako bertze bitzikeria... Bainan ez dugu zeren guk donibandarrez trufa. Lapurdi guzian, ba eta ere Garazin eta Xuberoan sarthua da eta orotan hedatzen ari franximanteria. Ez naski orotan bardin; bainan orotan sobera... Banuke, sail huntarik hasiz geroz, zortzi astez erran ahala, eta gehiago; xehetasun handitan sarthu gabe halere! Xehatzen hasiz geroz, non geldi? Egungotzat bedizan aski.

        Gerokoak gero, egun erran nahi nuena hau da: erhotzen naiz, aditzen dudanean askoren ahotik: «badakigu eskuara; gu eskualdunak gira; ez dugu eskuararen ikaste beharrik».

        Hori bera igortzen zeraukun egun zortzi hemenxet eman izan dugun letraren egileak. Alta haren eskuarak bazuen zuenaren beharra! Xutik doi-doia zagoken, maingu bat eskasen gainean dagon bezala.

        Ah! badakizu eskuara, diozunaz, adixkidea? Hobe zuretzat! Ori nik ez dakit nahi nuken bezain ongi. Aspaldiko aditzea dut: bakharrak direla gutartean eskuaraz eskuarari loakoken bezala mintzo direnak.

        Denik ere laborari menditarrek oraino badaukate hein batean oso eta garbirik mintzaia; bainan frantses izpi bat jastatuz geroz, oro hartara doazi. Hobekienik eskuaraz mintzatu behar litazkenak dire makhurrenik mintzo, berek ez dakitela nola.

        Banitzagoke nehor bereziki izendatu gabe, orotaz mintzo naizelakotz eta oroentzat. Bainan zertako ez erran zabal-zabala gogoan dudana? Fraide eta aphez, serora eta errient, beltz ala xuri, ala gorri, ikhasle eta erakasle: zerbeit giren edo behar gintazken guziak barne sarthuz, erranen dut azken hitz: «ez dakigu eskuara. Gure ondokoek are gutiago jakinen dutela beldur naiz».

        Eskuara badoa, gure ez-axolakeriaz. Berriki jaun batek galdatu deraut: zertako nahi diotegun eskuara erakatsi nonbeitko arrotzei? Hari buruz-buru ihardetsi diotana dezaket hemen erran oroentzat: Eskuara erakatsi nahi giniokete arrotzei, huna zertako: zeren eta laster, hemendik zenbeit urtheren buruan ez baita gehiago izanen Eskual Herrian eskualdunik eskuara dakienik; orduan izan dadin Alemanian edo Angleterran, edo mundu zabalean nonbeit norbeit eskuaraz mintzatuko dena.

        Zer erran dut? Berotu zaut burua, eta solasa luzatu, nahi baino gehiago. Barkha... Ez dut hitzemaiten hargatik berriz ez hastea.

 

Eskualduna, 1895-08-30

 

aurrekoa hurrengoa