www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gontzetarik jalgiaraziak
Jean Hiriart Urruti
1891-1914, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gontzetarik jalgiaraziak, Jean Hiriart Urruti (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

Eskuara eskoletan

 

        Hasian hasi, behar othe nitzauzue oraino egun ere mintzatu eskuaraz? Engoitik jaki huntarik asexeak zaretela beldur naiz. Bizkitartean ez nauke gogoan dutana erran gabe laburzki bi hitzez. Gero aldatuko gira solasez.

        Egungo eskoletan asko eta asko ikhasten da, bertze orduz ikhasten ez ginuenik. Badute hor haro eta espantu: hau ikhasten, hura ikhasten dela: ikhasten irakurtzen, ikhasten izkiriatzen, ikhasten frantsesa, ikhasten karkula; ikhasten L'Histoire et la Géographie; et la Grammaire et la Chimie, La physique, la Botanique et l'Astronomie... brrrr! zer ez dute ikhasten egungo eguneko haurrek? Hamar urthetan badakite guk berrogoitan dakigun bezenbat. Uste bederen dute zernahi badakitela. Bainan badut beldur, uste horrek uste gehienek bezala erdia ustela duela, eta bertze erdiaren erdia ere bai.

        Hasteko, nondik nahi duzue hoinbertze gauza sar diten haur baten buruan, zintzatzen ere doi-doia dakiten adinean?

        Behin ere deusetako ez dituzketen jakitate batzuen axaletik ausiki bat jasta... iduri zerbait; eta gero hein batera heltzearekin, kuskua hutsa. Ikhasi beharren zituztenak jakin gabe geldi; hala nola baitire bi gauzarik beharrenak: erlisionea eta sor-herriko mintzaia, egun oroz, nahi eta ez ahoan erabili behar duten mintzaia hura, guretzat eskuara.

        Zer derasaguzu? Erlisioneaz bezainbatean, paso; hura ba, haur guziek behar dute, edo lukete ikasi eskoletan, eskola guzietan; xuri ala gorri, orotan. Bainan eskuara, zertako? Eskualdun ez direnek ez bide dute haren ikhasteko gutiziarik. Hain da gaixtoa, diotenaz, arrotzentzat, debruak berak bere antze guziarekin egundaino ezin ontsa ikhasi baitu!

        Ala eskualdunek dezaten ikhasi eskuara zinduke nahi zuk? —Bai, hori dut galdatzen. Frantsesa ikhastea ongi zaut; ongi baino hobeki. Egungo egunean, bereziki muthikoentzat baitezpada behar den gauza da frantsesa. Ez naski errotik, hitz guziak xuxen. Nork daki hala. Bainan hots, aphur bat; soldadogoako harat-hunatetan buruzagi eta lagunekilakoaren egiteko doia. Bai eta salerospen edo zerbait holakotarik bizi behar duenarentzat gehixago ere on da. On da, behar-orduan letra bat behar den bezala itzulika ahal izaitea. Handik harat, bakharrak dire jakitate gehiagoren beharrik duketenak. Bainan Eskual Herri bethean, eskualdun batzu eskuaraz bi lerroren izkiriatzen ez dakitenak baditazkela ere bitxi zaut.

        Bitxi ba, bainan hala baita; ez ditake ere bertzela izan. Nola nahuzue jakin dezaten ikhasi ez dutena? —Zer beraz? Eskuaraz izkiriatzen ziniokete irakatsi nahi eskualdun haurrei? —Bai naski eta segur halere. —Bainan zertako ikhas sortzetik ja dakitena? Horri nindagon; zerbait holako atheraturen zinautedalakoan. Eta errazue: frantses hiri hoitan zertarat doazi, zuen ustez, haurrak eskoletarat? —Frantsesaren ikhasterat. —Frantsesaren? Bainan haur heiek badakite sortzetik frantsesa, etxean bethi frantsesez mintzo direnaz geroz; burhasoekin ala auzoekin bethi frantsesez. Badakite beraz frantsesa; ez dute ikhastearen beharrik. —Bai, bainan hobeki ikhasteko doazi eskolarat. Ah! hobeki? Eta guk, ez othe ginuke on eskuaratto hunen hobekixago mintzatzen eta bereziki izkiriatzen ikhastea? Hori uste duena, zozo bat da ederra, edo ez-azolatu bat, eskualdunaren izena ere merezi ez lukena.

        Anhitz banuke hemen erratekorik. Bainan alferretan mintzatzea litake. Behinik behin gobernamenduko eskoletan eskuararentzat toki poxi baten galdetzea inutil eta erdi litake. Barkha inutil hitz hori; ez dut hatzemaiten eskuaran solas huni hoin ongi doakokenik.

        Erlisionea bezen kasik higuin dute eskuara eta eskualduntasuna oraiko buruzagiek.

        Bainan girixtino eskoletan bederen, bertze lanak egitearekin, zer gal lezakete haur eskualdunek, eskuara poxi bat moldez izkiriatzen ikhas balezate? Gal, deus ez gal. Irabaz asko, askok uste duketen baino gehiago.

        Bertzeak bertze, ahalgegarri ere bada bakhotxak bere sor-mintzai haren izkiribuz moldatzen ez jakitea. Nonbeitko jakintsun handi batzu buruak hautsiak ari dire gure mintzaia ikhasi nahi. Guk iduri du ez dakigula zer egin, hau ezin ahantziz.

        Hoinbertze nahasmendu eta ez-azolkeriaren artetik nola dirauken hein huntan ere nago harritua.

 

Eskualduna, 1896-10-02

 

aurrekoa hurrengoa