www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gontzetarik jalgiaraziak
Jean Hiriart Urruti
1891-1914, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gontzetarik jalgiaraziak, Jean Hiriart Urruti (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

Hamabi urthe

 

        Hilabethe hunen hamabortzean bethe ditu Eskualduna-k, egunez egun, hamabi urthe.

        Hamabi urthe: ez da baitezpadako adin bat, adin hori, gizonaren biziari so egin-eta. Bizkitartean, hamabi urthez asko itzuli eta goiti-beheiti ikhusten ditu gizonak; ba eta gutiago urthez ere, bereziki egungo egunean. Gauza guziak oro pekoz-gora ez doaziea?

        Gogo eman baginezote xehetasun guziei harri ginintazke, zenbat handi ttipitzen diren eta zenbat ttipi handitzen hamar bat urthez. Zenbat hiltzen eta zenbat sortzen!

        Ez gira mintzo bakharrik gizonez, bainan gizonari doazkon zer guziez. Esku-lan, buru-lan, etxe, bide, lur, argi eta nik dakita oraino zer? Guziak oro... edo bederen, oro ez-bada, gehienak ikusten ditugu goihen-barren itzulikaturik.

        Izaitez ez bada itxuraz, eskuz edo nausiz, bethi oro nolazpeit aldatuz doazi. Batzu onthuz, bertzeak tzartuz; bana bertze, azken hameka, hamabi urthe hautan, onari tzarra, zuzenari makhurra nausitzen ikhusi dugu. Eskualduna-k bethi bere ahala egin du Eskual Herrian zuzenari eta egiari indar emaiteko. Ez alferretan; ezen ez da oraino etsaia orotan osoki nausitua. Anhitz tokitan oraino, Jainkoari esker, herriko buruzagiak, herriko nausigoa daukaten gizonak alde ditugu; heiek ere ba gu. Elgar lagunduz oraino zerbait egin dezakegu, Eskual Herriaren onetan.

        Ez etsi, ez lotsa: zuzenak indar du, nehork uste baino gehiago. Bego zuzenari bide; goiz edo berant, jaliko da hura noiz-bait, non ez dugun haren aldekoek orok batean ukho egiten. Ez dezagun ukho egin; eta segur, azken hitza guretzat izanen da. Guretzat edo gure ondokoentzat. Ezen heietaz dugu, eta ez gutaz guhaurez griñarik handiena. Daukagu, ondokoez orhoituz, geroari buruz ahal dukegun ongi guzia eginez, eginbide bat bethetzen dugula; eta ez hala-hulako eginbide bat, bainan gure eginbide handienetarik bat. Xede hori gogoan, horri buruz deramagu bethi aintzina gure lana. Deusek ez gitu orai arte xede hortarik gibelatu, ez eta ere gibelaturen, Jainkoaren eta adixkide onen laguntzarekin. Deusek: ez batzuen hoztasunak, ez eta bertze batzuen esker gaixtoak. Zenbaitek araiz han-hemenka begietan gituzkete; guk ez dugu, gure ustez, bertze etsairik Eskual Herrian gal-arazi edo bere zuzenez gabetu nahi luketenak baizik. Gaizkia gaizki dela, gezurra gezur dela, zuzen ez dena ez dela zuzen erran dugu bethi; eta bethi erranen ere ba. Hanbat gaixtoago, hunkitua denarentzat!

        Eskualduna lehen aldikotz agertu zenean, zenbaitek zioten: «ez du iraunen; bi urthe gabe hilen da». Bi urtheak joan ziren bertze zenbaitekin.

        Gero berriz gure adixkide deputatuak gorriek garhaitu zituztenean, ohiko profeta berak entzun ditugu erraten: «oraikotik, akhabo Eskualduna. Alabainan, politikan auzia galduz geroz, zertako ager gehiago?». —Zertako? Eskual Herrian ahal dukegun ongiaren egiteko, eta ahal dukegun gaizkiaren ezeztatzeko. Politikari, on-gaitz anhitz darraikio; eta hortakotz da etsaia gehienik politikari aiher. Bainan ez da mundu huntako ez-bai guzia politikan fini. Bada bertzerik. Hor da familia; hor da erlisionea; hor dire mundu huntako ala bertzeko gizonaren zorionari doazkon egiteko guziak. Hoitan da gure sinhestea. Hoik ditugu neholere begiratu nahi, hatsak dirauguno.

        Xede hori gogoan eta bihotzean barna sarthua daukagularik, sartzen gira gure hamahirugarren urthean.

        Oxala, guk bezala, bertze zenbaitek ere, sarrixago gauza bera erraiten ahal balute, gure adinera heltzearekin... heltzen badire!

 

Eskualduna, 1899-03-17

 

aurrekoa hurrengoa