www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gontzetarik jalgiaraziak
Jean Hiriart Urruti
1891-1914, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gontzetarik jalgiaraziak, Jean Hiriart Urruti (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

Hogoigarren mendea

 

        Hogoigarren mendean sartzera goazi. Heldu den astelehen arratsean, gauerdiko hamabiak joitearekin, sarthuren gira hemeretzigarren mendetik hogoigarrenerat.

        Horra beraz hemeretzi ehun urthe betheak gure Salbatzailearen sortzetik hunat. Bertze ehunen buruan izanen dire hogoi ehun, hogoi mende. Hogoigarren ehun-sailari lotzen gira.

        Nork ikhusiko du sail berri hunen bertze burua? Erran nahi baita: lur hunen gainean orai bizi giren hautarik zenbat izanen othe dire oraino bizi, hemendik ehun urtheren buruan? Hogoigarren mendearen hastapena ikhusiko dutenetarik zenbat... hogoi-ta bat-garrena ikhusiko dutenak? Zenbat eta nor? Hori dakiena xuxen, ixilik dago. Bainan bi begiak hetsirik erran dezakegu: egun hautan sorthu berri, azken hoitarik bakharño batzu baizik ez dela geldituren bizi. Hoitarik ere bakharrak; ez, bana bertze, bi miletarik bat; ez eta hurbiltzeko ere.

        Bertze guziak oro itzaliko gira ordukotz; batzu goizxago, bertzeak berantxago, batzu bertzeak baino harrabots gehixago edo gutixago eginik.

        Ba, guziak oro, oraiko zahar eta gazte, on ala gaixto, ttipi ala handi: oro hilak izanen gira; ez bakharrik hilak, bainan ahantziak ordukotz aspaldi; ezeztatuak lur huntarik, egundaino izan ez bagine bezala.

        Dorphe da hori, ez dea hala? Ba eta zuzen. Zuzen da ezen, gu gure aitzinekoentzat bezala izan diten guretzat aldiz gure ondokoak. Nor da orhoit hor-harat gure aintzinean joanak direnez? Nehor guti; noizetik noizera bihotz-altxatze bat egitearekin galdatzen badiogu Jinkoari gure hilentzat urrikalmendu, nonbeit hor. Eta eginbide hori bera ere zenbat aldiz ez dugu osoki ahanzten?

        Nahi badugu bertzeak gutaz orhoit diten, orhoit beraz gu ere lehenagokoez. Egungo egunean begien aintzinean ditugun gizonetarik asko baino anhitzez gizonago zirelakotz ere haukien aintzinekoak, badoakote gure orhoitzapena. Ez dezagun oraiko hautan gure gogoa osoki koka. Beren aldia eginen dute hauiek ere, on bazaiote. Lehengoak bezala eta gu guziak bezala beharko dire hauk ere, beren oihu eta zalaparta guzien buruan, agertu, gaineko Juje handi haren aintzinean.

        Zorigaitz han agertzeko on izanen ez denari!

        Gure orena jin denean eskuak hutsik aurkhitu nahi ez badugu, egigun, ordu deno, gure eginbidea, bihotz onez, lotsatu gabe.

        Gogo-emogun huni: gure oraiko ukhaitza eta egintza guzietarik deus, bainan fitsik deus ez dela gu hil ondoan geldituko gurerik, baizik ere egiten dukegun ongia.

        Ongi guzietarik hoberena, iraunkorrena, menderen mende, Jinkoaren laguntzarekin, iraunen duena da: (orhoit huntaz, burhaso maiteak) haurren ongi altxatzea; gizonki, girixtinoki altxatzea.

        Zueri nitzauzue bereziki mintzo, eskualdun etxeko-jaun eta etxeko-andre gazteak, haurrak oraino ttipi dituzuenak. Haur gaixo hoik maite dituzue, ez da egia?

        Nahi zinukete sarri zahartu-eta hiltzearekin, ikhusi zuen sor-etxea, zuen lurrak, hanbat izerdiz bustitzen dituzuen lurrak, haur hoien eskuetan osorik eta eder gelditzen? Ehun urtheren buruan eta gero bethi aintzina, zuen izena ekhar dezan etxeak bethi; bethi zuen odolak iraun dezan, haurren haurretan, menderen mende, nahi zinukete? Deratxikozue bethiereko iraupenaren hazkurria: erlisionea; haur-haurretik erlisione zinezkoa. Hura da familien eta etxeen begiragarri. Gizonak hilik ere, gizontasunak irauten dueno; ez dugu zeren etsi geroaz.

        Jinkoak digula orori, diola bereziki Eskual Herriari urthe on, mende on!

        Eta guk ere hemen, gure haurraz griña dugula erakusteko, Jinkoak egin beza, hemendik ehun urtheren buruan Eskualdun hau bizi dadin; bethi gazte eta azkar; bethi gero-ta gehiago eskuaraz eskualdunen argitzale!

 

Eskualduna, 1900-12-28

 

aurrekoa hurrengoa