www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gontzetarik jalgiaraziak
Jean Hiriart Urruti
1891-1914, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gontzetarik jalgiaraziak, Jean Hiriart Urruti (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

Nausi eta langile

 

        Egungo eguneko ez-bai, makhurbide handienetarik bat da langileentzat nausiekilako, eta nausientzat aldiz langileekilako... zera. Badakizue zer den zera? Hura eta bera, oro dauzkala, elhe gutiz.

        Egundaino ez dire izan langileak eta nausiak elgarri buruz orai bezen minbera, kexu, bekhoi eta bekhaizti. Bizitzekotz, elgarren beharra baitezpada ukhanki, eta ez nahi elgar lagundu. Bakhotxa bere alde ariz, lan onik ezin egin... Zer diot? Ezin ar, bakhotxa berenaz bere. Elgar laguntze orde, jazartzen badire bata bertzeari, deus onik ez nehorentzat zeren eta orduan, bai bata eta bai bertzea, beren buruari ari baitire harrika.

        Berearekin batean, langilearen ona bilhatzen ez duen nausiak ez du bihotzik; ez ordean bertzeek ere harentzat. Dathorkiola nahigabe bat: hala nola bere egitekoetan herstura bat: nehork ez du halakoa urrikari.

        Orobat langile tzarra, triparen bethetzeaz baizik kexu ez den hura; nolazpeit bere saria biltzen badu, lanaren ongi egiteaz axolarik ez duen langilea; nausiaren sabeleko minaz atx egiten ez duena, langile hitsa; nehork guti nahiko duena bere lantegian.

        Hitz batez: elgarri zinez atxikiak ez diren nausi langileak ez doazke luzaz ongi; ez ongi elgarrekin, ez eta ere bakhotxa berenaz bere. Goiz edo berant leher eginen dute, batek edo bertzeak; eta orobat biek.

        Solas alfer, solas hau, ez dea hala? Askori menturaz iduri zaiokete, bertze deus egun erraitekorik ez ukhanez aiphatzen dugula hau hemen. Zerbeitez mintzatu nahi alabainan... Ez da hori. Aspaldi ezen gogoan dakharkagu nausi-langileen arteko zuzenez eta makhurrez mintzatzea. Bainan bethi zerbeit gibelamendu sorthu zitzaiku. Hau edo hura, ezin utzia.

        Zertako ez aithor, bertzalde, lotsaz egon girela, solas huni lotzeko? Ezen ez daukagu baden bazterretan, hau baino hanbat minberagorik. Ez dakizu nondik ez nola hunki.

        Langileen alde mintzo balin bazira nausiek beltzuri: zertako sartzen ziren heien artean; utz ditzazula ixilik, deus ez dakizula, eta holako.

        Nausien aldea daukazula iduri bazeie, langileak muthur: ez duzunetz jende xehea urrikari; zuzen zautzunetz, nausia langilearen izerdiz gizen dadin, huni bere zuzena eman gabe. Nola mintza ororen gogora? Eta bizkitartean, norat nahi zoazin, hiri hoitarat, bertze solasik entzuten ez duzularik, nola egon, behin bederen hitz bat erran gabe, zauri huntaz?

        Egiazko zauria! Guk hemen Eskual Herrian, ez dugu oraino, Jinkoari esker, gaitz hortarik hanbat, nahiz hemen ere tokitan, asko erraiteko baduketen elgarrez nausi eta langileek. Bainan zoazi hor harat: nonahi, noiznahi, zernahi estakuruz, kalapita gorria dute.

        Jinkoak baitaki, langileen eta nausien arteko hisia tzar horrek zer ondorio ikharagarriak dakharzkeen! Ba eta ja ondorio makhur anhitz ekharri ere badu Frantzian horrek: diru galtze, irabazpide ttipitze, lan gibelatze, gosete, odol-ixurtze... nork erran zer eta zenbat jazarkunde itsusi?

        Eta bizkitartean orainoko iragan hoik oro deus guti dire, sarrixago bizi denak entzun eta ikhus ditzazkenen aldean. Ezen esku-lan guzia lehen ez bezalakatua da osoki. Lehen eskuz eta besoz egiten zena, orai tresnaz; anhitz errexkiago, eta lan gutiagoz, langile gutiagoz, lan arau.

        Tresnaz ari ez denak ez dezake luzaz ihardok; nahi eta ez, ukho egin behar du. Tresnarik hoberenak nausi azkarrenen eskuetan direlakotz, langilea behar da, nahi eta ez, nausi direlakoen eskuetarat erori; heien muthil jarri, on bazaio eta ez bazaio. Esku-langilea nehondik ez dakioke tresna-langileari jarraik.

        Gero, langile multzo bat bere azpiko duen buruzagiak lan gehienak eskuratzen ditu, banazkakoentzat guti utziz edo bat ere ez. Hortakotz, nehon, nehor kasik ez duzu gehiago bere gain ari den langilerik. Dela zurgin, dela hargin, dela tindatzale, zoin ere langileren beharra baitukezu, hamarretarik bederatzietan debalde dukezu langilearengana joaitea, buruz buru. Zoazi nausiarengana. Haren baia gabe ez zautzu langilea jinen.

        Ez du erran nahi hau gaizki dela; batek ala bertzeak huntan bere ona kausitzen dukete. Eta azkenean, on edo ez on, ezinbertzea da.

        Horrela beraz, lan guzia nausi-langilez doanaz geroz, ageri da nausi-langileek elgar ahalaz lagundu behar luketenean, elgarri harrika ari badire; elgarren behar gorria, eta elgar begien aintzinean ezin ikhus; ezin jasan elgar; hots, ageri da deus onik ez dezaketela igurik.

        Alta bada hortaratuak gira; eta gero-ta gaizkiago joaki, bide hortaz. Erran duguna, Eskual Herrian gutienik; bainan ja hemen ere ba guti edo aski; eta bertzetan itsuski.

        Eta bertzetako gaitz gutiz gehienak azkenean gutaratzen; eta gehiago dena, lakhetzen gurekin. Jinkoak begira bagintza bederen huntarik! Bertze aldian ikhusiko dugu, zeri ginauzkeen bertzeen gainera hori sar balakigu.

 

Eskualduna, 1901-05-10

 

aurrekoa hurrengoa