www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gontzetarik jalgiaraziak
Jean Hiriart Urruti
1891-1914, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gontzetarik jalgiaraziak, Jean Hiriart Urruti (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

Hegaldaka

 

        Airean behar othe ditugu ikusi gizonak ibilki xoriak bezala, hegaldaka? Aspaldiko ametsa da.

        Zer diot: ametsa? Ametsak nuen erran behar; ezen amets bat baino gehiago eginik, huni datxikola, joanak dire gure aitzinekoetarik anhitz.

        Mendeak ditu, ohiko liburu zaharren artean zaharrenek diotenaz, ureko arrainen, ba eta ere aireko hegastinen ikusteak eman ziola gizonari gutizia, urean igerika eta airean hegaldaka ibiltzeko.

        Izan omen ziren ere buru bero xoriburu batzu, arrano eta bertze zori handi batzuei ebatsirikako bi hegal bi sorbaldei lothurik ezkoz, eta gero hegal hek besoez erabiltzen ikasirik, xoriek bezala, aphur bat goiti alxatu zirenak; bainan diote iguzkiak ezkoa urtharazirik, hegalez gabetu zirela, biziki gora zoazilarik, eta erori lurrerat piruriketan.

        Lehenbizikoek bizkar hezurra hautsi eta bertzeak lotsatu. Egia edo alegia, erran bat da hori, aspaldidanikakoa.

        Behin ere ez ordean osoki ukho egin gizonek, hegaldaka edo nolazpeit hedoietan gora igaite horri. Amets zaharra bethi berri. Ezin etsi gain hartan leriatzeaz, bazter ikusten ibiltzeko ez bailitake halakorik.

        Haurdanik has, nork ez du hogoi-ta bortz aldiz gogoan erabili: zer atsegina litaken, eta nolako errextasuna, herriz herri, mendi kaskoz mendi kasko, itsasoak eta oro gainez gain iraganez, joan ahal izaitea, herrialde batetik bertzera, haize alde, haize kontra?

        Eskolatuxeak direnek izan dukete, behin edo behin, buruzagiak egiteko emanik lan hau: si j'avais des ailes!

        Hegaldun banintz, zer egin othe nezake, non gaindi, nola ibil? Hortarik haste, gogora jin guziak paperean izkribuz eman eskolako haurrek, bazen pollitik! Edo bazitaken, ametsak egiazko gerthakari bilhakatu ahal izan balire.

        Hartarat othe goazi, edo ja hartan othe gira? Mende bat eta erditsu du, lan handiak derabiltzatela gizon argitu batzuek. Hasi berri den mende hunen aitzinekoan sartzera ginoazilarik, Mont-golfier deithu batek egin zituen aérostats erraiten dioten lehenbiziko balonak: haren beraren izena montgolfiêres eman baitzioten oraino.

        Geroztik hunat halakoen egileak ikasiz doazi bethi. Zerbeit halako zen iragan egun hoitarik batez Pauen iganak goiti, Orzaizen jautsi zirela hiru gizon artho landa baten erdira erran baikinuen, heien balon, zazpi kintal hutsik pizu zituelako hura.

        Ba, bainan huna bertzerik. Aérostats direlakoen orde, —hek aire berotuz edo airea baino arinagoko zerbeitez betherik baitabiltza— huna orai xoriak iduri tresna batzu, hegaldaka dabiltzanak: aéroplan, biplan... nork eta nola eginak baitire, araberako izena dute.

        Zoinek hobeki, elgarri aitzinka, urthetik urthera, egunetik egunera, su dariotela, hortan ari diren gizon biphil batzuz baizik ez da bi aste huntan aiphu. La grande semaine de l'aviation: hitz hoik eta holako badabila gazetataraka egun hautan.

        Gure Frantzia ederrean, Reims hiritik hurbil den ordoki zelhai handi batera zuten hitzhartua elgarrekin biltzea, handik oldarra hartuz igaiteko goiti, zoin gorago, zoin zalhuago, zoin luzazago egon eta ibil airean, hegaldaka; behin goititzearekin itzulia luze, gero labur, iduri gainera heldu beha daudenei: gero berriz igan; berriz jauts, zango orde dituzten errota batzuez lurrari.

        Mundu bat han omen zen ikustera bildua bazter guzietarik: karrosa, beribil, oinezko; frantses, aleman, angles, amerikano. Untziz ethorriak baziren itsaso zabalaz harainditik, jin ahala jin, bertzenaz dabiltzan baino bi, hiru egun lasterrago, beldurrez berantegi hel; baitezpada ikusi nahi «la grande semaine, la grandissime fête de l'aviation».

        Berrehun mila jendez goiti hanxe ibili da ikusten, bizpalau egunez.

        Ikustekoa ere omen zen. Hemen Eskual Herrian bertze orduz pilotari handienen izenak mihi guzietan ziren bezala, eta gehiago, bibaka, esku-zartaka, oihuka zerabiltzaten ahotik ahora: Lathan, Lefebvre, Paulhan, Blériot eta bertze zenbeit, frantses; Farman anglesa; Curtis amerikanoa; orotara frantses gehiago, arrotz baino. Nausi ere frantsesak airean ibiltzen.

        Amerikano Curtis delakoa naski oro baino gehiago zalhutasunez; bainan gureak iraunkorrago. Bi orenetaraino, jautsi gabe, ibilki airean, haizearekin itzulika, borroka beharturik ere arizan; bi orenez ehun eta berrogoi-ta hamar kilometro bide, airez aire, egiterainokoan.

        Prima gaitzak zituzten: lehena berrogoi-ta hamar mila libera; bertzeak araberan. Zerbeit xahutu ahal da hor. Ardit bat ez omen gobernamenduko dirutik. Behar zen sos guzia jaun aberats buru bero batzuek emana zen. Asko tzarkerietan xahutzea baino ederrago eta hobe, zerbeit ikasi nahiz ari direnen sustatzea, gostaia gosta.

        Nork daki, zer ondorio dekarketen hastapen xoragarri hauiek? Beldurtzeko da zenbeitek bizkar hezurra hauts dezaten, haizea ezin garhaituz, edo beren tresna bidean makurturik. Ja bat hiltzer da, tresnari su lothurik. Halere lurrari hurbil zen eta jauzi egin ahal izan du; gorago gerthatu balitzaio, zer itzulipurdia!

        Hor ibili direnetarik bat, Blériot, izana da berritan Frantziatik Angleterraraino, itsasoaren gainez gain; 30 kilometre, egundaino nehork egin etzuena. Gaitzeko pestak egin ere zazkoten anglesek.

        Tresnak aski zail, azkar eta iraunkor egitearekin, uste dukete joan urrunago. Nork daki noraino? Bizi denak ikus. Hein huntaraino ere heldu baitire, zerbeit da. Behinik behin oraiko hauk ez dire bizirik Ameriketarako.

        Ez dauzkate bederen itsas-untziz dabiltzan karga ikaragarriak airez eremanik beren tresnetan. Biziki gauza guti baizik ez omen dezakate tresna hoiek jasan. Beren hazta eta gizon bat edo biena, munduko gorena. Halere, jou! gain hetan ez bide da josteta. Nola dauzken ere, oren osoak, mustupilka erortzeko lanjerean, durduzatu gabe, harrigarri da...

 

Eskualduna, 1909-09-03

 

aurrekoa hurrengoa