www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gontzetarik jalgiaraziak
Jean Hiriart Urruti
1891-1914, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gontzetarik jalgiaraziak, Jean Hiriart Urruti (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

Bizia Baionan

 

        Zonbeit urthe huntan edertuz doa eta hedatuz Baionako hiria.

        Ohiko gerlatiarrek inguruan altxatu harrasi gora lodien barnean aspaldi du etzezakela hedadura gehiago nehorat har. Bethea zen eta da oraino etxez, arroltzea bezala; biziki hertsiegi eta elgarri hurbilegi lantegiak, botigak, bizitegiak.

        Iguzki eta hats eskasez oro elgarren poxolu, guziz tokitan, karrikarik zaharrenetan. Itho nahi. Zer zimitza eta zorri ohantzeak!

        Aire eskasaren gainera emazue hainbertze zoko-mokotan nolanahi bizi direnen usteldura; izanen da berriz ere mathela zuhail-horail, sorbalda sarthu, bulhar galdu, gazterik zahar higatu, hirian.

        Bego kanpaña nausi osasunarentzat.

        Nahiz ez den errex, ari dute bizkitartean harrasien barneko hiria, emeki-emeki garbitzen, argitzen, idekitzen norapeit, ahal arau. Karrika ilhun, itsu batzuetan etxe zahar bat eror dadila bere baitharik, edo erre, hiria jabetzen da parada onean balin badu, lurraz, gostatzen dena gosta; plaza ttipi bat bizpahiru arbolarekin, ithurri bat, pasaia berri bat egiten dautzute, auzoentzat ez baita guti laket eta on.

        Zahar-berrikatzen dituzten edo errotik berri deramatzaten etxeak ere lehengoez bertzerik dire argiz, hatsez, osasunari doazkon zer guziez.

        Bi plaza handi ederrak egin berri dituzte, oro landare, lore, itzalpe, alki, edertuz joanen direnak, arbolak handitzearekin.

        Garatik hirirako bi zubiak ere behar dituzte zabaldu, ez baita goizegi izanen; egun batzuez han ez den harat-hunat, oinezko, zaldizko, suzko herrementeriarik ez baita, noiznahi elgar lehertzekotan.

        Lan hori aspaldi duela hitzemanik beren hitzaren jalek baino segurago eta lasterrago, egin-araziko baitu beharrak, ezinbertzeak.

        Harrasiez kanpo, Sant-Ispirita, Allemarin, San-Leon-eko bazterretan etxe berri hanitz eginik badute; are gehiago egiten hasiak edo hastera joaki; kaputxinetako alde hartarat bereziki azken hamar urthe hautan ez badire berrehun bizitegi eginak, eta nolakoak... Batzu bertzeak baino begikoago. Hetarik hogoi bat, nehongo jauregirik ikusgarrieneri zorrik ez dutenak; batzu arrotzari eskaintzeko urtheko hunenbertzetan; ehunka baino maizago milaka arrandatzen baitute ja askok; bertzek berentzat.

        Nonbeit bada diru, nahiz oro zinkurinaz ari zaitzun... ezin biziz...

        Bizia kario; jan-edan, atherbe, guziak oro odolean behar erosi; eta halere karraskan aphaintzeko, airean ibiltzeko, etxea etxearen gainerat egiteko dirua burrustan nornahik. Oh! ez orok, ez; bainan eskasa dutenek lana bederen badukete; ezpaitire alabainan hok oro berak egiten.

        Bitxi dena duzu hiriaren ingurunean hoinbertze etxe berri; hiri barneko jende gaindia hetarat ixuri behar litakela iduri lukelarik, kokahala betherik baitaude bizitegiak, nor non sar gehiago ez baitukezu kasik zilharretan, ez urhetan ere. Oro mukurru, edo iduri hala direla.

        Puskaz emendatu da jendea, xehe eta larri; bainan gehiago da hemen ari jende xehea, langilea ez baitauke lehen bezen hertsiki; lehen bi barnetan zagozin senhar-emaztek, berez bere edo bizpahiru haurrekin, ez dituzte orai aski, hiru edo lau; jateko edo bisiten errezebitzeko salunak eta oro behar.

        Hau ez da hain makurra heltzen ahal denarentzat, gorputzaren ala arimarendako ez baita on familia bat oro multzoan bizitzea, buhamiak bezala, non ez den hek iduri bilhakatu nahi, edo areagoko, hirian.

        Mintzo dire hiriz kanpo, langile bizitegi batzu, merke eta goxo, aski handi eta garbi, osasundegiño batzu ezin gehiago laketak, egiteaz. Errexago da mintzatzea holako ametsez, obratzea baino.

        Gero zer ez dugu behar ikusi? Baionak eta Miarritzek, etxez etxe, baratzez baratze, itzalpez itzalpe, biek elgar hunkiturik bat egiten dutela ikusiko ditu omen aski luzaz bizi denak.

        Anhartean, sakela hemen gori ez duenak seguru du parabisuko zoriona baino maizago ikustea... debrua, ezin biziz.

        Oro gainez gain kariotuz doazi; orotako gehienik aloimenduak. Bospasei barne exkax, karrika hits batean, pagaraziko daitzute, kanpañan etxalde on bat bere lurrekin bezenbat; hiru, lau, bortz, sei ehun.

        Ez dakite aski zer galda nausiek.

        Urthatsez heldu zaitzu, irri zuri bat ezpainetan: «Urthe on —Bai zuri ere. —Je vous apporte pour étrennes, cent, deux cents, tris cents francs d'augmentation du loyer —Baduzuia burutik? —C'est à prendre au à laisser. —Bonjour. —Bonjour monsieur».

        Zer eginen da? Behar da baietz ihardetsi, edo joan, antzara ferratzerat. Batek hiru ehun... bertzeak bortz bardin galdatuko daitzu.

        Jaun bat egun hoitan bere botigaren bortha alhazean zagon, kopeta zimurrik. Galdatzen diot: «Zer duzu kara ilhun hori? —Bazinaki!... Ikusten duzu magasina hau; zeren den paradan, bi mila libera pagatzen nuen. —Eta zer duzu, koñita ukan? —Ez; barda izan zaut nausia, mila liberaz emendatzen; bainan hitzemaiten dautalarik (erdi trufaz) bizi deno ez dautala gehiago emendatuko.

        «Orok toki hauk huts ditzagun merezi lukete diren bezalakoek. —Eta ez diozu deus erran? —Zertako? Ala irri egin zezadan sudurrera? Goazin ahal duguno. Leher egiten dugunean, ez dire nausiak ere ezteietan izanen».

        Badakit estai bat, bi zathitan aloitua: zathi ederrena, handiena emendatu diote han dagon andere adin handiko bati sei ehunetarik berrehun gehiagoz; ttipiena, hitsena, gibel batetarat dagona, bi haurrekilako senhar-emazte lanetik bizi diren batzuri, berrehunez... bertzeari bezala.

        Arauka galdatzen ere ez dakite. Ahora jina erran, eta kontent ez dena doala fuera kanpo.

        Handienetarik bat, ezin sinetsizkoa da: parada gaitzeko tokian taillur batzuek hemezortzi ehun libera pagatzen zutena. Zapetaria eder batek hartu du... zuen ustez zonbatetan?

        —Nork daki? Bizpahiru miletan othe?

        —Ba, zera! Bortz mila eta bortz ehunetan.

        Hartu duena erhoa ez balin bada, zer irabazi ez dio eman behar zapetak? Parea 50, 70 liberaz goitikoak omen dire. Araberan gostaiak ere ba ordean. Aloimendu horren araberako patanta sehi-muthilak eta oro pagatuz, zer soma izigarria ez da heldu urthearen buru batetik bertzera?

        Miarritzen egin zuten holatsuko jauzi bat, goiti, duela zonbeit urthe aloimenduek; ba eta urthe laburrik barne, beheiti ere bertze bat, ez ttipiagoa.

        Ikusiko. Behin gorapenean gira; estakurua dute nausiek: bizia kario dela. Egoiliarrentzat ez othe? —Zergak emendatu diozkatela —Nori ez?

        Batek egun hoitan erraiten zaundana nihauri, bizitegi batez solasean ginelarik: «Zer nahuzu? Zubien zabaltzeko edeki dazkidate 67 libera. —Ba eta eni 40 sos. —Ikusten duzu; ez da zuzen; ez da bardin. —Egia zuk, jauna; hamar bat egoiliar baititutzu, khen-ozute bakotxari ehuneko bat —edo zertako ez berrehun gehiago? Bakotxetik urthean berrehun libera jalgiz, hatzemanen duzu behin aldi bat emaitea behartu zautzun 67 liberakoa». —Hori erranik, hantxe utzi dut ene gizona irriz. Puska on bat da gaizoa. Pentsa zer juduak ahal diren bertze batzu!

 

Eskualduna, 1912-07-05

 

aurrekoa hurrengoa